Nacho Duatok ‘Gnawa, Liberté, Na Floresta, Cantus’ aurkeztuko du larunbatean Felix Petiten
- Koreografoaren konpainiaren lau lan enblematikoenen aukeraketa bat da
Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren barruan, larunbat honetan, 19:30ean, Nacho Duato koreografo ospetsuaren ikuskizuna izango da Felix Petiten. Dantzariaren konpainiaren koreografia esanguratsuenetako batzuek osatzen duten lana da: Gnawa, Liberté, Na Floresta eta Cantus.
‘Gnawa’ lanean, Nacho Duatok bere sustraietan, arbasoen herentzian eta Mediterraneoarekin duen lotura estuan sakontzen du. Indarra, dotorezia eta espiritualtasuna dira lan horren ezaugarriak.
Bestalde, ‘Liberté giza eskubideei buruzko kontzientzia kolektiboa hartzeko deia da. Esklaboen etsipena, mina eta sufrimendua taularatzen du, mugimendu bihurtuz. Toto Bissainthe konpositore eta abeslariak bere lurrari, Haitiri, eskainitako abestietan inspiratutako pas de deuxa da.
Emanaldiak ‘Na Floresta’ lanarekin jarraituko du. Amazoniako oihanen edertasuna eta folklorea birsortzen dituen musika-triptikoa da eta naturarekin harreman estua duen sentimendua sortzen du.
Itxiera ‘Cantus’ek emango dio (2024an estreinatutako sorkuntzarik berriena). Duatoren lengoaia koreografikoaren eta Kart Jenkinsen musika boteretsuaren arteko fusioa da. Gatazka beliko baten izugarrikeriez hitz egiten du, gerraren erdian harrapatuta dauden gazteen begien bidez, eta indarkeriak eta suntsiketek beren bizitzetan nola eragiten duten azaltzen du.
Nacho Duato
Nacho Duato koreografo eta dantzari espainiarrak Netherlands Dance Theatren eta Cullberg Balleten hasi zuen bere ibilbide profesionala. Maurice Béjart, Alvin Ailey eta Jiri Kylianekin lan egin zuen koreografo lanetan hasi zenean. Hainbat urte arrakastatsu eta nazioarteko sari ugari jaso ondoren, Madrilgo Dantza Konpainia Nazionaleko zuzendari artistiko izendatu zuten (1990), eta nazioarteko koreografo entzutetsu gisa garatu zuen bere ibilbidea han. Arte Ederretako Merezimenduaren Urrezko Domina, Chevalier dans l’Ordre des Arts et des Lettres titulua, Benois de la Danse eta Espainiako Dantza Sari Nazionala jaso ditu, besteak beste.
2011-2014 bitartean, San Petesburgoko Mijailovski Balleteko zuzendari artistikoa izan zen. 2014tik 2018ra bitarte, Berlingo Staatsballetteko zuzendari artistikoa izan zen, eta Mijailovski Antzokian koreografo egoiliarra izan zen (zuzendari artistiko gisa itzuli zen bertara 2019an).
Nacho Duato konpainia dantza-konpainia gaztea da, Nacho Duato koreografo ospetsuaren eta bere taldeko dantzari izandako batzuen arteko lankidetzatik sortua. Bere helburu nagusia Duatoren ondare artistikoa zaintzea eta dantzari gazteei lan-aukerak eskaintzea da.
Ikuskizunaren txostena eta informazio gehiago.




