Mendizorrotzeko igerileku estaliek 10.500 sarrera baino gehiago izan dituzte zabaldutako ordutegian
- Iazko irailaren 16tik goizeko 06:00etan irekitzen dute, astelehenetik ostiralera
Mendizorrotza kirolguneko igerileku estalien ordutegia zabaldu izanak harrera bikaina izan du udal-instalazioetako abonatuen artean. Iazko irailaren 16tik, igerilekuak astelehenetik ostiralera 06:00etatik 21:30era egoten dira zabalik. Lehenengo urtean (mantentze-lanak egiteko udan itxita egon zen tartean izan ezik), 06:00etatik 08:00etara bitartean, 10.617 sarrera egon dira estalitako igerilekuetan.
Ana López de Uralde Kirol zinegotziak adierazi duenez, “datu oso positiboak dira, eta Mendizorrotzako igerileku estalietara sartzeko ordutegia bi ordu luzatu izana erabaki ona izan dela baieztatzen dute. Kirol Zerbitzuak hartutako neurri horrekin, kirola egitea sustatzen dugu, eta udal-instalazioetako abonatuek goizean goiz entrenatu eta igeri egin ahal izatea errazten dugu lanegunetan. Erantzuna bikaina izan da”.
Lehenengo urtean, 4.798 pertsona joan dira igerilekuetara igeri egitera 06:00etatik 07:00etara bitartean. Hurrengo tartean, 07:00etatik 08:00etara, are jende gehiago joan da: 5.832 erabiltzaile.
Mendizorrotza kirolguneko igerileku estalietako ordutegi zabaldua mantendu egingo da eta goizeko 06:00etatik iluntzeko 21:30era arte egongo dira zabalik astelehenetik ostiralera, eta 08:00etatik 21:30era larunbat, igande eta jaiegunetan. Udal-instalazioetako abonatuek bakarrik erabili ahal izango dituzte estalitako igerileku olinpikoa eta hastapeneko igerilekua 06:00etatik 08:00etara bitarte.
Halaber, Kirol Klubak irekitzeko ordutegia luzatu du, kirol-zerbitzuko bazkideak 07:00etatik sar daitezen instalazioetara.
Ostalaritza-zerbitzua
Bestalde, Mendizorrotzako Gizarte Eraikineko ostalaritza-zerbitzuak ordutegia aldatu du udako denboraldia amaitu ondoren. Hilabete honetatik aurrera, astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, goizez eta arratsaldez, 09:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara. Larunbatetan, 09:00etatik 21:00etara egongo da zabalik eta igandetan, aldiz, itxita egongo da, lehiaketak egiten diren egunetan edo Deportivo Alavések Mendizorrotzan jokatzen duenean izan ezik.

