‘Kirol bidean’ gazteentzako programak 584 plaza eskainiko ditu udazken-negu denboraldiko 28 jardueretarako
- 12 eta 30 urte bitarteko pertsonek diziplina berritzaileak probatzeko aukera izango dute, hala nola eskrima historikoa eta kirol-eskrima, tiro pneumatikoa edo urpekaritza-bataioa
- Jarduerak larunbat eta igandetan egingo dira, abendutik martxora bitartean, eta izena emateko epea azaroaren 11n, asteartean, irekiko da, 08:30ean
Udal Kirol Zerbitzuak antolatzen duen eta 12 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dagoen ‘Kirol bidean’ programak, lehen aldiz, eskrima historikoa eta kirol-eskrima, tiro pneumatikoa eta urpekaritza-bataioa diziplinak jasoko ditu bere eskaintzan. Udazken-neguko denboraldia abendutik martxora bitartean egingo da. Guztira 28 jarduera eta 584 plaza egongo dira. Izena emateko epea azaroaren 11n, asteartean, irekiko da, 08:30ean, eta aurrez aurre edo Udalaren webgune bidez egin ahal izango da.
Ana López de Uralde Kirol eta Gazteria zinegotziak nabarmendu duenez, “Kirol Zerbitzutik jardueren eskaintza berritzeko egin dugu lan, gazteak kirol-diziplina berrietan has daitezen, baina gehien eskatzen dituztenak egiteko aukera ere emanez. Helburua da hainbat modalitate ezagutzea, aire zabaleko kirolaz gozatzea eta sozializatzea.
Hiru jarduera horiek gehituko zaizkio kirol hauen eskaintzari: snowboarda, elur-erraketak, neguko mendi-teknika, eski nordikoa, espeleologia, izotz gaineko kirolak eta kirol-eskalada.
Jarduera guztiak abendutik martxora bitarteko larunbat eta igandetan egingo dira Arabako Lurralde Historikoan, elurrarekin zerikusia dutenak izan ezik (snowboarda, elur-erraketak, neguko mendiko teknika eta eski nordikoa). Horiek Candanchun (Huesca) eta Larra-Belaguako (Nafarroa) estazioan egingo dira. Tiro pneumatikoko jarduera ‘Las Colinas’ Tiroko Kirolgunean egingo da; esgrima, berriz, Salburua gizarte-etxean egingo da, eta urpekaritzako bataioa Abetxukuko igerilekuan.
Izen-emateak
Izena emateko epea azaroaren 11n, asteartean, irekiko da Udalaren webgunearen bidez eta aurrez aurre, gizarte-etxeetan, udal-kiroldegietan eta Udaleko Gazteen Informazio Bulegoan.
Snowboardeko eta eski nordikoko jardueren eskaera handia dela eta, urte honetatik aurrera izen-ematea txandakako denboraldietara mugatuko da eta bi denboraldiz behin parte hartu ahal izango da.
Udalaren kirol-instalazioetako abonatuek 1,21 eta 40,65 euro artean ordaindu beharko dute. Aldiz, gainerakoek 3,03 eta 67,76 euro artean ordaindu beharko dituzte (bi kasuetan, jarduera motaren arabera).
Kartela (PDF)

