Plaka batek Arriagako leherketaren, hiriaren azken urteetan izandako istripu larrienaren, biktimak oroitaraziko ditu gaurtik aurrera
- Pilar auzoko ekimen komunitarioari esker, Udalak memoriaren arloan ahalegin gehigarria egiteko beharra adierazi du
Miren Fernández de Landaren adierazpenak (mp3)
Gaur eguerditik, plaka oroigarri batek (Santa Isabel hilerriaren eta Arriagako Atearen eta Juan Garai arteko biribilgunean ondoan dago) gasez betetako bi zisterna-kamioik izandako istripua gogoraraziko du. Istripu haren ondorioz, guztira, hamahiru hildako eta zauritu ugari izan ziren. Goizaldean izandako gertaera latz hartatik 51 urte igaro direnean, Udalak biktimen oroimenez mugarria jarri du. Biktima gehienak inguruko bizilagunak izan ziren eta hiriaren azken urteotako historiako tragediarik larriena izan zen.
Maider Etxebarria alkatea, Miren Fernandez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotzia eta Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztietako beste ordezkari batzuk izan dira leherketa bizi izan zuten eta oraindik oroimenean gordeta duten bizilagunekin batera.
Plaka desestali aurretik, alkateak bere nahia adierazi du: “hemendik pasatzen den pertsona bakoitza une batez gelditzea eta inskripzioa irakurtzea, tragedia bakoitzaren atzean oroimenean geratzea merezi duten istorioak eta absentziak daudela gogorarazteko. Memoria justizia-ekintza bat da, eta plaka honekin 1974ko uztailaren 26an bizia galdu zutenei justizia egin nahi diegu; izan ere, ez ahazteko gure konpromisoa berretsiko dugu horren bidez. Ez ahazteko betebeharra dugu”.
“Vitoria-Gasteizko historiaren parte den gertaera bat berreskuratuko dugu, eta biktimei omenaldia egingo diegu Pilar auzoko ekimen komunitario honi esker. Izan ere, tragediaren neurria kontuan izan gabe, gertaera hark memoriarekin lotutako ahalegin osagarria merezi zuela zioen sentipena zegoen”, gaineratu du Maider Etxebarriak.
Bestalde, Gobernu Irekiaren zinegotziak, istripuak eragindako hondamendia zuzen-zuzenean bizi izan zuenak, honako hau azpimarratu du: “garai hartan, frankismoaren amaieran, istripua isilarazteko interesak egon ziren. Pertsona batzuk gehiegi zabal ez zedin saiatu ziren eta, horregatik, gertakari hura zer kausak eragin zuen jakin ahal izateko datu ugari ez ditugu oraindik ezagutzen”.
Miren Fernández de Landak biktimek eta haien familiek merezi zuten tratua eta laguntza ez jaso izanagatik bere atsekabea adierazi du. “Ahal zuten moduan atera ziren aurrera, bai behar materialei zegokienez, bai leherketak eta haren ondorioek oroimenean utzi zizkieten arrastoei dagokienez”, adierazi du.
José Mari Fernández de Ocárizek, auzoko bizilagunak eta familiarekin batera istripuaren biktimak, bizitako egoera eta senideak galdu izana ekarri du gogora. Aldi berean, hiriak hildakoak eta zaurituak gogoan dituelako eta oroimen hori plaka batean islatu duelako eskerrak eman ditu. Plaka horretan, biktimak aipatzeaz gain, oinutsik dagoen pertsona baten bi oinatz ikus daitezke. Une hartan egindako argazki baten erreprodukzioa da eta inguruan oinez zebilen biktima baten oinatz odoleztatuak ikus daitezke bertan.
Maribel Prietok ere parte hartu du ekitaldian. Bera ere auzokidea eta gertaeren lekukoa da, eta BIZAN Pilarren adineko pertsonek ekimenarekin lotuta prestatu duten olerkia irakurri du. Bertan, milaka pertsona auzora bizitzera nola iritsi ziren eta istripuak haien bizitzetan utzitako arrastoa kontatzen da.
Jarraian, lore-eskaintza egin dute plakaren ondoan. Era berean, inguruko pertsonek eta kolektiboek osatutako sare komunitarioko ordezkariek ere parte hartu dute omenaldian. Gainera, elkarrekin lan egin dute, bai iaz istripuaren 50. urteurrena zela eta estreinatutako “Lainoaren aztarnak” dokumentala egiteko, bai gaurko oroitzapenezko eta plaka desestaltzeko ekitaldia antolatzeko.









