Gasteizko Udalak ‘Badago, eta kito’ kanpaina jarri du abian azaroaren 25aren harira
- Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko programazioak antzerkia, tailerrak, mahai-ingurua, topaketa eta hitzaldia barne hartzen ditu
Azaroaren 25ean Emakumeen aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna izango dela eta, Berdintasuneko Udal Zerbitzuak hilabete honetarako kultur jardueren egitarau oparoa antolatu du. Gune nagusia Emakumeen Etxea izango da, baina Jesus Ibañez de Matauco Antzokira eta Gazte Labe Laborategira ere iritsiko da.
Halaxe iragarri du Ana López de Uralde Berdintasun zinegotziak gaur goizean egin duen prentsaurrekoan. Bertan, azaroaren 25aren aldeko udal-kanpainaren berri eman du. “Aurten, emakumeen aurkako indarkeriaren diskurtso ukatzaileetan eta indarkeria hutsaltzen dutenetan jarri nahi dugu arreta, diskurtso horiek indarkeria matxistak ere badirela uste baitugu”, adierazi du Ana López de Uralde Berdintasuneko zinegotziak.
“Vitoria-Gasteizko Udaletik diskurtso horiei modu irmoan erantzun nahi diegu, azaroaren 25erako, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunerako, aukeratu dugun leloarekin: ‘Badago, eta kito’. Izan ere, emakumeen aurkako indarkeria existitzen dela eta ezin dela ukatu baieztatzeko, ez da azalpen gehiagorik behar”, gaineratu du.
Jardueren programa
Azaroaren 25erako antolatutako ekitaldien egitarauari dagokionez, datorren asteartean, azaroaren 11n, hasiko da ‘Masculinidades jóvenes en transformación. Entre el compromiso y la reacción’ hitzaldiarekin. Emakumeen Etxean izango da, 18:30ean.
Gainera, azaroaren 12an eta 19an, Berdintasun Zerbitzuak lantegi bat antolatu du 12 eta 26 urte bitarteko gazteentzat, Kai Nakaik eta Itziar Naclares de Gamboak dinamizatuta. 17:30ean izango da, Emakumeen Etxean. Bertan, parte-hartzaileek beren harremanei buruz hausnartuko dute, batez ere sexu-afektibitateei buruz, eta sentitzen dutena islatuko duten bideo laburrak sortuko dituzte sareetan argitaratzeko.
Eta azaroaren 20an, ostegunean, ‘Las consecuencias (in)visibles de las guerras: mujeres y medioambiente’ mahai-ingurua egingo da Emakumeen Etxean. 18:00etan izango da. Zuriñe Rodriguezek eta Alberto Coronelek gatazka armatuetan ikusezin egiten dizkiguten ondorioak aztertuko dituzte, emakumeengan eta ingurumenean duten eragina azpimarratuz.
12 eta 26 urte bitarteko gazteek beste hitzordu bat izango dute azaroaren 21ean, ostiralean, ‘Sé LIBRE izan nonahi’ topaketan. Kai Nakai, Julen Collazo, Leo Buerberi, Xsakara eta Zuriñe Hidago bezalako artisten laguntzarekin musika eta harreman sexu-afektiboak landuko dituzte besteak beste. Bertan, azaroaren 12an eta 19an egindako tailerrean sortutako “reelak” ikusi ahal izango dira, eta potentzia handienekoak sarituko dituzte.
Eta azaroa amaitzeko, larunbatean, hilaren 29an, Autodefentsa feministako tailerra egingo da 18 eta 30 urte bitarteko neska gazteentzat, Gazteriaren Udal Zerbitzuaren laguntzarekin. 10:00etan izango da, Gazte Labe Laborategian.
Programazioari amaiera bikaina emateko, Jesus Ibañez de Matauco Antzokiak (Hegoalde Gizarte Etxea) ‘Casarse por papeles es… verdad amor!’ antzezlana eskainiko du abenduaren 1ean, astelehenean, 18:30ean. Magy Castillo da lan horren zuzendaria. Antzezlan honek zaintzearen erromantizismoa birkokatzera bultzatzen du, eta sare afektiboaren indarra, sormena bizirauteko arma gisa, samurtasuna eta asaldura ditu hizpide.
“Gasteizko Udalak azaroaren 25aren harira antolatutako jardueretan parte-hartzera gonbidatzen ditugu herritarrak. 2025 honetan hori ere argi utzi nahi dugu: emakumeen aurkako indarkeria BADAGO ETA KITO”, animatu du Berdintasuneko zinegotziak.



