Xabier Aburruzaga eta Fetén Fetén Mendizorrotzan, Haize Arrosa & Faltriqueiras zein Karmento izango dira Aitzina Folk Jaialdi Solidarioaren XIII. edizioan
- Oskarbi talde euskalduna, Xabier Díaz & Adufeiras galiziarrak, Gaztela Leoneko El Nido, DEIRA asturiarrak zein andaluziarrak eta DOOLIN talde frantziarrak osatuko dute aurtengo egitarau zabala
Aitzina Folk Jaialdi Solidarioaren XIII. edizioak ditu nobedade anitz. 20 kontzertu eta jarduera baino gehiago egongo dira publiko zabalarentzat, hain zuzen, goruntz doazen eta sendotuta dauden taldeen emanaldiak eskainiko dira. Emakume artistei bultzada berezia emango zaie eta haurrentzako jarduerak, kalejirak, folk eskoletako ikasleen topaketak, tailer ezberdinak eta penintsula osoko presentzia nabarmena izango da.
Jaialdiaren programazio osoa gaur goizean aurkeztu da Arabako Aldundiaren prentsa aretoan Gasteizen. Estatu mailan folk musika eta kultura tradizionala hedatzeko erreferentziazko ekitaldi bihurtu da Aitzina Folk. Kontzertuak eta tailerrak azarotik abendura bitartean egingo dira Gasteizko hainbat agertokitan. Sarrerak eskuragarri daude dagoeneko www.aitzinafolk.org webgunean.
Egitaraua urriaren 11an, larunbata, 19:00etan, aurkeztuko da Gasteizko Santa Maria Katedralean, ‘Ziza Folks’ taldearen eskutik. Maialen Fernández, Miren Eeles eta Ane Belen Ruiz gasteiztarrek osatua. Musika klasikoan zein folk musikan hezitako hiru interprete hauek, azken honetan, askatasunez adierazteko esparru abegitsua aurkitzen dute. Jam sessions eta musika topaketetan bat egin dute, folkarekiko pasioa eta honek irudikatzen duena partekatzeko. Taldeak komunitatean esperientzia hurbil eta atseginak sortzeko asmoarekin ekin dio bere ibilbideari, folk zelta eta iberiarreko abesti tradizionalak bertsionatuz batez ere. Hala eta guztiz ere, Ziza folksen eragin musikalak euskal, galiziar, eskoziar, bretoi eta irlandar tradizioa ere hartzen du.
Patxi Villen jaialdiaren sortzaile eta zuzendariak gogoratu duenez, “Aitzina Folkeko jatorrizko xedeak duela hamabi urteko berberak dira: musika, folka eta kultura tradizionala zabaltzea, eta ataxia telangiektasia ikertzen laguntzea. Gaixotasun arraroa, genetikoa, multisistemikoa eta neurodegeneratiboa da, tratamendurik eta sendabiderik gabea, eta gutxitutako desgaitasun fisiko larria eragiten du”.
Madrilen eta Bartzelonan gaixotasun hori ikertzeko egiten ari diren ikerketak ere aipatu ditu. Aurten, ataxia telangiektasiari buruzko lehen gida argitaratu dute espainieraz, osasun-langileentzat, pazienteentzat eta haien familientzat egindako jarduera-protokoloak jasotzen dituena. Era berean, TOPAFOLK Musika Eskolen Topaketaren hamargarren urteurrena azpimarratu du. Berrikuntza gisa, ikasleek urte hauetan guztietan modu komunean interpretatu dituzten abestiak biltzen dituen errepertorioa joko dute.

Emakumeak folk munduan eta txikifolk
Aitzina Folkek bere haztapenetatik folkaren zabalkundea zein hazkundea bultzatzea du xede. Jaialdiak euskal artisten, beste eremu batzuetakoen zein nazioartekoen emanaldiak eskainiko ditu, tokiko edo edozein jatorriko musikari emakumeei bereziki lagunduz, “Emakumeak folk munduan” atalaren bidez.
Nahiz eta jaialdiko ekitaldiak ikus-entzule guztientzat izan, txikienek bi kontzertu familiar izango dituzte Txikifolk sailean (Titiriteros de Binefar eta Xaramela, Gasteizen). Jaialdiak folk saio bat eta tailer ezberdinak eskainiko ditu (dantza, txalaparta (Gauekoak eta LABE), Bodhran, uilleann pipe eta irrintzi (EHU)).
