Araba Ekinean ekimenak 2026ko edizioa aurkeztu du, lurraldeko ideiak, proiektuak eta ibilbide ekintzaileak sustatzeko, ikusarazteko eta goraipatzeko apustua eginda
- Aurtengo gai nagusia Ekintzailetza Kutsakorra da. Ardatza da ekintzailetza adibideak plazaratzea eta aintzatestea, duten eragina zabaltzeko, bai eta “efektu biral” hori sustatzen duen ekosistema ekintzaile bat egotea ere.
- Jarduerak urte osoan zehar egingo dira. Urteko lehena joan den urtarrilaren 28an izan zen: Eskola Enpresen Azoka. Bertan 73 negozio ideia aurkeztu zituzten Arabako Lanbide Heziketako ikasleek.
Araba Ekinean ekimenak gaur aurkeztu du 2026ko jardueren programa. Edizio honekin, 23 urte bete ditu lurraldean ekintzailetza sustatu eta bultzatzen, eta horri esker Araban jarduera horrekin lotutako eragileen eta ekimenen erreferente eta bilgune bihurtu da. Gaur, prentsaurreko batean, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak —SPRI Taldearen eta BIC Arabaren bidez— eta Vital Fundazioak 2026an ‘Ekintzailetza kutsakorra’ izenburupean egingo den sariketaren xehetasunak aurkeztu dituzte.
Ideia nagusi horrekin, Araba Ekinean programak nabarmendu nahi du gure lurraldeko ekintzaileengan jarri behar dela arreta, laguntza eman behar zaiela, haien berri zabaldu behar dela eta goraipatu behar direla, haien ereduak «kutsatu» ditzan negozio ideia bat abian jartzeko aukera aztertzen ari diren beste pertsona batzuk.
Ideia horrekin batera adierazi nahi da zein garrantzitsua den Arabako ekintzailetza ekosistema; izan ere, gaur egun dauden eragile, laguntza, espazio eta ekimen ugariek aparteko haztegia osatzen dute proiektu ekintzaile berriak abian jartzeko.
Aurtengo edizioaren xehetasunak azaldu dituzte gaur, Gasteizko Udalaren Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoko zinegotzi María Nanclaresek, Arabako Foru Aldundiaren Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren diputatu Saray Zaratek, Eusko Jaurlaritzaren Ekintzailetza eta Nazioartekotzearen zuzendari Ane Miren de Ariñok eta Vital Fundazioaren zuzendari exekutibo Idoia Aguillok. Urtarrilaren 28an hasi zen Eskola Enpresen Azoka, eta gaur iragarri dituzte udaberrian egingo diren ekitaldi nagusiak.
Ideien lehiaketa, 11 sarirekin
Sariketa honen ekintza nagusietako bat Zure ideiak balio du lehiaketa da. Aurten 22 urte beteko ditu. Gaurko aurkezpenean lurraldeko ideia eta proiektu ekintzailerik onenak saritzen dituen lehiaketa honen 2026ko edizioa abiarazi da. Guztira, 11 sari izango dira, eta 10.000 euro baino gehiago emango zaizkie sarituei, hainbat erakunde babesleren laguntzari esker: Vital Fundazioa, Aclima (Ingurumenaren Euskadiko Klusterra), Gasteiz ON, Eroski, Michelín Fundazioa, i+Med, RPK, Deustuko Unibertsitatea, Mobility Lab Vitoria-Gasteiz eta Data Value Management.
Hauek dira 2026ko edizio honen kategoria nagusiak:
- Ideiarik onenaren Vital Fundazioa Saria.
- Ideiarik jasangarrienaren Aclima saria.
- Gasteiz ON merkataritza eta turismo saria.
- Nekazaritzako elikagaien ekimenik onenaren Eroski saria.
- Industria ekimenik onenaren Michelin Fundazioa saria.
- Osasunaren arloko ekimen onenaren i+Med saria.
Kategoria nagusi horietaz gain (1.000 euroko saria dute guztiek), beste hainbat sari berezi eta metagarri emango dira, eta proiektuek horietako bat irabazteaz gain, beste batzuk ere eskura ditzakete:
- Enpresen eraldaketa sozialerako RPK sari berezia.
- Vitoria-Gasteiz Mobility Lab sari berezia, mugikortasun eta logistika jasangarria bultzatzeagatik.
- Deustuko Unibertsitatearen sari berezia, Deusto Emprende berrikuntza eta ekintzailetzako unitatearen bidez, aurkeztutako proiektu onenari.
- Data Value Management Sari Berezia, Adimen Artifiziala (AA) hobekien txertatzen duen proiektuari.
