Olentzerok eta Mari Domingik tamaina handiko baserria, figurak eta girotze berria estreinatuko dituzte Gabonetan
- Etxeko txikiak 5 metroko garaiera eta 8 metroko zabalera izango dituen baserrian sartuko dira gutuna bertan uzteko, Zulueta jauregiko lorategietan
- Espazioak benetako galtzagorrien animazioa izango du hainbat egunetan 18:00etatik 20:00etara
- Gabonetako kultur programak Olentzero eta Mari Domingiren desfilea eta harrera, Errege Magoen kabalgata eta harrera, Florida parkeko Jaiotza, Mendizorrotzako haurrentzako ikuskizunak, kaleko musika-animazioa eta Butaka Txikia programa ditu
Sonia Díaz de Corcueraren adierazpenak (mp3)
Gabonetan, Kultura Zerbitzua arduratzen da Gasteizko kultur programa diseinatzeaz, eta aurten 284.000 euroko aurrekontua izan du; 2024an baino 10.000 euro gehiagokoa. 2025 honetan, gainera, berrikuntza handi bat prestatu da: Olentzerok eta Mari Domingik ‘Horra!’ izeneko espazio berria izango dute, Zulueta jauregiko lorategian. “Baserri handi bat izango da, 5 metroko altuera eta 8 metroko zabalera dituena, baso batean kokatua, eta barruan Olentzeroren eta Mari Domingiren irudi berriak egongo dira zain. Horrela, haurrak baserrian sartuko dira eta gutunak bikoteari eman ahal izango dizkiote”, azaldu du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak. Baserriaren inguruko basoan, gainera, txondorra, ardiak, oiloak, asto bat, bi pertsonaiekin lotutako baserriaren munduko hainbat elementu eta galtzagorriak egongo dira, suaren inguruan. Azken horiek figuren bidez irudikatuko dira instalazioak irauten duen bitartean, baina egun eta ordu jakin batzuetan bizia hartuko dute.
“Gabonetako txoko berri honen, ‘Horra!’ren, helburua Olentzero eta Mari Domingiri ingurune deigarria, errealista eta magikoa ematea da, hau da, deigarria izango den espazio propioa eman nahi izan diegu”, azaldu du. Izan ere, asmoa Gabonetako ibilbide bat osatzea da; hau da, “Floridako Jaiotza bisitatzen dutenek metro gutxi batzuk egin eta Zulueta jauregiko lorategiraino joatea, euskal mitologiari eskainitako gune horretaz gozatzeko. Horrela, Gabonetako korridore bat sortuko dugu, etxeko txikienen gozamenerako”.
‘Horra!’k abenduaren 5ean irekiko ditu ateak, 16:00etan, eta 18:00etan inaugurazio ofiziala egingo da. Abenduaren 25era arte egongo da zabalik, ordutegi jarraituan, 10:00etatik 21:30era, baina galtzagorrien animazioa abenduaren 5, 6, 7, 8 12, 13, 14, 19, 20, 21 22 eta 23an izango da, 18:00etatik 20:00etara.
Puntu finko horrez gain, urtero Eguberrietan egin ohi duten moduan, abenduaren 24an Olentzero eta Mari Domingi galtzagorriekin batera iritsiko dira Gasteizera, udaletxean (Plaza Berrian) 10:00etatik 15:00etara haurren gutunak jaso eta jasotzeko.
Arratsaldean, 18:00etan, Iparralde gizarte-etxetik abiatuko da 400 lagunez osatutako desfilea, Legutianoko atea, Frantzia, Bake kalea, Olagibel, Mateo Moraza kaleetatik igaroko da eta Andre Maria Zurian amaituko da. Han, abestiak kantatu eta gaztainak banatuko dituzte. Segizioak 4 karroza izango ditu, lehenengoa baso magikoa izango da eta jarraian, Mari Domingirena eta Olentzerorenak etorriko dira. Azken karrozatik, berriz, gozokiak botako dituzte. Era berean, Indarra Elkarteko panpina mitologikoen partaidetza berreskuratu da, eta Cal y Canto antzerki-taldeak (Burgos) ere parte hartuko du, euskal unibertso mitologikora egokitutako ‘Haizearen lorategia –The wind garden’ ikuskizun ibiltariarekin. Judimendiko Joaldunak kolektiboa, esne-saltzaileak, ikazkinak, egurgileak, artzainak, dantzariak eta sorginak, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa, Gargantua eta galtzagorriak ere izango dira desfilean. “Oso desfile ikusgarria diseinatu da, eta, beste behin, Euskal Herriko handiena eta osoena izango da, azken urteetan parte-hartzaileen kopuruak gora egin duelako eta Olentzero eta Mari Domingiren unibertsoarekin lotutako elementu eszenikoak ugaritu direlako”, adierazi du zinegotziak.
Errege Magoen opariak ere jasotzen dituztenen kasuan, aurten ere Erregeak urtarrilaren 5eko 11:00etan iritsiko dira tren-geltokira. Handik, Dato kaletik Plaza Berriraino joango dira, eta 11:20an, bertan dauden haur guztiei agurra egingo diete. Ondoren, hirukote magikoa Goiuri Jauregian (Frai Zakarias kaletik sartu beharko da) izango da 12:15etatik 18:00etara bitarte haurrei harrera egiten eta haien gutunak jasotzen.