Musika tradizionalaren eta folkaren eskolen topaketa TOPAfolk ere (abenduaren 13an) ez da faltako.
Gasteizko eta Arabako eskoletako ikasle gazteenentzat musika partekatzeko aukera eskainiko du.
Sustrai iberikoak folk klabean
Ahuntzak mendira tiratzen duten bezalaxe, Haize-arrosako kideak indartsu itzultzen dira, beren kartografia musikal berezia marraztuta. Soinu-itsaso zabal honetan ez galtzeko, haizearen arrosak gidatzen ditu. Tresna sinboliko horren bidez, abesti bakoitzaren nortasun bakarra esploratu eta definitzen dute. Horrela, beren asmo musikalak orainaldi aktibo eta zirraragarri bihurtzen dituzte. Banda 2022an sortu zen Bizkaian, eskarmentu handiko musikariekin, eta emakumea omentzen dute bere errepertorioko protagonista nagusi gisa. Historian zehar – eta gaur egun – gaitzetsi, aldarrikatu eta abesten duten hainbat emakumeren ahotsekin entzuten dira haien kantuak. Folk-rocka, folk-popa, flamenkoa, folk elektronikoa, world-fusioa, musika mexikarra, a capella… Bigarren diskoa lantzen ari dira, 2025eko abendurako aurreikusia. Bitartean, zuzenean ikusi ahal izango dira abenduaren 5ean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
Jaialdiaren musika proposamenak Xabier Diazekin jarraituko dute, azaroaren 28an. Galiziar konpositore eta musikariak hiru hamarkada baino gehiago daramatza Galiziako musika tradizionala arakatzen, eta ibilbide oparoa du: Musika Akademiaren Saria galizierazko abesti onenari (2011), Folk Musika Talde Onena Martin Codax da Musika Sarietan (2013) eta Soinu Banda Onenaren Mestre Mateo Saria Inevitable filmarengatik (2014). Etapa honetan, As Adufeiras de Salitre izango du lagun, perkusioa eta ahotsak ematen dituzten hamaika emakumez osatutako talde indartsua. Elkarrekin The Tambourine Man (2025) albumetik proposamen eszeniko boteretsu bat sortu dute.
Energia Karmentorekin luzatuko da azaroaren 29an. Mantxan jaioa, artista folkloriko honek 2012an ekin zion bere ibilbideari. Maltara joan ostean, bertan hasi zen Mudanzas lehen albumeko abestiak konposatzen. 2023an Benidorm Festen parte hartu zuen Quiero y duelo abestiarekin, finalistetako bat izanik. Gaztela-Mantxako Alaba Kutun aitortu zuten. 2024an La Serrana kaleratu zuen, besteak beste, Mondosonoro, Rockdelux, Efe Eme edo Jenesaispop, urteko diskorik onenetako bat zela onartu zuten euren hedabideetan. Albumak Musika Akademiaren Folklore Album Onenaren Saria irabazi zuen eta lau izendapen jaso zituen MIN Sarietan.
Gaztela eta Leonetik, El Nido taldeak bere soinu unibertsoa ekarriko du abenduaren 12an. Bere musikak sukaldaritza tradizionala, berbena modernoak, jotak eta plazetako bizitza ekartzen ditu gogora. Bere herriko soinu tradizionaletan inspiratuta, taldeak mundu moderno eta azkar batean orientatu eta errotu nahi du. La Constancia (2025) bere azken diskoak musika tradizionalaren ikuspegi garaikide eta ausarta eskaintzen du, bere esentzia bizizale eta hunkigarria galdu gabe.
Abenduaren 13an, Nafarroako Sinfoniak musika klasikoa, dantza eta antzerkia uztartzen dituen proposamen paregabea eskainiko du. 2021ean sortu zuten Nafarroan bizi diren musikari profesionalek – horietako asko Nafarroako eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoko kideak –, eta kolektiboak Iruñeko Ortzadar dantzari taldearekin zein lehen mailako aktoreekin lan egiten du. Eszenan, dantza musikarekin eta arte eszenikoekin uztartzen den hizkuntza bihurtzen da, eta gutxitan ikusten den fusio maila lortzen du.
