Udalak Auzoen Planean sartu du Ekialdeko Parkeko egurrezko pasabideak berritzea
- Beatriz Artolazabal zinegotziak azpimarratu du lehentasunezko jarduera dela, segurtasun arrazoiengatik eta auzoarekiko konpromisoagatik
Gasteizko Udalak Ekialdeko Parkeko egurrezko pasabideak eta ibilbideak eraberrituko ditu, Salburuan. Jarduketa Auzoen Planean sartu da, egitura horien narriadurak esku-hartze integrala eta lehentasunezkoa eskatzen duela egiaztatu baita.
Tarimako ibilbideak hondoratuta daude, deformazioak dituzte eta hautsita daude hainbat puntutan, horiek eusten dituzten kaltzeek pixkanaka huts egiten dutelako. Egoera horrek arriskuak sortzen ditu erabiltzaileentzat, eta udal taldeek hogei aldiz baino gehiagotan esku hartu behar izan dute azken urtean, taulak birjartzeko, egitura indartzeko edo aldi baterako egokitzapenak egiteko.
Konponketa puntual horiei esker, segurtasuna une batez hobetu ahal izan da, baina ez dute multzoaren egiturazko arazoa konpontzen. Hori dela eta, Espazio Publikoaren eta Auzoen Departamentuak osorik berritzea erabaki du.
Beatriz Artolazabal Espazio Publiko eta Auzoetako zinegotziak azaldu duenez, «erabat kontziente gara pasabide horien narriaduraz eta bizilagunek helarazi diguten kezkaz. Entzun dugu, aztertu dugu eta Auzoen Planean txertatzeko urratsa eman dugu, behin betiko konponbidea bermatzeko».
Obra gauzatu ahal izan aurretik, 2022an idatzitako proiektu teknikoa berrikusi eta eguneratu beharko da, bai diseinuan, bai balorazio ekonomikoan. «Hiru urte igaro dira eta prezioak nabarmen aldatu dira. Proiektua eguneratzea ezinbesteko urratsa da obra, legealdi honetan, bermeekin lizitatu ahal izateko», zehaztu du Artolazabalek.
Epeei dagokienez, zinegotziak adierazi duenez, «irismen horretako edozein inbertsiorekin gertatzen den bezala, aurrekontuaren arabera gauzatuko da. Gure aurreikuspena da 2026ko edo 2027ko inbertsioen programazioan sartzea baloratzea, proiektua eta esparru ekonomiko orokorra berrikusi ondoren».
Artolazabalek udalaren konpromisoa berretsi du: «egoera ondo ezagutzen dugu, kezka partekatzen dugu eta aurrekontu-gaitasuna dagoenean jarduteko prest gaude. Ekialdeko Parkea erreferente bat da auzoarentzat, eta ingurune segurua eta ondo kontserbatua merezi du».


