Zinema Gaur Montehermosora itzuliko da, joera sortzen ari den zinema garaikidearekin
- Angela Schanelec, Alice Rohwachter eta Payal Kapadia zinemagileen filmak proiektatuko dira eta Pello Rodriguezek bere azken filma ‘Erreplika’ aurkeztuko du
- Rocío Mesaren eskutik, kamerarik gabeko zinema-tailerra izango da, eta ‘My Mexican Bretzel’ proiekzio-performancea izango da, Zabalaren zuzeneko musikarekin
Audio: Sonia Díaz de Corcueraren adierazpenak.
Zinema Gaur zikloa Montehermoso Kulturunera itzuliko da gaur egungo zineman joera berriak sortzen ari diren emakumezko zinemagileen proposamenekin. Ortuño aretoan Angela Schanelec alemaniarra, Alice Rohwachter italiarra edo Payal Kapadia indiarra bezain izen ezagunen filmak erakutsiko dira, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin. Emakumeen arteko adiskidetasunaren istorioak kontatzen dituzten lanak, mito klasikoen berrikuspena eta alegiak biltzen dituzte, besteak beste.
“Programa hau berreskuratuta, Montehermosok sorkuntza garaikidearen, proiektu esperimentalen eta egile-zinemaren aldeko apustua berretsi du. Zinema Gaur zikloak zinema garaikidea ezagutzera eta horretaz gozatzera gonbidatzen gaitu, Vitoria-Gasteizen estreinatu ez diren filmen bidez, eta pantaila handian, Montehermoson hain zuzen ere, tokia izatea merezi duten filmen bidez”, esan du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.
Proiekzioei beste jarduera osagarri batzuk gehitu behar zaizkie, hala nola ‘Secaderos’ filmaren aurkezpena. Rocío Mesa zuzendari eta ekoizle granadarraren lehen film luzea da. Zinegileak kamerarik gabeko zinemari buruzko tailerra ere emango du. Bertan, teknika desberdinekin aldatzen den mota guztietako film-materialarekin lan egingo dute, jatorrizkoarekiko ezberdina den muntaketa-lana lortzeko.
Bestalde, Pello Gutiérrez euskal zinemagileak ‘Erreplika’ bere azken filma, 2024ko Zinemaldian saritua, aurkeztuko du. Eskaintza osatzeko, ‘My Mexican Bretzel’ filmaren emanaldi berezia eskainiko da Montehermosoko klaustroan, Jon Aguirrezabalaga musikagile eta ekoizle bilbotarraren zuzeneko musikarekin. Jon Aguirrezabalaga We Are Standarekin izandako ibilbide luzea dela eta da ezaguna, eta Zabala izena hartu zuen. Saioa Bernaola Zikloaren laguntzarekin egingo da.
Ziklo hau berreskuratzeko, berriro ere Garbiñe Ortega zinema-kuratore gasteiztarraren parte-hartzea izango da: “Espero dut herritarrak, zinemazaleak izan ala ez, askotarikoa eta anitza den programazio honetara hurbiltzea. Bertan, harrituko gaituzten eta gorputza zeharkatuko diguten istorioak egongo dira, eta proposatutako ibilbide horretan zehar elkarrekin bidaia egin ahal izango dugu”.
Zikloa azaroa eta abendua bitartean egingo da eta jarduera guztiak doakoak izango dira. Proiekzioetarako sarbidea librea da lekua bete arte, baina bai kamerarik gabeko zinema-tailerrerako, bai ‘My Mexican Bretzel’ + Zabala proiekziorako aldez aurretik izena eman beharko da, edo gonbidapenak erreserbatu. Hain zuzen ere, tailerrerako izen-ematea datorren astelehenean, azaroaren 3an, irekiko da.
7 jarduerako programa
- Azaroaren 11n, 19:00etan: Alice Rohwachterren ‘La quimera’ lanaren proiekzioa (Italia. 2023. 130 min.)
- Azaroaren 18an, 19:00etan: Payal Kapadiaren ‘La luz que imaginamos’ (Frantzia, India, Herbehereak, Luxenburgo. 2024, 117 min.)
- Azaroaren 22an eta 23an, 11:00etatik 14:00etara: Kamerarik gabeko zinema-tailerra Rocío Mesarekin. Nola egiten da zinema kamerarik gabe? Pintura, guraizeak, zeloa, puntzoiak, material naturalak… horiek dira jokoan sartzen diren tresnetako batzuk. Teknikak eta aukerak irudimena bezain infinituak dira. Tailer honen helburua da zinema analogikoarekiko eta zinema analogikoak arte plastikoekin duen harremanarekiko ulermena eta sentsibilitatea aktibatzea, zinemaren jatorrietara eta esperimentazio zinematografikora hurbilduz adibide historikoak ikasiz, baina bereziki praktikarekin lan egiteko teknikak eta materialak eskainiz, zuzeneko esperientzia eta zinemari buruzko eskuzko sorkuntza bultzatuz. Izena ematea azaroaren 3tik aurrera Montehermosoren webgunean.
- Azaroaren 25ean, 19:00etan: Rocío Mesaren ‘Secaderos’ lanaren proiekzioa (Espainia, 2022, 95 min.). Zuzendaria bertan izango da.
- Azaroaren 30ean, 19:00etan: Nuria Jiménezen ‘My Mexican bretzel’ proiekzioa-performancea (2019. Espainia. 73 min.). Zabalaren zuzeneko musika eskainiko da (Jon Aguirrezabalaga konpositore eta ekoizle bilbotarra, We Are Standardekin egindako ibilbide luzea dela eta ezaguna). Bernaola Zikloarekin lankidetzan. Jarduera honek toki mugatuak ditu eta beharrezkoa da gonbidapena izatea bertara sartzeko. Gonbidapenak Montehermosoren webgunetik eskuratu ahal izango dira azaroaren 17tik aurrera.
- Abenduaren 2an, 19:00etan: Angela Schanelecen ‘Música’’ lanaren proiekzioa (Alemania, Frantzia, Serbia. 2023, 108 min. )
- Abenduaren 9an, 19:00etan: Pello Gutiérrezen ‘Erreplika’ lanaren proiekzioa (Euskadi. 2024. 74 min.). Bertan izango dira Pello Gutiérrez, gidoilari eta zuzendaria, eta David Aguilar, Zazpi T’erdiren ekoizlea.
Programa honek Udal Gobernuak eta EH Bilduk 2024an adostutako aurrekontu-zuzenketaren finantzaketa jaso du.
Programa osoa (PDF)
Informazio gehiago Montehermosoren webgunean edo 945 161 830 zenbakian.

