Jorge Moro nazioarteko dantzari gasteiztarrak hitzaldiak emango ditu gaur eta bihar José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan
- Prestakuntza Uruñuelan jaso zuen eta gaur egun bakarlari gisa ari da Hesseko Estatu Balletean, nazioarteko koreografo garrantzitsuenentzat dantzan
Jorge Moro dantzari gasteiztarra José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan izango da gaur eta bihar. Moro dantzari bakarlaria da gaur egun Hesseko Estatu Balletean (Alemania), baina bere jaioterrira egindako bisita honetan ez du ahaztu dantzaren munduan lehen pausoak eman zituen zentroa. Hala, Kontserbatorioan dagoen bitartean, hitzaldiak eskainiko dizkie Ikasketa Profesionaletako ikasleei; gaur 5. eta 6. mailetan daudenei, eta bihar 1., 2., 3. eta 4. mailetan daudenei.
“José Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioak nazioartean ibilbide arrakastatsua izatea lortu duten hainbat ikasle ohi ditu. Jorge Moro da horietako bat. Dantzari horrek Vitoria-Gasteizen jaso zuen prestakuntza, eta orain nazioarteko koreografo garrantzitsuen deia jasotzen du. Zalantzarik gabe, Uruñuelako ikasleentzat eredu da. Ziur nago asko ikasiko dutela hitzaldi horietatik, eta lehen eskutik ezagutu ahal izango dituzte dantzari profesional arrakastatsu baten bizipenak eta esperientzia profesionala”, adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.
Jorge Moro, dantzaria
Jorge Moro Argote Gasteizen jaio zen eta bere prestakuntza Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan hasi zuen. 2013an, Frankfurt am Main Musika eta Arte Eszenikoen Unibertsitatera joan zen eta han Marc Spradling-ek, Nora Kimball-ek eta Andrea Tallis-ek emandako eskolak jaso zituen. Ikasten ari zela, katalogoa garatu zuen William Forsythe, Regina van Berkel, Ivan Pérez… eta beste hainbatentzat.
Hasiera batean, Hesseko Estatu Balletaren gonbidapena jaso zuen eta gero, 2017/2018 denboraldirako, modu iraunkorrean kontratatu zuten. Ordutik, nazioarteko panoramako koreografo garrantzitsuenentzat egin du dantza: Hofesh Schecter, Sharon Eyal, Damian Jalet…