Abenduaren 19an, Deira Band hirukotearen txanda izango da. Asturiaseko eta Andaluziako musikariek osatzen dute hirukotea, eta 2019an hasi zuten euren ibilbidea, Lorient Jaialdi Interzeltikoko (Frantzia) talde egoiliar gisa. 2023an Alba lehen lan diskografikoa aurkeztu zuten Glasgowko Royal Concert Hallen, Celtic Connections jaialdi ezagunean.
Egun bat geroago, abenduaren 20an, Doolin’ musika zelta estilo moderno eta elektrizatzailearekin uztartzen duen talde frantziarra iritsiko da. Bere sei musikariek, Toulousekoak jatorriz, sustraiak omentzen dituzte Claude Nougaroren L ‘Amour Sorcier lanaren berrinterpretazio oso pertsonalarekin, energia eszenikoz eta emozioz betetako ikuskizun batean.
Jaialdiaren itxiera abenduaren 28an izango da, tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituzten bi proposamenekin. Alde batetik, Xabier Aburruzaga trikitilari eta konpositore bizkaitarra, bere bizitza trikia biziberritzen eman duena, kolaborazioak, sonoritate berriak eta nazioarteko eszenatokiak arakatuta, betiere euskal kulturarekin lotura sendotuz. Bestalde, Feten Feten bikoteak, Gaztelako musikariek osatutakoak, bere errepertorio enblematikoena berrikusten duen ikuskizun bat aurkeztuko du, galiziar musikarien ekarpenekin. Elkarrekin, bidaia bat eskainiko digute Iberiar Penintsulako erritmo herrikoietan barrena: balsak, jotak, pasodobleak, muiñeirak, txarroak, gurpilak eta seguidillak.
Musika tradizional eta folk eskolen topaketak TOPAfolk ere (abenduaren 13an) ez du hutsik egingo. Gasteizko eta Arabako eskoletako ikasle gazteenentzat musika partekatzeko aukera paregabea da.
Aitzina Folk Jaialdi Solidarioaren XIII. edizioaren egitarau zabalean, doako ekitaldi batzuez gain, Gasteizko erdiguneko kaleetan zehar kalejira egingo da; hamar taldeez osatuta (larunbatean, azaroaren 15ean).
Aitzina Folk eta zero ilarako sarreren salmentarekin lortutako etekin guztiak (Laboral kutxa 3035 0228 96 2280099996) zuzenean bideratzen dira, egun, Aefat, 2009tik ataxia telangiektasia duten gaixoak eta familiak Espainian biltzen dituen elkartea, finantzatzen ari den ikerketa-proiektuak laguntzeko.
Aurten, 2025eko urriaren 6tik aurrera, 100 abonu eskuragarri egon dira dira, jaialdiaren ordainpeko kontzertu guztiak barne, 100 euroko prezio berezian (salmentaren lehen bi asteetan eskaintza hori egingo da, 190 €-ko balioa duten 11 kontzertu eskainiko dira). Urriaren 20tik aurrera, 140 €-ko abonuak egongo dira eskuragarri. Abonu horiek eta banakako sarrerak jaialdiaren www.aitzinafolk.org webgunean eros daitezke.
110 talde eta artista baino gehiago igaro dira jaialdiaren agertokietatik aurreko hamabi edizioetan, 36.000 ikusle baino gehiago (3.500 inguru, 2023an) eta 270.000 euro baino gehiago bildu dira ataxia telangiektasia (AT) ikertzeko.
Patxi Villenek, jaialdiaren sortzaile, zuzendari eta ataxia telangiektasia duen pertsona baten aitak jaialdiaren xedeaz hitz egin du: “Aitzina Folk musikariz eta bolondresez osatutako talde bat gara, musika mota honekin gozatzen duena. Gure seme-alaben gaixotasuna ikertzeko dirua bildu nahi genuelako sortu genuen, baina, aldi berean, herritarrei ekitaldi kulturalak eskaintzea zen gure xedea. Beraz, eskerrak eman nahi diegu urtero posible egiten duten guztiei: ikusleei, bolondresei, babesle eta laguntzaileei, komunikabideei eta sendabide bat aurkitzeko gurekin borrokatzen duen jendeari”.
