Noticias del País Vasco

Alemaniako bidaia-kazetariek Gasteizko eta Arabako baliabide turistikoak ezagutu dituzte

  • Ekintza lurraldea eta hiriburua Alemanian turismogune gisa sustatzeko kanpainaren barruan sartuta dago

Bidaietan espezializatutako kazetari alemaniarrek Vitoria-Gasteizko eta Arabako baliabide turistiko nagusiak bisitatu dituzte aste honetan, Europar Batasuneko herrialderik jendetsuenean Gasteizko eta Arabako ondare naturala, historikoa eta enogastronomikoa ezagutarazteko asmoz Foru Aldundiak eta Udalak abian jarritako ‘EntdeckenSie Álava’ sustapen-kanpainaren barruan. Alemaniako ordezkaritza Espainiarako bidaiak merkaturatzen espezializatutako enpresa batek ere osatu du.

Prentsa tradizionaleko eta bidaietako, gastronomiako eta enoturismoko onlineko komunikabideetako profesionalek eta enpresa horretako arduradunek, besteak beste, honako hauek bisitatu dituzte: Gasteizko Erdi Aroko Almendra, Santa Maria katedrala eta BIBAT Museoa barne; Añanako Gatz Harana; Erdi Aroko hiribilduak eta Arabako Errioxako upategiak; eta Aiaraldeko eta Arabako Mendialdeko paisaia ikusgarriak. Hainbat esperientzia gastronomikoz gozatzeko aukera ere izan dute.

Turismo arloko eragileei zuzendutako bidaia hori Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak lurraldearen eta hiriburuaren eskaintza turistikoa Alemaniako bidaia-agentziei, turoperadoreei eta prentsari aurkeztu eta hilabetera antolatu da. Aurkezpen hura Hanburgo hirian antolatutako ekitaldian egin zuten. Bi ekintza horiek ‘EntdeckenSie Álava’ kanpainaren parte dira. Kanpaina horren helburua da Alemaniako bidaiariak erakartzea eta biztanle kopurua, turisten tipologia eta gaitasun ekonomikoa direla eta estrategikoa den merkatu horretan haztea.

Kanpainak jarraipena ematen die Europako merkatu estrategikoetan, hala nola Frantzian, Italian, Belgikan eta Portugalen, azken urteotan garatutakoei. Horien helburua izan da atzerriko turismoaren eragina indartzea eta Araba kalitatezkoa, jasangarria eta irisgarria den turismogune gisa indartzea.

Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi María Nanclaresek adierazi duenez, “Gasteizek lotura estua du Alemaniarekin industria arloan, eta orain turismoaren sektorera eraman nahi dugu lotura hori. Arabako hiriburuak zein lurraldeak kalitatezko aisialdi-, kultura- eta turismo-eskaintza eskain diezaiekete alemaniarrei. Eskaintza hori tradizioz alemaniarrak Espainiara erakarri izan dituen hondartzako eta eguzkiaren turismoaz harago iristen da. Turista alemaniarrak ondarean, naturan, gastronomian eta gure tradizioetan interesatuta iristen dira gure hirira, eta azpimarratu behar da haien aurreikuspenak aise betetzen ditugula”.

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru-diputatuak azaldu duenez, “Frantzian, Italian, Belgikan eta Portugalen ezarritako lehen helburuak lortu ondoren, gure ondare, natura eta enogastronomiako eskaintza Alemanian ezagutarazten ari gara, Arabako turismo-enpresentzat potentzial handia duen merkatua baita. Alemania da Europar Batasuneko herrialderik populatuena 85 milioi biztanlerekin, munduko bosgarren herrialdea da BPGan eta biztanleko errenta 66.000 dolarretik gorakoa da”.

Gehitu duenez, “ziur gaude Alemaniako merkatuan hazteko tartea dugula, gure eskaintzak ezin hobeto erantzuten baitio natura, enogastronomia eta, batez ere, turismogune baten benetakotasuna eskatzen duen bidaiari mota bati”.

Nazioarteko sustapen-ekintzak Frantziako hegoaldera ere zabaldu dira aurten. Hain zuzen ere, Arabako ordezkaritza bat ‘La Ola’ topaketa profesionalean izan zen irailaren erdialdean, Okzitaniako Tolosan. Bertan, Lurralde Historikoko eskaintza turistikoa era askotako bidaiariekin (MICE; kultur turismoa, taldeak eta abar) lan egiten duten bidaia-agentziei eta profesionalei erakusteko aukera izan zuten.

Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia pandemiaren amaieratik bultzatzen ari diren turismoa sustatzeko estrategia oso emaitza positiboak izaten ari da Europako merkatu estrategikoetan ekintza zuzenak eginez. Hala, Arabako ostatuetan atzerriko bidaiarien sarrerak eta gaualdiak % 37 eta % 53 ugaritu dira, hurrenez hurren, azken bost urteotan.

 

Share

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies