Demokraziaren mende erdian langile-mugimenduak izandako bilakaerari buruzko horma-irudia du Zabalganak
Zabalgana auzoak, bere merkataritza-lokaletako bateko horman, langile-mugimenduaren bilakaera islatzen duen horma-irudia du, Espainiako 50 urteotako askatasunean eta demokrazian erdietsitako lorpenak oroituz. Horma-irudi horiek egiteko ekimena Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko Ministerioak demokrazia iritsi zenetik igaro den mende erdia (1975-2025) oroitzeko Estatu mailan antolatutako kanpainan sartuta dago.
Sorkuntza artistiko hori Giza Eskubideen kaleko 28. zenbakian aurkeztu dute eta bertan izan dira Borja Rodriguez Hirigintza, Hiri Eredu eta 21 Zabalguneko presidentea, eta Marisol Garmendia Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria.
Vitoria-Gasteizko auzorik jendetsuenean jarritako obra ekimen honen baitako bigarrena da, joan den hilean Salburuan aurkeztutakoaren ondoren. Azken mende erdian emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenari lotutako gaia lantzen du.
“Demokraziako berrogeita hamar urte hauek aurrerapen partekatuko, eraikuntza kolektiboko eta batzen gaituzten balioekiko konpromisoko berrogeita hamar urte ere badira: askatasuna, justizia soziala eta herritarren parte-hartzea“, adierazi du Borja Rodríguez Hiri Ereduaren, Hirigintzaren zinegotziak eta 21 Zabalguneko presidenteak Giza Eskubideen kaleko 28. zenbakian, Bastida kalearekiko elkargunean eta hiriko mendebaldeko auzo handi horretan joan-etorri gehien jasotzen duen guneetako batean marraztutako horma-irudia aurkezteko garaian.
“Argi eta garbi esan behar dizuegu demokrazian bizi zareten belaunaldi berriei: Francorekin ez ginen hobeto bizi, gezurra da hori. Diktadura bat zen. Mural hau ezingo zatekeen margotu, eta ezingo ginatekeen kalean egon, honelako ekintza herritar batean”, adierazi du Garmendiak.
Gasteizko Udalak 21 Zabalgunearen bidez hartu du parte kanpainan, eta lokal horietako hormak laga ditu, bertako artistek gai desberdinak haien gainean islatzeko aukera izan dezaten. Ingurumen Kudeaketako Sailak ere lagundu du lau lokaletako fatxada-oihalak garbitzen eta txukuntzen.
“21 Zabalguneak 50. urteurrenarekin bat egingo duten oroimenezko horma-irudiak egin diren lokalak laga ditu. Lagapen hori ez da keinu sinboliko bat soilik, baizik eta sormenarekin, bizilagunen parte-hartzearekin eta gure hiriko kultura-ehuna indartzearekin dugun konpromisoaren erakusgarria ere bada. Horma-irudi horiek demokrazia eta askatasunaren historia partekatua islatzea nahi dugu, baina baita orainaren erronkak eta itxaropenak ere”, adierazi du Borja Rodríguez 21 Zabalguneko presidenteak.
Sorkuntzen gaiak
Lokaletako lanetan, Aratz Ruiz eta Miguel Ángel Medina Kapone artistek parte hartu dute. Biak Fill In Culture kolektiboko kideak dira, hezkuntza eta parte-hartze esparruan muralismoa eta grafitia garatzen dituen Gasteizko taldeetako bat.
Kanpaina honetako lehen bi horma-irudiak aurkeztu ondoren, Borinbizkarra Zabalganan egin beharreko beste bi esku-hartze falta dira oraindik:
- Aniztasun politikoa Jeronimo Roure kalean
- Aniztasun kulturala Nazio Batuen kalean




