Udalak eskuliburu digital bat argitaratu du Gasteizen kirol-ekitaldiak antolatzen laguntzeko
- Kirol Zerbitzuak diseinatu du eta espazio publikoan eta udal-instalazioetan antolatutako ekitaldiak jasotzen ditu
Udal Kirol Zerbitzuak eskuliburu digitala prestatu du Vitoria-Gasteizen kirol-ekitaldiak antolatzeko. Tresna berri horren helburua da bai espazio publikoetan, bai udal-instalazioetan kirol-jarduerak antolatzen dituzten erakundeen kudeaketa-lana erraztea eta zalantzak argitzea.
“Gasteizen, urtez urte, gero eta kirol-ekitaldi gehiago antolatzen dira, eta, askotan, antolatzaileek zalantzak izaten dituzte eskatu beharreko baimenei, epeei, tasei eta abarri buruz. Eskuliburu honen bidez, horrelako gaiak konpontzen lagundu nahi dugu, eta ekitaldi handi eta txikiak egiteko interesa dutenei lasterketak, txapelketak edo lagunarteko topaketak egin ahal izateko beharrezko informazioa eman nahi diegu, gure hiriak kirol arloan erreferente izaten jarrai dezan”, zehaztu du Ana López de Uralde Kirol zinegotziak.
Udal-sailen laguntzarekin egindako eskuliburuak kirol-ekitaldiek bete behar dituzten baldintza teknikoei buruzko informazioa biltzen du, eta erakunde antolatzaileen eskura jartzen ditu Udalak eskaintzen dituen baliabideak: dirulaguntzak, materiala lagatzea eta ekitaldiaren berri ematen laguntzea.
Ekitaldiaren kokapena
Ekitaldia Udalaren instalazio batean egin behar bada, eskuragarri dagoen informazioak zehazten ditu indarrean dagoen araudia, udalarena eta autonomia-erkidegokoa, bai eta hiriko kirol-ekipamendu guztien eskaintza osoa ere, ekipamendu horietara sartzeko baldintzekin batera. Gainera, espazioa erreserbatzeko prozesua errazten du eskuliburuak.
Jarduera espazio publikoan garatzen bada, dagokion eskaera izapidetzeko behar den informazio guztia eskaintzen da, eskabide-orria erregistratzeko egin beharreko urratsak, ezarritako epeak eta tasa aplikagarriak barne. Gainera, kirol-ekitaldi motaren arabera jarraitu beharreko prozedura zehazten da: ez lehiakorra hiri-ibilbidearekin, lehiakorra edo bizikleta-martxa. Okupazio eremua mugatzeko laguntza ere ematen da, GeoVitoria-Gasteiz aplikazioaren bidez.


