Gabon hauetan ‘Butaka Txikia’ programak 8 ikuskizun programatuko ditu Gasteizko hainbat auzotan
						- Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitarte, 12 saio egingo dira, mota guztietako ekintzekin: antzerkia, txotxongiloak, dantza, zirkua, magia, zuzeneko musika, film eszenikoa, ikus-entzunezkoak…
 - Bertako eta Euskadiko konpainien presentzia eta euskarazko lanen kopurua nabarmendu behar dira aurtengo edizioan
 
Urtearen azken txanpa honetan, Gabonetako programazioa aurkezten hasteko unea izaten da, eta data horietako klasiko bat haurrei eta familiei zuzendutako ‘Butaka Txikia’ arte eszenikoen programa da. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitarte egingo da. Edizio honek 8 ikuskizun eskainiko ditu 12 saiotan, Vitoria-Gasteizko gizarte-etxeetako antzokietan eta ekitaldi-aretoetan banatuta, eta, horri esker, gure hiriko 8 auzotara iritsiko dira.
“Etxeko txikienak gozaraziko dituen programa prestatu dugu: antzerkia, txotxongiloak, dantza, zirkua, magia, zuzeneko musika, film eszenikoa, ikus-entzunezkoak… Mota guztietako arte eszenikoak eta askotariko gaiei buruzkoak izango dira: familia-loturak, adopzioa, adinekoen ondarea, gure nortasunaren garapena, harritzeko gaitasunari eustearen garrantzia… Butaka Txikiaren eskutik, familian hausnartzeko gonbidapena izango da”, azaldu du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.
Nabarmentzekoa da 2025 honetan tokiko eta Euskadiko konpainiek presentzia handia izango dutela. Gainera, euskarazko lanen kopurua ere handitu egingo da eta 4 izango dira. Hala, Arabako Panta Rhei Antzerkia konpainiak eta ‘Krim Otso Txikia’ izeneko bere azken sorkuntzak inauguratuko dute programa, eta txotxongiloak eta zuzeneko musika izango dira. Ondoren, Khea Ziater-en ‘Scrooge eta mamuak’ film eszenikoaren formatu berritzailea izango dira ikusgai. Charles Dickensen ‘Gabon-kanta bat’ eleberriaren egokitzapen librea da, Alex Gerediagak egindakoa. Halaber, ‘Kontukantari3’ antzerki-formako kontzertuaren hirugarren edizioaz gozatu ahal izango da Laenananaranjaren eskutik. Nafarroatik, Pájaros Pintados Creación konpainia gazteak objektuen antzezlan delikatua eskainiko du, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioekin: ‘Olaiaren lorategia/El jardín de Olivia’.
Gainera, Gaztela eta Leongo, Valentziako Komunitateko eta Murtziako konpainien bisita ere izango da. Baychimo Teatro konpainiak dantza, itzalak eta ikus-entzunezkoak ekarriko ditu ‘SUM’ lanarekin (FETEN 2025en haurrentzako ikuskizun onenari emandako saria jaso zuen); Nacho Diagok, ‘aLUZina’n itzalen eta magiaren bidezko bidaia harrigarria eskainiko du; eta Cia Infinitek zirkuari lotutako mugimenduan dagoen poesia, ‘Nilu’ lanarekin. Programari amaiera emateko, saio bikoitza izango dugu Periferia Teatroren eskutik. Saio horretan, txotxongiloek familia osoa gozaraziko dute ‘BoBo’ ikuskizunarekin.
“Butaka Txikiak izandako harrera ona ikusita, aurten nabarmen handitu dira bai saioen kopurua, bai salgai jarriko diren sarreren kopurua. Hala, 2.200 sarrera baino gehiago jarriko dira salgai”, adierazi du zinegotziak. Tiketek 5 €-ko prezioa izango dute, eta abenduaren 11ko 08:30etik aurrera erosi ahal izango dira, aurrez aurre gizarte-etxeetan eta kirol-instalazioetan, eta online Udalaren webgunean. Bertaratzen diren pertsona guztiek sarrera aurkeztu beharko dute.
Programazio osoa Udalaren webgunean eskuragarri.
				
