Noticias del País Vasco

Udalak Errekatxiki pasealekua birnaturalizatu eta biziberrituko du Judimendin, Hobetuz programaren barruan

  • Obrek 266.000 euroko inbertsioa eta bost hilabeteko gauzatze-epea izango dute, eta pasabide bat pasealeku berde, aktibo eta bizikidetzarako pentsatua bihurtuko dute

 

Beatriz Artolazabalen adierazpenak (mp3)

Miren Fernández de Landaren adierazpenak (mp3)

Vitoria-Gasteizko Udalak Errekatxiki pasealekua eraberritzeko proiektua aurkeztu du gaur. `Vitoria-Gasteiz Hobetuz´ programaren barruan jasotako esku-hartzea da, eta, horren bidez, gaur egun pasagune gisa erabiltzen den espazioa, batez ere, toki bizi, atsegin eta auzokoek egunero erabili ahal izateko egokia bihurtu nahi da. Federico Baraibar eta Sutaustegi Zaharreko kaleen arteko zatian egingo dira lanak, Judimendi parkearen ondoan eta ikastetxetik gertu. Hori dela eta, jende asko ibili ohi den eta auzoarentzat balio handia duen gunea da.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak azaldu duenez, “helburua argia da: Errekatxiki bertan egoteko, hitz egiteko, atseden hartzeko, jolasteko eta gozatzeko pasealekua izatea nahi dugu. Berdeagoa, osasungarriagoa eta adin guztietarako pentsatua. Auzoko eguneroko bizitzarako lagungarria izango den tokia izatea nahi dugu”.

Bestalde, Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzia pozik agertu da “udalerriak espazio berri bat izango duelako, herritarren parte-hartzeari eta lan komunitarioaren indarrari esker. ‘Gasteiz Hobetuz’ ekimenari esker, herritarren ideiak gure auzoak hobetzen dituzten proiektu erreal bihurtzen dira”. Fernández de Landak gaineratu du Judimendik erakutsi duela partaidetzaren indarra ez dagoela auzoaren tamainaren mende. “Proposamen hori boto gehien lortu dituztenen artean kokatzeko gai izan da. Horrek agerian uzten du auzoaren bizitasuna eta bertako jendearen inplikazioa, taldean lan egin baitute gaur egun errealitate bihurtzen hasi den ideia aurrera ateratzeko”.

Diseinu berriak birnaturalizazioaren eta erosotasunaren aldeko apustua egiten du, itzalguneak, jarduera eremuak eta atseden hartzeko guneak konbinatuz. Altzariak berritu eta zuhaitz eta lore-zuhaixka berriak landatuko dira bertako parterretan, testura, kolorea eta biodibertsitatea emateko. Artolazabalen arabera, “pasealeku honetara landaretza gehiago ekartzeak bizi-kalitate handiagoa ekartzea esan nahi du. Itzalguneak, kolorea eta biodibertsitatea direla eta, hiri-espazioak bizitzeko egokiagoak eta gizatiarragoak dira”.

Proiektuak espazioak berrantolatuko ditu erabilera desberdinak eta bateragarriak eskaintzeko. Haurrentzako guneak zurezko jolas inklusiboak izango ditu, mugimendua, jolas sinbolikoa eta irudimena sustatzeko diseinatuak. Elementu horien artean daude piraten itsasontzia, arrapala eta sarea izango dituen dorrea, pendulu zabu bat, oreka eremuak eta enbor naturalak. Hori guztia egurrezko hesi baxu batez mugatuta jarriko da.

Pasealekuak elementu bioosasungarriak eta adinekoek eta helduek ariketa fisiko moderatua egin ahal izateko gailuak ere izango ditu. Besoetarako bizikletak eta bizikleta pedaldunak, bankuan jarritako pedal bikoitzak eta luzaketak egiteko modulu bat ere izango dituzte. Guztiak irisgarriak eta pertsona bakoitzaren erritmora egokitzeko moduko ariketa bat errazteko diseinatutakoak izango dira.

Pasealekuaren erdialdean, rokodromo horizontal bat egongo da. Bost metroko luzera izango du, eta segurua eta haurrentzat zein helduentzat egokia izango da. Zaintzarik egongo ez denez, diseinuak altuera saihesten du eta mugimenduarekin, orekarekin eta indarrarekin lotutako gaitasunak garatzera bideratuko da. Horren ondoan, 13 urtetik gorakoentzako kalistenia-elementuak jarriko dira, aire zabaleko kirol-ardatz txiki bat sortzeko. Rokodromoa ipiniko den horma mural artistiko geometriko batez apainduko da. Horrek nortasun bisuala emango dio multzoari eta ekipamendua ingurunean integratuko du.

Lanek 265.730,99 euroko aurrekontua eta bost hilabeteko gauzatze-epea dute. Artolazabalek gogorarazi du esku-hartze hori Judimendiko parkearen eraberritze integralari elkartuko zaiola (gaur egun martxan dago): “Jolasguneak indartzen, irisgarritasuna hobetzen eta topagune berriak sortzen ari gara. Horietako bat izango da, hain zuzen ere, etorkizuneko txakur-parkea, adibidez. Elkarrekin lotutako jarduerak dira, ikuspegi berari erantzuten diotenak: auzoko eguneroko bizitza hobetzea eta hiriaren izaera berdea indartzea”.

Aurkezpenaren dokumentazioa (PDF)

Share

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies