Alkateak eta Pedro Sánchezek alokairu babestuko etxebizitzen 152 familia esleipendunetako bat bisitatu dute Salburuan
- Etxebizitzek aurrezki energetiko eta ekonomiko handia bermatzen dute Salburuko familientzat, eta bertan izan dira Etxebizitza ministroa, Eusko Jaurlaritzako sailburua eta Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria ere
Vitoria-Gasteizko alkateak, Maider Etxebarriak, eta Espainiako Gobernuko presidenteak, Pedro Sanchezek, familia onuradun bat bisitatu dute gaur goizean, Etxebizitza ministro Isabel Rodriguezekin, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasorekin eta Gobernuko ordezkari Marisol Garmendiarekin batera. Familia horrek Visesak Salburua auzoan eraikitako alokairuko 152 babes ofizialeko etxebizitzetako bat jaso du. Bisita azalpen tekniko batekin hasi da, eta ondoren, eraikinean zehar ibili diren agintariak familia esleipendun batekin bildu dira.
Alokabidek kudeatutako eta Iliada ibilbidean kokatutako alokairuko babes ofizialeko 152 etxebizitzen bizitegi multzoan 16,5 milioi euroko inbertsioa egin dute. Zenbateko hori, gainera, 17,7 milioi eurokoa da sustapenaren zeharkako gastuak, egitura-gastuak, finantza-gastuak eta zergak batuz gero. Zenbateko horretatik, 6,81 milioi euro Next Generation EB funtsetatik datoz; hau da, sustapenaren kostuaren % 38,44ko laguntza jaso du.
Salburuko sustapenak A kalifikazio energetikoa du, lehen mailako energia ez-berriztagarriaren kontsumoan eta CO₂ emisioetan. Beste nolabait esanda, eraikinek, batez beste, urtean 36 kWh/m² baino gutxiago kontsumitzen dute, eta urteko isuriak 6 kg CO2/m² baino gutxiagoak dira. Ondorioz, eraginkortasunari dagokionez estandar zorrotzenak betetzen dituzte.
Era berean, eraikuntza arloko jasangarritasuneko eta modernitateko parametroen arabera diseinatu da jarduketa. % 100ean sustapen elektrikoa da, erregai fosilik gabea. Aireztapen mekanikoa du, fluxu bikoitzekoa, beroa berreskuratzeko gailuarekin, barruko airearen kalitatea eta erosotasuna hobetzeko. Lotutako urbanizazioarekin eta kalitatezko espazio komunekin hiri-itxitura du; eta eraikuntza-soluzioak integratzen ditu, energia aurrezten laguntzeko eta familia esleipendunen karbono-aztarna murrizteko.