Gasteizko eta Arabako jatetxeek bat egin dezakete Green Tourist Card txartelarekin
- Udalak eta Foru Aldundiak sustatutako baliabide honek erabilera errazteko hobekuntzak gehitu ditu
Vitoria-Gasteizko eta Arabako jatetxeek Udalak eta Aldundiak sustatutako “Green Tourist Card” txartel turistikoan sar ditzakete beren eskaintzak. Ekimena orain bi urte sortu zen lurralde osoko bisita gidatuetan eta kultur eta aisialdi jardueretan, tokiko saltokietan egindako erosketetan eta jatetxe- eta osatu-zerbitzuetan deskontuak eskaintzeko.
“Green Card txartelarekin, sektore turistikoaren jarduera bultzatzen dugu eta sinergia interesgarriak sortzen ditugu bertan. Horren bidez, bisitarien egonaldia luzatu, tokiko negozioei balioa eman eta sustapenerako tresna digitala erraztu nahi diegu”, nabarmenak du María Nanclaresek, Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak.
“Ostalaritza-lokalak baliabide horretara gehituta, aukerak handitzen ditugu gastronomiaren eremuan. Gainera, ez dugu ahaztu behar oso erakargarriak garela sektore horretan”, azpimarratu du Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko foru-diputatuak.
Hobekuntzak webgunean
Bi erakundeek, era berean, hobekuntzak sartu dituzte Green Tourist Carden webgunean, txartel turistiko horren eskaintza eta ikusgarritasuna handitzeko eta erabilera errazagoa egiteko.
Hemendik aurrera, establezimendu batek eskaintza ugari sar ditzake, bai oinarrizkoak (finkoak), bai aldi baterakoak.
Gainera, turismo-bulegoetan Green Card paperean deskargatzeko aukera gehitu da, txartela pertsona gehiagorengana hurbiltzeko helburuarekin. Ildo horretan, aitzindaria Gasteizko Turismo Bulegoa izan da, eta proba pilotua Bastidako, Eltziegoko eta Arabako Lautadako bulegoetara zabaldu da.
Eraginkortasun handiagoa
Atxikitako lokalen operatibari dagokionez, kudeaketa arloko hobekuntzak ezarri dira, datuak modu zuzenagoan, errazagoan eta dinamikoagoan sartzea eta baliozkotzea errazteko.
Era berean, txartela kamera bidez baliozkotzeko aukera eskaintzen da. Hau da, txartelaren erabiltzaileak deskontua eskuratzeko txartelaren QRa erakusten duenean, establezimenduak mugikorraren zein ordenagailuko kameraren bidez baliozta dezake.
Abantailen katalogoa www.greentouristcard.eus webgunean eta Green Tourist Card app-an dago ikusgai. Aplikazioa, gainera, iOS eta Android sistema eragileetarako deskarga daiteke.
Aipatutako bideetatik edo turismo-bulegoan txartela lortzeko, erabiltzaileek beren telefono mugikorreko zenbakia eman, besterik ez dute egin beharko. Ondoren, mugikorrean gorde edo inprimatu dezaketen QR kode bat sortzen da. Horixe bera da deskontuak lortu ahal izateko establezimenduetan erakutsi beharko dutena. Txartelak 7 eguneko balioa izango du zehaztutako hasiera-datatik.
‘Green Tourist Card’ txartel turistikoarekin bat egiteko kanpainak zabalik jarraitzen du proiektuan sartu nahi duten enpresa eta establezimenduentzat. Webgunearen edo app-aren bidez, “Eskatu enpresa gisa atxikitzea” gunetik, eragileek ekimenarekin bat egiteko aukera izango dute erabiltzaileei aplikatuko dizkieten deskontuak zehaztuta.