2010ean sortutako Aitzina Lan Taldea da antolakuntzaren parte, ataxia telangiektasia dutenei eta haien familiei Euskal Herriko tokiko ikuspegi batetik laguntzea du helburu, eta Aefat estatuko erakundean barnebilduta dago. Jaialdia izen handiko beste bi jaialdirekin senidetuta dago: Caceres Irish Fleadh eta Burgoseko Babieca Folk.
Aitzina Folk jaialdia jasangarritasunarekin konprometituta dago, eta, horrexegatik, “ikuspegi ekologiko batetik bideratzen ditu aurreikusitako ekintzak”. Ikus-entzuleei gomendatzen zaie ekitaldietara garraio publikoan, oinez edo bizikletaz joatea. Halaber, bertaratutakoei beste alderdi batzuek nabarmendu nahi zaizkie, hala nola, sarrerak inprimatu gabe mugikorrean gordetzea, edalontziak berrerabiltzea eta hondakinak edukiontzietan birziklatzea. Era berean, jaialdiak sexu-indarkeriaren eta gorroto-delituen aurkako arreta-protokolo bat jarraituko du, eta ekitaldi bakoitzean egokitutako “gune morea” egongo da.
Aitzina Folk Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak, Laboral Kutxak, Vital Fundazioak, Santa Maria Katedrala Fundazioak eta Rural Kutxak babesten dute. Horrez gain, Ideolabek, EventoKit, Izaskun Arrue Kulturguneak, Radio Vitoria, Diario Noticias de Alava, Cadena SER, Taldegunek, Gauekoak, LABEk, Artepan, Eusko Label, Jimmy Jazz aretoak, Eukeni Txakoli, La Gisteria, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioa, Luis Aramburu Musika Eskola, Gasteizko Folklore Akademia, Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioa, Folk Eskola, Hala Bedi Taberna, Falerina Taberna eta Jaizki Fontaneda Fotografiak kolaboratzen dute.

Erakundeetako eta enpresa laguntzaleetako ordezkariak
Hiru erakunde nagusiek parte hartu dute aurkezpenean, eta ekimena goraipatu dute. Ana del Val Sancho Kultura eta Kiroleko foru diputatuak honela deskribatu du jaialdia “Aitzina Folk: kultura kausa solidario baten zerbitzura nola jar daitekeen erakuslea da”. Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, bere aldetik, “jaialdia aurrera eramateko egindako lana zoriondu du, eta boluntarioen lanari balioa eman dio. Jaialdiak gogoeta egitera eta kontzientziak mugitzera gonbidatzen duela ere” azaldu du. Azkenik, Ana Lopezek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustapeneko zuzendariak, “eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetza” nabarmendu du, eta “musika tradizionalaren zein folkaren aldarrikapenaren garrantzia” azpimarratu du. Babesleen eta laguntzaileen aldetik, Kepa Ortiz de Urbina musikari eta Laboral Kutxako Babesletza eta Gizarte Ekintza arduradunak hartu du parte aurkezpenean, eta “TOPAFOLK Musika Eskolen Topaketaren hamargarren urteurrena eta folk interprete berriengana iristearen garrantzia” azpimarratu ditu. Bestalde, Arantxa Ibañez de Opacuak, Vital Fundazioko zuzendariak, “jasangarritasuna eta genero berdintasuna” jaialdiaren balioak nabarmendu ditu, eta, era berean, zehaztu du “gaixotasun arraroak ikertzearen garrantzia eta Aitzina Lan Taldeak bolondresen bidez egiten duen lana”.
Xabier Aburruzagak pieza bat interpretatu du prentsaurrekoaren hasieran. Trikitilariak Mendizorrotzako kiroldegian emango dio amaiera jaialdiari abenduaren 28an, Feten Fetenekin batera. Musikariak lehen aldiz aurkeztuko du ‘Bask ‘disko berria, 13 konposizio berrirekin. Trikitilariaren hitzetan, “nire ibilbideko kontzertu berezienetako bat da”, eta, gainera, Xabier Zeberiok eta ikuskizuna gorpuzten duten talde koreografikoek parte hartuko dute. Feten Fetenekin elkarlanean abesti bat joko duela aitortu du.



