PSE-EE, EAJ eta PP alderdi politikoen adierazpena, atzoko Falangeko elkarretaratzea izandako istiluak direla eta
Atzo, istilu larriak izan ziren Vitoria-Gasteizko erdigunean, Falange Españolak deitutako elkarretaratze baten eta GKSko eta Ernaiko kideek (beste hainbat kolektiborekin batera) aldi berean antolatu zuten aurkako beste elkarretaratze baten ondorioz. Istiluen ondorioz, hiri-altzarietan kalteak, Ertzaintzako agenteen aurkako erasoak eta herritarrentzako arrisku-egoerak gertatu ziren. Gertakari horiek bizikidetza aztoratu zuten, eta kezka handia eragin zuten gure hiriko bizilagunen artean. Gertakari horien aurrean, Gasteizko Udalak beharrezkotzat jotzen du bere jarrera jendaurrean adieraztea.
Hori dela eta, Gasteizko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak honako hau adierazi du:
- Gertaera bortitz horien aurrean gaitzespenik irmo eta sendoena.
Indarkeria ez da inoiz bidea, ezta adierazpen politikorako legezko modua ere.
Jokabide horiek gure hiriaren ezaugarri diren bizikidetzaren, errespetuaren eta askatasunaren aurkakoak dira, eta ez dute lekurik gizarte demokratikoan. Atzo bizitakoak iraganeko gertaera batzuetara atzera eraman gaituzte. Gizarte honek nahi eta onartzen ez duen eta bakearekiko eta bizikidetzarekiko konpromiso kolektiboari esker gainditutako iraganera, alegia.
- Ertzaintzari eta Udaltzaingoari babesa eta aitortza adierazi nahi die, istiluetan egindako lan profesional eta arduratsuagatik.
Haien esku-hartzea funtsezkoa izan zen herritarren segurtasuna bermatzeko eta ordena publikoa berrezartzeko. Udalak elkartasuna eta lehenbailehen sendatzeko nahia helarazi die zaurituei.
- Agintari eskumendunekin lankidetzan aritzeko borondatea, suntsiketak eta erasoak sortu zituzten erantzuleek justiziaren aurrean erantzun dezaten. Hiri-ondareari eragindako kalteak auzokide guztien artean ordaintzen ditugun kalteak dira, eta ezin dira zigorrik gabe geratu.
- Elkarbizitzaren, errespetuaren eta aniztasunaren eredu izaten jarraituko duen Gasteizekiko konpromiso irmoa.

