Gabonekin batera, Mendizorrotzako Haur Ikuskizunen XXII. Erakustaldia iritsiko da
- Abenduaren 26tik 29ra, 3 ikuskizun eskainiko dira: ‘Peter Pan, un musical muy especial’, ‘Txiki rock’ eta ‘Gora musika!’
Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak azaldu duenez, Haur Ikuskizunen Erakustaldia “Vitoria-Gasteizko Gabonetako programazioko ekitaldirik beteranoenetako bat eta jende gehien biltzen duenetako bat da. Aurtengoa 22. edizioa izango da”. Hiru ikuskizun handi eskainiko dituzte Mendizorrotzako kiroldegian, abenduaren 26tik 29ra.
Lehenengoa abenduaren 26an, 18:30ean, izango da: ‘Peter Pan, un musical muy especial’. Antzerki-musikal inklusiboa izango da, gaztelaniaz. Eszenaratze ikusgarria eta koloretsua du, zuzeneko ahotsekin eta musikaletako emanaldi bikainekin. Familia osoak arratsalde bikaina emango du piraten, sirenen eta maitagarrien artean. 3 urtetik aurrerakoentzako egokia.
Hurrengo egunean, abenduaren 27an, 18:30ean, ‘Txiki rock’ iritsiko da. Familia eta Euskal Herriko rock musika nahasten dituen ikus-entzunezko esperientzia paregabea da: Kortatu, Itoiz, Hertzainak… Txikienek helduek gazte zirela entzuten zituzten abestiekin gozatuko dute. 3 urtetik aurrerakoentzako egokia.
Erakustaldia ‘Gora musika!’ ikuskizunak itxiko du, abenduaren 29an, 18:30ean. Oianek eta Urkok familia askoren bizitza alaitu dute euskarazko beren musikarekin. Oraingoan, Agustin Barandiaran (Korrontzi) eta Bixente Martinez (Oskorri) izango dituzte lagun. Eszenatokian, gainera, erraldoiak eta dantzariak izango dira.
“Urtero, ikuskizun hauek arrakasta handia izaten dute. Gasteiztarrek gehien maite duten Gabonetako proposamenetako bat da eta, beraz, Gasteizko familiak sarrera azkar eskuratzera eta hiru ikuskizun zoragarri horiez gozatzera animatu nahi ditut”, adierazi du zinegotziak. Ikuskizun guztiak hiru urtetik aurrerakoei zuzendutakoak izango dira eta sarrerek 5 euroko kostua izango dute. Sarrerak abenduaren 10ean jarriko dira salgai, 08:30ean, Udalaren webgunean.


