Zaramagako eraikinetako birgaitze-lanek eta energia-eraginkortasuna hobetzeko lanek % 50etik gorako gauzatzea izan dute 14 komunitatetan
Biziberritze-proiektuari atxikitako Zaramaga auzoko komunitateetan energia-eraginkortasuna hobetzeko eta birgaitzeko lanak % 50etik gora gauzatu dira hobekuntzak egiten ari diren 22 eraikinetatik 14tan.
Higiezinetako esku-hartze horien helburu nagusiak, alde batetik, irisgarritasuna hobetzea, igogailuak instalatzea edo kabinak berritzea dira. Bestalde, leihoak aldatzea, estalkiak berritzea eta fatxadak isolatzea bezalako jarduerek higiezinen eraginkortasun energetikoa % 60 baino gehiago hobetzea ekarriko dute.
Lanak iazko irailean hasi ziren, eta pixkanaka aldamioak jartzen joan dira gainerako eraikinetan, planari atxikitako 22 komunitateetan eta 332 etxebizitzatan obrak egiteko.
“Lan horien gauzatze maila obraren guztizkoaren % 50etik gorakoa izan da 14 higiezinetan”, azaldu du Gasteizko Udaleko Hiri Ereduaren, Hirigintzaren eta Ingurumenaren zinegotziak, Borja Rodríguezek. Gainera, 4 ataritan zifra hori % 75ekoa da, eta horietako batzuetan azken lanak bakarrik falta dira obra amaitutzat emateko.
Bestalde, beste 5 bloketan gauzatze maila % 40tik gorakoa da, eta % 50etik gertu dago. Aurreko 14 higiezinei 4 higiezin horiek gehituta, biziberritze-proiektuari atxikitako komunitateen % 86k lanen betetze mailari dagokionez % 40ko muga gainditu dutela esan dezakegu.
Espazio horietan egingo den esku-hartzea Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak onartutako auzoak berroneratzeko Inbertsio Estrategikoen Planean jasotako jarduketen barruan dago, eta Gasteizko udal-gobernuak Zaramaga auzoaren hiri-, gizarte- eta ingurumen-berroneratzean jarduteko duen konpromiso estrategikoetako bati erantzuten dio.


