Mazokak 10 urte bete ditu bere edizio esklusiboenean
- Gasteizko Marrazki eta Ilustrazio Azoka 2025eko abenduaren 19tik 21era bitarte egingo da Montehermoso Kulturunean
Monterhermoso Kulturuneko Ur Biltegi zaharrean egingo da Mazokaren 2025eko edizioa abenduaren 19tik 21era bitarte. Marrazki eta Ilustrazio Azokak 10 urte bete ditu ekitaldian parte hartuko duten profesionalen lanak modu esklusiboagoan sustatzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Aurten parte hartuko duten profesionalak 30 izango dira guztira.
Ekimenaren programa aurkezteko prentsaurrekoan hartu dute parte honako hauek: Vitoria-Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi María Nanclares; Gasteizko Kultura eta Hezkuntza zinegotzia, Sonia Díaz de Corcuera; Laboral Kutxako Komunikazioko lurralde-arduraduna, Kepa Ortiz de Urbina; eta Mazokako zuzendaria, Marta C. Dehesa.
“Mazoka maila handiko jaialdi grafikoa da eta marrazkigintzan, ilustrazioan eta arte plastikoetan sortzen ari diren balio berriak ezagutzeko aukera emango digu. Horiek guztiek profesional ospetsuekin partekatuko dute espazioa. Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak ekitaldi hau babesten du, sormen-industrien erakusleihoa delako. Hain zuzen ere, Udalak industria horien aldeko apustu irmoa egiten du”, nabarmendu du María Nanclaresek.
Bestalde, Sonia Díaz de Corcuerak honako hau nabarmendu du: “hamarkada honetan, agerian geratu da Mazoka ezinbesteko plataforma izan dela Euskadi barruko zein gure mugetatik kanpoko talentua ezagutzeko. Sekulako sormen-potentziala duen ekimena da, talentua landu, konektatu eta proiektatzen den espazioa, eta hori da, hain zuzen ere, Kultura Sailak sustatzen jarraitu nahi duena: inspiratuko duen, lagunduko duen eta bideak irekiko dituen kultura”.
Antolatzaileek adierazi dutenez, azokan parte hartzeko ehunka eskaera jaso dituzte, oso maila eta kalitate tekniko handikoak. Haietatik % 87 Espainiatik iritsi dira, eta, horien artean, % 26 Euskaditik, eta % 12 Arabatik.
Nazioartean interesa nabarmen handitu da, % 13 hori 2024an baino % 9 gehiago baita. Ordezkaritza handiena duten nazionalitateak Europakoak eta Hego Amerikakoak dira: Erresuma Batua, Finlandia, Italia, Frantzia, Portugal, AEB, Argentina, Txile, Kolonbia, Kuba, Dominikar Errepublika, Venezuela, Mexiko, Ekuador eta Mauritania.
Behin hautaketa eginda, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako, Ávilako, Málagako, Jaéngo, Huelvako, Zaragozako, Valentziako, Murtziako, Valladolideko, Bartzelonako, Madrilgo, Murtziako, Asturiaseko eta Santiago de Compostelako profesionalak izango dira Mazokan. Nazioarteko ordezkaritza, berriz, Dominikar Errepublikaren, Venezuelaren eta Italiaren eskutik etorriko da.
Gasteizko herritarrei eskainiko dizkieten produktuen artean, pieza bakarrak edo serie mugatuak (teknika digitalekin eta 3D inprimaketarekin egindakoak), eta artisauak daude: linograbatuak, monotipoa eta urtinta, brodatuak, azulejuak, zurezko piezak eta argi-kutxak.
Mazokalariak
Mazokaren X. edizioan graffitigileak, ekitaldi handietako ilustratzaileak, izango dira. Haietako bat izango da Andrea V. Francesch italiarra, besteak beste Cartier enpresentzat lan egin duena. Horrez gain, bideosortzaile eta kartelgileak ere izango dira, Ximon Aguirre hernaniarra, adibidez; baita poeta bisualak ere, Alera Vida dominikarra, adibidez (esperimentaziorako lurralde gisa papera eta ehunak erabiltzen ditu, artearen, gorputzaren eta memoriaren arteko lotura arakatuz). Horrez gain, bertan izango da Raquel West oviedoarra, eta naturatik hasi eta mitologiara arte biltzen dituzten estilo zientifikoko irudi infografikoak eta landa-koadernoak izango ditu ikusgai.
