415.000 euroko inbertsioari esker, Zaramagako futbol-zelaiko instalazioak berrituko dira
- Belar artifizial berria oinarri elastiko baten gainean jarriko da, eta ez du izango kautxuzko edo hareazko ohiko betetze-materialik
Etxebarriaren gobernuak Zaramagako futbol-zelaiko instalazioak eraberritzeko obrak kontratatzeko espedienteari hasiera ematea onartu du, 415.572,95 euroko inbertsioarekin.
“Lan horiei esker, futbol-zelaia berritu ahal izango da, kautxurik ez duen soropil artifizial berria instalatzeko. Gainera, ingurumen-jasangarritasuna gehiago errespetatzen du. Bide batez, kanaleta berriak jarriko dira zelaiaren ertzean, ureztatze-sistema berrituko da, asfaltozko oinarria berrikusiko da, ateak aldatuko dira, aulki berriak jarriko dira, eta babes-sare berriak jarriko dira ateen atzean eta 7ko futbol-zelaietan”, azaldu du Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkateak.
Egungo azalera bere bizitza baliagarriaren amaieran dago, eta, beraz, aldatu egin behar da. Zaramagan instalatu beharreko tapiz berria dentsitate handiko polietilenoz osatutako azken belaunaldiko soropila da, eta kolore berdeko bi tonalitate konbinatzen ditu, moztu berri den soropilaren estetika ematen diotenak.
“Zaramagako zelai berrituaren lamina berdearen berritasun nagusia oinarri elastiko aurrefabrikatu baten gainean instalatuta egotea izango da, orain arte bezala kautxua edo harea duten betegarriak izan beharrean, eta, gainera, soropilaren baldintzak hobetzen ditu horrek”.
Belar artifizialeko sistemen punta-puntako bilakaera da. Termikoki lotutako polietilenozko aparrez egindako produktu birziklatua da. Gainera, apar hori produkzioko hondakinetatik dator eta ez du kutsatzailerik.
Harea edo betegarri elastiko hori ez dutenez, nabarmen murrizten dira mantentze-lanak, eta urradura minimoa eragingo die Zaramagan partidak jokatzen dituzten jokalariei. Kolore berdeko bi tonalitateen konbinazioaren bidez, moztu berri den soropilaren irudia izango du, eta jolas eremuko gainazalean ez da tenperatura-igoerarik sortuko.
Betegarri termoplastikoak dituzten eremuei esker, zelaiaren inguruak garbi egoten dira, eta jokalariek ez dituzte botak edo arropak kautxuzko edo hareazko txirbilez beteta eramango etxera (azken horiek etxeetako garbigailuetan amaitzen dute, arropak garbitzen direnean).
Zaramagako soropila berritzeko lanen enpresa esleipendunak 12 asteko epea izango du lanak osatzeko, baina epe hori murriztea ere plantea dezake, eta horrek balorazio gehigarria emango dio.
Inbertsioen programa
Kontratazio-espedientea abiarazita, Etxebarriaren gobernuak jarraipena eman dio legegintzaldi honetan zehar Udalaren futbol-zelaiak hobetzeko eta berritzeko inbertsio-egutegiari. “Konpromisoa hartu genuen urtero bi futbol-zelaitan esku hartzeko, 2027an berritutako dozena erdi instalazioko kopurura iristeko. San Martingoa amaitu ondoren, duela bi aste esleitu genuen Olaranbeko 3. zelaia, eta orain Zaramagakoa modernizatzeari ekingo diogu”, azaldu du Maider Etxebarriak.
Kirolguneak berritzeko ondoz ondo egingo diren berrikuntza-lanetarako, Etxebarriaren gobernuak 3,6 milioi euroko inbertsio handia egingo du, “futbolean jokatzeko Udalak dituen 21 zelaien sarea modernizatzeko eta kirol-instalazioei dagokienez Gasteiz erreferentziazko hiri gisa finkatzeko”.