Berriro ere, sari berezi horietako bakoitza 1.000 eurokoa da, eta beste sari berezi bat dago: Publikoaren Sari Berezia, 300 eurokoa, finaleko ideien aurkezpenera bertaratutako publikoak aukeratuko duena.
Eskaerak egiteko epea zabalik dago jada, eta martxoaren 13ra arte luzatuko da. Oinarriak alavaemprende.com webgunean daude aztergai. Lurraldeko eragile ekintzaileek osatutako epaimahaiak apirilaren hasieran aukeratuko ditu finalistak, eta sarketaren prozesuak ekitaldi bat ere izango du hautatutako proiektu horiek iragartzeko, defentsa publikoa egiteko eta aurkezpen horien arduradunentzako prestakuntza espezifikoa emateko, horrela beren ideiak sintetizatu eta beren proiektua defendatzeko konfiantza handiagoa izan dezaten.
Maiatzaren lehenengo hamabostaldian, ideia finalistak aurkezteko ekitaldia egingo da “Zure ideiak balio du” lehiaketaren XXII. edizioan. Ekitaldi horretan, ekintzaileek 5 minutu edukiko dituzte publikoaren eta epaimahaiaren aurrean beren ideiak azaltzeko eta, hala, beren proiektuek saria merezi dutela erakusteko. Ekitaldia herritar guztientzat irekita dago, baina aldez aurretik izena eman behar da alavaemprende.com webgunearen bidez.
Nabarmentzekoa da lehiaketa horretatik 1.000 ekimen ekintzaile inguru igaro direla bere historian zehar. Ekimen horiek Arabako biztanleen ahalmen sortzailearen eta berritzeko gaitasunaren adibide dira, adin guztietako pertsonak baitira eta askotariko esparruetako proiektuak baitituzte.
Ekintzailetzarako orientazioa eta inspirazioa dira Ekin Day-ren ardatz nagusiak
Urtero bezala, Ekin Day izango da Araba Ekinean ekimenaren jardunaldi nagusia. Oraingo honetan, maiatzaren 21ean egingo da, Europa Jauregian, eta ekintzailetzarako topagune eta inspirazio- eta networking-gune bihurtuko da. Ekitaldiak bi atal izango ditu: lehenengoa, ekintzaileei orientazioa emateko izango da, eta oraingoan, batez ere, finantzaketaren gaia izango du ardatz.
Bigarren zatian, inspirazioa izango da ardatza, eta ekintzailetza ibilbide nabarmena duen pertsona batek parte hartuko du, adibide gisa eta ikasteko eredu izateko. Horrez gain, aintzatespenerako eta sari banaketarako gune garrantzitsu bat egongo da. Ekitaldian “Zure ideiak balio du” lehiaketaren sariak ezagutarazi eta banatuko dira, baita Araba Ekinean 2026 Sariak ere, ekimen ekintzaile gazte bati eta ekintzailetzaren arloan ibilbide profesional oso bati emandakoak.
Jardunaldiaren bi uneetan parte hartzea doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da Araba Ekinean ekimenaren webgunean. Datozen asteetan emango dute ekitaldiaren egitarau osoaren berri.
Eskola Enpresen Azoka
Urtarrilaren 28an egin zen 2026ko Araba Ekinean programaren lehenengo ekitaldia: Eskola Enpresen Azoka, Santa Barbara plazako Pergolan. Ekitaldi horren bidez, Ikasenpresa programa abiarazi zen. Programa horren bidez, Arabako hainbat ikastetxetako Erdi Mailako eta Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleek enpresaren munduarekin harremanetan jar daitezke beren ikasgeletatik, eta, hala, beren ekintzaile potentziala landu.
Edizio honetan, Arabako LHko 7 ikastetxetako 73 eskola proiektu eta negozio ideia aurkeztu ziren: Mendizabala LHII, Ciudad Jardín LHII, Eraiken CIFP Construcción LHII, Egibide – Jesús Obrero, Egibide – Arriaga, Egibide – Molinuevo eta Arkaute Nekazaritza LHII.
Aurten, jarduera horrek markak gainditu ditu, eta nabarmen handitu da eskola enpresen parte hartzea. Aurreko edizioan baino 26 gehiago izan dira. Ikusi genituen proiektuek agerian uzten dute gure lurraldeko gazteen talentu ekintzaile izugarria eta gure gizartearen egungo erronkei irtenbide berriak emateko duten ahalmena.
