Udalak “Aldatu txipa eta erosi hemen” kanpaina abiarazi du Gasteizko tokiko merkataritzari balioa emateko
- Herritarrek deskontu-txartelez eta ‘escape-room’ dibertigarri batez gozatu ahal izango dute Arabako hiriburuko auzoetan
Vitoria-Gasteizko Udalak “Aldatu txipa eta erosi hemen” kanpaina abiarazi du, Arabako hiriburuko tokiko merkataritzan balioa emateko. Ekimen honek hiru merkatari protagonista dituen sentsibilizazio-ekintza eta bi dinamizazio-proposamen biltzen ditu: “erosketa kateatuak” eta batez ere gazteenei zuzendutako “escape-room”a: “DendaScape: Txiparen bila”.
“Proposamen honekin, herritarrak animatzen ditugu beren hiriarekin eta hurbileko merkataritzarekin berriz konektatzera eta auzoko establezimenduetan erostearen balioa berriro aurkitzera: esperientzia hurbila, gizatiarra eta jasangarria da, hiriko bizitza eta ekonomia indartzen dituena”, adierazi du Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak gaur goizean eskaini duen prentsaurrekoan.
Kanpainak aurpegia jartzen dio tokiko merkataritzari, hezur-mamizko hiru protagonistaren bidez: Amaia Sánchez, ‘Pescados del Cantábrico’ saltokikoa; Elda García, ‘Óptica y Audición Ballester’ saltokikoa; eta Iñigo De Marcos, ‘Txik Txak’ gizonezkoen arropa-dendakoa.
“Haien istorioek Gasteizko saltoki txikien ezaugarri diren konpromisoa, hurbiltasuna eta arreta pertsonalizatua islatzen dituzte, eta kontsumitzaileekin emozionalki konektatzea dute helburu”, adierazi du Nanclaresek.
Dinamizazioa auzoetan
Sentsibilizazio-kanpainaz gain, Udalak bi dinamizazio-ekintza jarriko ditu martxan. Horien helburua urrian eta azaroan zehar tokiko merkataritza herritarrengana hurbiltzea eta hiriko merkataritza guneetan jarduera sortzea izango da.
“Erosketa kateatuak” kanpainarekin, erosleek atxikitako hainbat saltokitan egin ahal izango dituzte erosketak, deskontu-txartelen bidez. Horrela, bisita eta kontsumoa sustatuko dituzte aipatutako guneetako hainbat dendatan. Urriaren 27tik 31ra egongo da martxan Badaiako merkataritza eremuan, eta azaroaren 17tik 22ra Babesgabetuak inguruko merkataritza eremuan.
Bigarren ekintza, aldiz, 12 eta 25 urte arteko gazteei zuzenduta dago. “DendaScape: Txipen bila” tokiko merkataritza beste modu batera ezagutzeko proposamen berritzailea da. ‘Escape-room” formatua eta hiriko ginkana formatua nahasten ditu, esperientzia ludiko, teknologiko eta parte-hartzailea eskaintzeko.
4 edo 5 laguneko taldeetan egin ahal izango da azaroaren 8an, larunbatean, Zaramagan; azaroaren 15ean, Gorbea eremuan; azaroaren 22an, Zabalgunean; eta hilaren 29an, hirigune historikoan.



