235 familiak eman dute izena Ingurumen Gaietarako Ikastegiak utzitako bizikleta elektriko bat erabiltzeko ekimenean
- Deialdiak arrakasta izan duenez, proiektu pilotua 16 txandatik 24ra luzatu da
Guztira 235 familiak erakutsi dute Arabako hiriburuan zehar familiarekin joan-etorriak egiteko garaian motordun ibilgailua hautatu beharrean bizikleta elektrikoaren erabilera sustatzeko kanpainan parte hartzeko interesa, Gasteizko Ingurumen Gaietarako Ikastegiak (IGI) joan den irailean abian jarritako kanpainari esker.
“Deialdiak arrakasta izan duenez, programa honetan parte hartzeko txanda kopurua hasierako 16etatik 24ra luzatzea erabaki dugu”, iragarri du Borja Rodríguez Ingurumeneko zinegotziak. “Eskertzekoa da gasteiztarrek proiektu pilotu honi emandako erantzuna. Horri esker, parte hartu duten familiek haurrak eta objektuak garraiatzeko egokitutako karga elektrikoko bizikletak doan probatzeko aukera dute. Bizitzeko atseginagoa, osasungarriagoa eta pertsona guztientzat pentsatuagoa den hiriaren aldeko apustua egiten duen esperientzia da”, gaineratu du.
Programa abian dago. Teknikariek aukeratutako familiek ordubeteko prestakuntza jaso dute, mugikortasun seguruan aditua den pertsona batek emanda. Gainera, probak irauten duen bitartean (hilabete eta erdiko iraupena izango du) bizikleta erregulartasunez erabiltzeko eta, esperientzia amaitzean, ebaluazio-inkesta labur bati erantzuteko konpromisoa hartu dute.
Mailegu-zerbitzu hau Gasteizko edozein familia-unitateri zuzenduta dago, eta, bereziki, mugikortasun jasangarriarekiko konpromisoa duten adingabeak ardurapean dituztenei. “Gasteiztarrak bizikleta mota hau eguneroko bizitzan erabiltzeko erakutsi duten aldez aurretiko jarrera ikusita, etorkizunean deialdi hau berriro errepikatzeko aukera baloratuko dugu”, adierazi du Rodríguezek.
Egitasmoarekin hasi aurretik, Ingurumen Gaietarako Ikastegiak (IGI) Horizon 2020 programaren CityChangerCargoBike Europako proiektuan parte hartu zuen, merkataritza-jardueretan ibilgailu motordunaren ordezko gisa eskala handiko cargo bikeak erabiltzea sustatzeko.