19:00etan, Errege Magoen Kabalgata iritsiko da. 300 pertsonak osatuko dute, eta Bilbo plazatik abiatuta, Frantzia, Bake, Ortiz de Zarate, Florida, Ramón y Cajal, Micaela Portilla, Laskarai kaleak eta Gasteiz hiribidea zeharkatuko ditu Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearekiko bidegurutzeraino (Gasteiz hiribidearen azken zatian karrozen bolumena jaitsiko da, autismoaren espektroko nahasmenduak dituzten edo entzumen-desgaitasuna duten pertsonek kabalgataz eroso goza dezaten).
7 karroza izango ditu Kabalgatak: fantasiazko 3 aurretik, Errege Magoenak, eta gozokiak jaurtiko dituzten azkena. Hainbat antzerki-talde izango dituzte ondoan:
- Sbandieratori de Fossano (Italia): Italiako Fossano herriko 30 banderadunen talde klasikoa. Banderak airera jaurtiko dituzte kolore eta masten manipulazioko ikuskizun handia eskainiz.
- Bambolea ‘Ardentia’ (Madril): argia elementu nagusitzat hartzen duen ikuskizuna da, argi-jantziekin, argi-malabarekin, suarekin edo piroteknia hotzarekin. 10 artista izango ditu, altuerako (zangoak, oreka-bola…) eta zoruko (monozikloa, akrobatak, malabaristak, patinak…) elementuekin, eta egitura mugikor handi batekin.
- Zanko gaineko ‘Cercles’ (Katalunia): zankoen gaineko ikuskizuna, kolorez eta argiz betea, zirkuluaren kontzeptuan, esanahian eta sinbolismoan oinarritua.
- ‘Enchanted garden’ Stelzen Art (Alemania): Lorategi sorgindua, lore eta tximeleta argituen irudiak dituzten izaki fantastikoak bizi direna.
- Bazucada Batá (Iruñea)
Musika-animazioa
Eguberrietako eskaintza honekin batera, jaietan zehar Gasteiz Gabon-kantaz beteko duen animazio musikala izango da kalean. Guztira 40 musika-emanaldi izango dira (abesbatzenak eta instrumentalak), eta Gabonetako errepertorioaren aukeraketa zabala egingo dute, gure kultura herrikoiaren zati diren melodia tradizional eta ezagunekin.
Arabako Abesbatzen Federazioak, abenduaren 22tik urtarrilaren 2ra bitartean, 24 kontzertu eskainiko ditu hiriko erdiguneko plaza eta oinezkoentzako kaleetan. 18 abesbatza arituko dira 19:30ean hainbat espaziotan; Arka plazan, Santa Barbara plazan eta Antso Jakitunaren kaleko pergolan. Bestalde, ekitaldi nagusia egunero eskainiko dute Urrezko Zeledonen plazan; bertan, 3 abesbatzak batera abestuko dute, 20:30ean. Halaber, hiriko 10 fanfarre eta txistularien eta gaita-jotzaileen 3 talde ibiliko dira hirigunean abenduaren 22tik urtarrilaren 5era.
Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak, bestalde, kalejira berezia egingo du abenduaren 31n, 17:00etan, Gasteizko txikienekin batera urteari agur esateko. Musika Etxetik aterako da eta erdiguneko kale eta plazetatik igaroko da. Arratsaldeko 18:00etan geldialdia egingo dute Santa Barbara plazan. Ondoren, agur esateko dantzaldi handia egingo dute Plaza Berrian, 19:00ak aldera.
Floridako Jaiotza Monumentala
Tamaina naturaleko 200 irudi baino gehiagoz eta egituraz osatutako jaiotza handi hau Florida parkean jartzen da 1962tik, eta hiriko Gabonetako programazioko harribitxietako bat dela esan dezakegu. Inaugurazioa abenduaren 5ean izango da, 16:00etan, eta urtarrilaren 7ra arte egongo da ikusgai, 10:00etatik 21:30era.
Ama Birjinaren, San Joseren eta Haurtxoaren eszena haitzuloaren barruan kokatuko da berriro, eta publikoa Misterioaren aurretik igaroko da. Bertan, irudiak zaharberritzeko erabiliko den dohaintza eman ahal izango dute bertaratzen direnek. Haitzuloa 10:00etatik 14:30era, eta 16:00etatik 21:30era bitartean egongo da zabalik. Bedeinkapena abenduaren 24an egingo da, 13:00etan.
Gasteizko Gabonetako kulturaren programazioa Mendizorrotzako haurrentzako ikuskizunek osatuko dute. Hiru izango dira: ‘Peter Pan, un musical muy especial’ (abenduaren 26an, 18:30ean), ‘Txiki Rock’ (abenduaren 27an, 18:30ean), eta ‘Gora musika!’ abenduaren 29an, 18:30ean). Horrez gain, aipatu beharrekoa da Butaka Txikia egitaraua. Hiriko hainbat auzotara 12 saiotan banatuta haurrentzako 8 ikuskizun eskainiko ditu abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitarte.
Gasteizko Eguberriei buruzko informazio gehiago eta jardueren egitarau osoa Udalaren webgunean eskuragarri.





