Tokiko Gobernu Batzordeak 16,1 milioi bideratu ditu Zabalganarako tranbiaren linea eraikitzeko
- 1,5 milioiko konpromiso-kreditua onartu da Iradier Arenarako
Tokiko Gobernu Batzordeak 16,1 milioi euroko konpromiso-kreditua gaitzea onartu du gaur, Zabalganarako tranbiaren linea eraikitzeko. Zenbateko horrek aldatu egiten du aurrez esleitutako 3,8 milioi euroko zenbatekoa. Horrela, Vitoria-Gasteizko auzo jendetsueneko hiri-garraioko sistema berria martxan jartzeko Udalari dagokion gastua egokitu egingo da.
Maider Etxebarria alkateak pozik hartu du erabakia; izan ere, bere hitzetan, pauso horri esker, “aurrera jarraituko dugu, Zabalganak, azkenean, garraiobide elektrikoa, irisgarria, erosoa eta edukiera handikoa izan dezan. Bertako bizilagunek erabat merezi duten zerbait da”.
Udal Gobernuak onartutako konpromiso-kreditua lau ekitalditan banatzen da. 2026an hasiko da, 378.000 eurorekin. 2027rako 4,3 mila euro erreserbatu dira; 5,6 baino zertxobait gehiago 2028an, eta 5,8 inguru 2029an.
Tranbiaren luzapen berriak 6,3 kilometroko luzera izango du, eta Lovaina, San Martin eta Zabalgana auzoak zeharkatuko ditu. 10 geraleku izango ditu guztira. Proiektuak Salburua auzoan beste luzapen txiki bat (linea Betoñuko kotxe-toki berriekin lotuko du), eta beste geltoki bat jasotzen ditu Deba Arroaren kalean.
Iradier Arena
Bestalde, Tokiko Gobernu Batzordeak 1,5 milioi euroko konpromiso-kreditua onartu du Iradier Arena eraberritzeko proiektuan aurrera egiteko. Joan den martxoan enkargatutako ekintza-plana burutu ondoren, orain premien programa definitu behar da, baita proposamen arkitektonikoa, bideragarritasun-azterlana eta laguntza teknikoa idatzi ere. Jarduketa horiek guztiak barrutia eraberritzeko obren emakida-kontratua izapidetu aurretik egin behar dira.




