Olaranbe 3 futbol-zelaiak azken belaunaldiko soropil artifizial berria izango du
- Beste hobekuntza batzuk egingo dira, hala nola ateak ordezkatu eta aulkien eremua handituko da 385.932 euroko inbertsioarekin
- “21 udal-zelairen sarea modernizatuko dugu, Gasteiz kirol-instalazioetako erreferentziazko hiri gisa finkatzeko”, azaldu du Borja Rodríguezek
Tokiko Gobernu Batzordeak Olaranbe kirolguneko 3. futbol-zelaiko soropil artifiziala berritzeko eta ordezteko lanak esleitu ditu.
Hirigintza Sailak 385.932 euro inbertituko ditu, BEZa barne, bizitza baliagarriaren amaierara iritsi den azalera erabat berritzeko.
“Urtero, bi zelaitan esku hartzeko konpromisoa hartu genuen, 2027rako berritutako instalazio kopurua seikoa izan zedin eta, San Martingoa amaitu ondoren, orain Olaranbe 3 zelaian soropil artifiziala berritzeari ekingo diogu”, azaldu du Borja Rodríguez Hiri Eredu, Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak.
Obrak Mondo Ibérica SA enpresak egingo ditu, zuinketa-akta sinatzen denetik 12 asteko epean. Lanak amaitzean, Olaranbe 3 zelaiak soropil artifizial berria izango du eta horrek han partidak jokatzen dituzten jokalarien segurtasunean edozein arrisku ekidingo du.
“Soropil artifizial berria azken belaunaldiko materialarekin egingo da: dentsitate handiko polietilenoarekin. Kolore berde argi eta iluna izango du, estetika ahalik eta naturalena izan dadin”.
Soropil artifiziala berritzeaz gain, instalazioan beste hobekuntza batzuk egingo dira, hala nola hegalak handitzea aulkien eremuari leku gehiago emateko, ateak ordezkatzea eta iparraldeko eremuan babes-sare berri bat jartzea.
Esku-hartzea osatzeko, zelaia inguratzen duten kanaletak birjarriko dira eta 6 kanoiko ureztatze-sistema berri bat instalatuko da.
Enpresa esleipendunak konpromisoa hartu du hasiera batean 16 astetan ezarritako egikaritze-epea 4 astetan murrizteko, eta horrek puntuazio gehigarria ekarri dio bere proposamenaren balorazioan.
Inbertsioak
Kirolguneak berritzeko ondoz ondo egingo diren berrikuntza-lanetarako, Etxebarriaren gobernuak 3,6 milioi euroko inbertsio handia egingo du, “futbolean jokatzeko Udalak dituen 21 zelaien sarea modernizatzeko eta Vitoria-Gasteiz kirol-instalazioei dagokienez erreferentziazko hiri gisa finkatzeko”, adierazi du Rodríguezek.


