Umorea izango da nagusi azaroan Ibaiondo gizarte-etxean
- ‘Barrez lehertzen naiz!’ zikloak dozena bat proposamen eskaintzen ditu une dibertigarri bat pasatzeko
- Eskaintza monologoek, jarduera fisikoek, lantegiek, hitzaldiek eta ikuskizunek osatuko dute
Miren Fernández de Landaren adierazpenak (mp3)
Ibaiondo gizarte-etxeko jardueren agendan, umorea oinarri izango duten hamabost egun daude azaroan gordeta. ‘Barrez lehertzen naiz!’ zikloak dozena bat proposamen eskaintzen ditu, tartean bakarrizketak, jarduera fisikoa, tailerrak, hitzaldiak eta ikuskizunak, denbora-pasa dibertigarria egiteko. Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak azaldu duenez, “beti da komenigarria egunerokotasunaren errutina eta arazoak alde batera utzita, barre egin eta atseden hartu ahal izateko aukera emango diguten denbora-tarteak izatea. Hori lagungarria da gure osasunerako eta ongizaterako, eta ildo horretan lan egiten dugu gizarte-etxeetan ere”.
Zikloa ostiralean, hilaren 7an, hasiko da “Yo y mis circunstancias” umorezko bakarrizketarekin, Gurutze Beitia aktore eta umoristaren eskutik. Sarreraren prezioa 1 €-koa da. Bi egun geroago, hilaren 9an, igandean, jarduera fisikoko saio bat izango da, “Para no mearte de risa, ejercita tu suelo pélvico” izenekoa. 1,5 €-koa izango da abonatuentzat, eta 2,5 €-koa abonatuak ez direnentzat. Pelbis-zoruko muskulatura indartzeko ariketa espezifikoak ikastea da helburua. Ekitaldia hilaren 16an, 23an eta 30ean ere egingo da.
Hurrengo hitzordua doako tailerra izango da, 18 urtetik gorakoentzat, clown-eko hastapenak egiteko. Hilaren 13an, 20an eta 27an egingo da, “Jarri sudur gorria eta barre egin guztiari” izenburupean. Hitzaldietarako lekua ere badago. Lehenengoa, bakarrizketa formatuan, hilaren 14an izango da, Pánico escenico antzerki-konpainiak emango du eta “Reir para vivir mejor” izango du hizpide (barre egitea, hobeto bizitzeko). Sarrera librea izango da tokia bete arte.
Asteazkenean, hilaren 19an, “Risoterapia familian” izeneko tailer familiarra eskainiko da eta doakoa izango da. 6 eta 10 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoentzat pentsatuta dago. Bigarren hitzaldian “ “El poder curativo y sanador de la risa” (barrearen sendatzeko ahalmena) izango da mintzagai. Hilaren 21ean izango da, eta Cristina Pérez Chiquirrín coach emozionalak eskainiko du. Sarrera librea izango da lekua bete arte.
Hurrengo hitzaldia asteartean, hilaren 25ean, izango da. Ania Rodríguez fisioterapeutak “Nola zaindu pelbis-zorua” azalduko du eta doakoa izango da. Bestalde, hilaren 28ko arratsaldea proposamen bikoitzarekin iritsiko da: lehenik eta behin, umorezko mikroantzerkia izango da, 1 €-an, Teatro Artilugio konpainiaren “I´m late!”+”Candidadas” lanarekin; ondoren, umorea eta teknologia bateratzen dituen “Kay robot hemen da” izeneko ikuskizun familiarra egongo da, Maeztu antzerki-taldearen eskutik, 3 urtetik aurrerako publikoarentzat pentsatua (hori ere 1 €-an).