Urtero bezala, proposamen ugari eta berritzaileak egin ziren azokan. Teknologia izan zen negozioak garatzeko arlo nagusietako bat, baina baita jasangarritasuna ere, askotariko ikuspegietatik, ikasleentzat oso interesgarriak diren beste arlo batzuez gain, hala nola elikadura eta kirola.
Ekin Coffee: Ekintzailetzari buruzko topaketen programak
Araba Ekinean programak Ekin Coffee programa berria ere garatuko du aurten: lurraldeko hainbat sektore eta ekintzailetza-alderdiri buruzko doako gaikako topaketa txikiak. Iaz, 5 topaketa egin ziren aurrez aurre, 15 ekintzailek parte hartu zuten, eta 220 lagun inguru bertaratu ziren. Topaketa horiek erakusleiho bat dira beren esperientzia ezagutzera ematen duten enpresentzat, baita enpresa ibilbidea hasteko prozesuan egon daitezkeen beste pertsona batzuei laguntzeko eta inspiratzeko gunea ere.
Ekin Coffee topaketa programak ibilbide garrantzitsua du dagoeneko ekimen honen barruan, eta 2025eko ekitaldian zehar aldaketa txiki bat izan du, hainbat gune bilatu baititu topaketa egiteko, betiere topaketaren gaiari oso lotuta, eta sinergiak bilatu ditu ardatz dituen gai bakoitzean erreferente diren erakundeekin. Ikuspegi horretatik, topaketak egin dira DIGA-EIDE elkartearekin lankidetzan, diseinuaren arloan ekiteko, baita APIKArekin ere, gure lurraldean ikus-entzunezko industriaren sektorean nola hasi aztertzeko. Abetxukoko Basaldea Enpresa Agroekologikoen Zentrora ere joan da, nekazaritzan hasi diren pertsonen adibideak ezagutzeko.
Ekin Coffee-ren aurtengo programa datorren ostegunean, otsailaren 12an, hasiko da eta gure lurraldean eskuragarri dauden Ekintzailetzarako Laguntzetan oinarrituko da. Topaketa Arkabian izango da, goizeko 09:30etatik aurrera, eta bertan, Gasteizko Udaleko, Arabako Foru Aldundiko, BIC Arabako eta Mendineteko ordezkariek ekintzaileen eskura dauden udal, foru, autonomia erkidego, estatu eta landa eremuko laguntzen epeak, xehetasunak eta ezaugarriak zehaztuko dituzte.
Araba Ekinean ekimenaren webgunean dago informazio guztia eta bertan eman daiteke izena.
Euskadiko ekintzailetzaren erreferentea den gune birtuala
Azken urteotan, alavaemprende.com webgunea ekintzailetzari buruzko erreferentziazko esparru birtual bihurtu da, ez bakarrik gure lurraldean, baita Euskadi osoan ere. 2025ean, webguneak 20.000 bisita inguru izan zituen, eta ekintzailetzaren inguruan sortutako berrikuntza guztien berri eman du.
Webgune horrek Araba Ekinean ekimenaren barruan egiten diren jarduera guztiak biltzen ditu, eta, gainera, pertsonei eta proiektu ekintzaileei protagonismoa emateko balio du.
Webguneak atal bereziak ditu, eta bertan, unean-unean indarrean dauden proiektu ekintzaileentzako laguntzak eta dirulaguntzak kontsulta daitezke, jarduera ekintzaileak gara daitezkeen Arabako espazioak ezagutu daitezke, eta edozein ekintzailek Arabako ekintzailetza ekosistema osatzen duten erakundeen katalogora sartzeko erakusleihoa da.
Bestalde, Araba Ekinean ekimenak sare sozialen plan aktibo bat du lurraldeko jarduera ekintzaile guztiak hedatzeko, urtean zehar eduki propioa sortuta. Zentzu horretan, X-ko profilak 2.300 jarraitzaile inguru ditu dagoeneko, Facebook-ekoak 723 ditu, Linkedin-en 1.216 jarraitzaile ditu orriak eta Instagram-en profilak 578 jarraitzaile ditu dagoeneko, sortu berriena eta azken urtean gehien hazi dena izanik. Araba Ekinean ekimenak Youtube-ko kanal bat ere badu, antolatutako topaketa guztien gordailu gisa balio duena, eta, iaz, 800 ikustaldi inguru izan zituzten bideoek.
Araba Ekinean ekimenean parte hartzen ari diren edo Araban ekintzaile izan nahi duten pertsona guztiak urtero hazten ari den komunitate honekin bat egitera animatzen ditugu. Azkenik, 1.000 harpideduni baino gehiagori sektoreko azken berritasunak biltzen dituen newsletter bat bidaltzen zaie hilero.


