Gasteiz Kaleidos.red Fundazioaren 25. urteurrenaren ospakizunera joango da eta presidentetzaren lekukoa hartuko du 2026 eta 2027rako
- Miren Fernández de Landa zinegotzia izango da gertuko zerbitzu publikoetatik abiatuta gizarte-kohesioa eta garapen jasangarria ardatz dituen sare honen buru
Miren Fernández de Landaren adierazpenak (mp3)
25 urte igaro dira Vitoria-Gasteizen “Gizarte-etxeak eta hurbileko zerbitzuak” izenburupean Kaleidos sarea martxan jartzeko kongresua egin zenetik. Orduan eta gaur egun, toki-administrazioen sare horrek herritarren parte-hartzea eta tokiko kudeaketaren berrikuntza ditu helburu. Orain, azaroaren 12an eta 13an Getafen (Madril) egingo den beste kongresu batek urteurren hori ospatuko du parte-hartze tekniko eta politikoko jardunaldiekin. Gasteizko ordezkaritzaren buru Miren Fernández de Landa, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzia, izango da. Gainera, 2026 eta 2027an presidente izateko lekukoa hartuko du.
Kaleidos.red Fundazioan gogorarazten dutenez, “2000. urtean, hurbileko politikak, ekipamenduak eta zerbitzuak oraindik ere kontzeptualizatzen ari ziren toki-administrazioen esparruan. Kongresu hartan adostu behar izan zen hurbiltasunaz hitz egiten genuenean zertaz ari ginen, eta hurbiltasun-ideia hori ekipamendu, zerbitzu edo politika bati aplikatzen genionean zer esan nahi genuen. Argi geneukan hurbiltasuna gobernatzeko beste modu bat dela, baina, batez ere, hurbilen dagoen Administrazioaren, tokikoaren eta herritarren arteko beste harreman modu bat dela”.
25 urte geroago, kontzeptu horiek argi daude eta praktikan jarri dira. Hori dela eta, urteurrenaren leloa hauxe da: “hurbileko politikak, zerbitzuak eta ekipamenduak, gizarte-berrikuntza, kohesioa eta garapen jasangarria artikulatzeko”. Carlos III.a Unibertsitateko Areto Nagusian, tokiko administrazioetako eta herritartasuneko arduradunei eta pertsona aditu eta akademikoei zuzendutako elkarrizketarako, ideien trukerako eta hausnarketa kolektiborako topagune gisa aurkezten diren saioak egingo dira.
Honako hauek dira kongresuaren helburuak:
- Hurbileko ekipamenduak ebaluatzea eta aktibatzea, gizarte-berrikuntzaren ardatz eta giza garapenaren eta garapen demokratikoaren faktore gisa.
- Toki-administrazioan antolaketa-kulturaren eredu berri baterantz aurrera egitea.
- Herritarrak 2030 Agendaren ezagutzan, garapenean eta kudeaketan inplikatzea.
- GJHen autoebaluazioa, integrazioa eta zabalkundea hurbileko ekipamenduetan 2030ean.
- Hiri-garapen jasangarriaren eredu berria.
Gasteizek hartuko du bere gain presidentetza
Kongresuan, Getafeko Udalak, gaur egun Fundazioaren presidentea denak, lekukoa emango dio Gasteizi (hiriburua gehiagotan ere izan da presidentea). Inaugurazio instituzionalean parte hartuko dute Sara Hernández Getafeko alkateak, David Perejil 2030 Agendaren zuzendari nagusiak, Florabel Quispe Carlos III Unibertsitateko Garapen Jasangarriko eta Campus Osasungarriko dekanorde ondokoak, Ana González Mariscal Getafeko Herritarren Partaidetzarako zinegotziak eta Miren Fernández de Landa Gasteizko Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak. Hain zuzen ere, azken horrek une horretatik aurrera hartuko du bere gain Fundazioaren presidentetza 2026rako.
Kaleidos.red Gasteiz, Bilbo, Getafe, Alacant, Málaga, Santiago de Compostela eta Sant Boi de Llobregateko udalek eta Bartzelonako Diputazioak osatzen dute. Topaketa Kaleidos sarearen batzar nagusiarekin amaituko da. Bertan, azken urtean garatutako proiektuen emaitzak aurkeztu eta 2026rako ibilbide-orria onartuko dituzte.
Topaketaren webgune ofiziala: https://25kaleidosred25.org/




