Udalak aplikazio bat Udalak aplikazio bat jarri du martxan udal-hilerrietan hildakoak aurkitzekoarri du martxan udal-hilerrietan hildakoak aurkitzeko
- Sistemak aukera ematen du, QR kode baten bidez, Santa Isabel eta El Salvador hilerrietako hilobiei buruzko informazioa eta horien kokapena biltzen dituen bilatzailera sartzeko
Beatriz Artolazabalen adierazpenak (mp3)
Espazio Publikoaren eta Auzoen sailak aplikazio digital berri bat aurkeztu du gaur. Horri esker, Santa Isabel eta El Salvador udal-hilerrietan ehortzita dauden hildako pertsonak azkar, erraz eta modu bisualean aurkitu ahal izango dituzte herritarrek.
Administrazioa Modernizatzeko Sailak garatutako sistema gaur bertan jarri da martxan, Santa Isabel hilerriko sarreretan eta El Salvador hilerriko kaleetan QR kodeak instalatzen dituztenean. “Tresna praktikoa, intuitiboa eta irisgarria da. Horri esker, familiek beren senideak errazago topatu ahal izango dituzte eta gure udal-hilerrien kudeaketa hobetuko du”, adierazi du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak.
Aplikazioaren funtzionamendua oso sinplea da. Edonork eskaneatu ahal izango du QR kodea bere telefono mugikorrarekin edo tabletarekin, eta horrek automatikoki Udalaren webgunera bideratuko du. Bertan, erabiltzaileak nahitaezko bi eremu sartu beharko ditu: hildakoaren izena eta abizena. Kointzidentzia bat baino gehiago dagoen kasuetan, sistemak heriotza-data gehitzeko aukera eskainiko du bilaketa doitzeko.
Erregistroa aurkitu ondoren, aplikazioak informazio-fitxa osoa erakutsiko du. Honako hauek jasoko ditu fitxa horrek:
- kalea edo etxadia,
- letra eta zenbakia,
- heriotza-data, eta
- hilerri barruko kokapen zehatza jasotzen duen mapa.
“Sistema oso bisuala eta erabilerraza da. Nahikoa da kodea eskaneatzea eta bi datu betetzea. Segundo gutxian, informazio guztia eta bisitaria orientatzen duen mapa azaltzen dira”, azaldu du zinegotziak, eta erakustaldi praktikoa egin du jendaurreko aurkezpenean.
Zerbitzu berri hori udal-hilerrietako erregistroak digitalizatzeko eta informatizatzeko aldez aurretik egindako prozesuari esker bideratu da. Gaur egun, Udalak 1850. urtetik dauka informazio historikoa jasota, hau da, 144.000 erregistro informatizatu eta irisgarri baino gehiago ditu.
Artolazabalek espresuki eskertu nahi izan du Modernizazio Sailak egindako lana, sistema garatu baitu. Bestalde, erregistro historikoak berrikusten eta eguneratzen parte hartu duten udal-langileen laguntza ere eskertu du.
Zinegotziak azpimarratu duenez, alde teknologikoaz harago, aplikazio horrek giza elementu handia du; izan ere, “norbaitek maite duen pertsona baten atsedenlekua bilatu nahi duenean, ez du bulegoz bulego ibili nahi, ezta plano zaharrak kontsultatu nahi ere. Erantzun azkarra, zehatza eta errespetuzkoa nahi du. Eta horixe bera da eskaini nahi izan duguna”.