Ikasleekin batera, profesional ospetsuak ere izango dira, hala nola Alberto Aragón zaragozarra, prentsan eta publizitatean espezializatua, ‘The Washington Post’, ‘The New Yorker’, ‘El País’, ‘Libération’, ‘Panenka’, ‘Heraldo de Aragón’, ‘Financial Times’ eta ‘Público’ egunkarientzat lan egiten duena.
Gainera, argitaletxeetarako ilustratzaile lanetan ibilbide luzea eta zaindua egin duten emakumezkoak ere izango dira bertan. Haietako bat da Nuria Díaz galiziarra. 35 liburu baino gehiago ilustratu ditu gaur arte eta haietako batzuk testuaren nahiz ilustrazioaren egile oso gisa (‘El gran hotel Wes Anderson’; ‘Alfred Hitchcock, el niño que filmó el miedo’; ‘Charlie Chaplin, el pequeño vagabundo’ )
Mazokan parte hartuko duen beste saridun bat da Ramón París venezuelarra. Izan ere, sari ugari jaso ditu bai animazio eta motion graphics lanagatik (BDA Award, New York festivals, Publifestival eta LAUS), bai ilustratzaile lanagatik (2025/2020/2014). 2024/2013 White Ravens Liburu Bankuaren haur eta gazteentzako liburu onenak, 2022/2020/2013 IBBY List International Board on Books for Young People, 2017 Bologna Illustration Exhibition, Audience Favorite eta beste hainbat sari.
Emakumeen ahotsak, eta ahots feministak, komikiaren munduan indartsu sartzen ari direnak, hala nola Natalia Velarde, Bekikasle 2020 eta 2021-2022 Gazte Sorkuntzarako Injuve Beka eskuratu zuena (horri esker, bere lehen eleberri grafikoa argitaratu zuen Reservoir Books-en, eta sari eta aintzatespen ugari jaso ditu); Clara Cábez ‘Cols ‘ (50eko hamarkadako ikonografia iparramerikarraren eragin argiko estiloa du eta bere pop grafika 2022ko Bartzelonako Komiki Aretoan saritua izan zen); eta Higinia Garay 2024an Espainiako Kulturaren Ekintza Programari esker Angoulêmeko Nobela Grafikoaren egonaldirako hautatu zutena eta 2021ean Quemeceko La Maison de la Littératurek, Cité Internationale de la Bande Dessinée et de l’Image de Angoulêmek eta Azkuna Zentroak antolatutako Komikiaren Egonaldi Gurutzatuaren Beka eskuratu zuena.
Aipamen berezia merezi du bestalde Lindsay Olivares kaliforniarrak, duela gutxi bizitzera Euskadira etorri denak. Ilustratzaileak ibilbide zabala eta entzutetsua du pertsonaien diseinatzaile eta zuzendari artistiko gisa. Besteak beste, Netflixen ikusgai dagoen “Los Mitchels contra las Máquinas” film animatuaren egilea da. Beste bezero batzuk Sony Pictures Animation, Dreamworks Animation eta Disney TV Animation dira. Lindseyk 2022ko edizioan Pertsonaien Diseinatzaile Onenaren eta Ekoizpeneko Diseinatzaile Onenaren bi Annie (Animazio arloko Oscar sarien baliokidea) irabazi zituen eta “Hitzarte” lana erakutsiko du. Euskadira iritsi eta euskara ikasten hasi zenean hasitako proiektu ilustratua da, estilo piktorikoa duena.
Gasteizen hazi eta bizi izan diren eta ibilbide ezberdinak izan dituzten hiru artistak ere parte hartuko dute, hala nola Álex Echeitak, Diego Blancok eta Alba Tojok. Álex Echeita Blackwork estiloan espezializatuta dago eta pieza paregabe, ilustratu eta artisauak aurkeztuko ditu, hala nola maskarak eta osagarriak (zintzilikariak, giltzatakoak, imanak, kandelak eta dekorazio-piezak), guztiak tatuajearen unibertsoan eta arte garaikidearen eta hiri-kulturaren arteko fusioan inspiratuta.
Diego Blancok Madrilen ilustratzaile gisa lan egiten du duela hamarkada batzuetatik, besteak beste, Santillana, Anaya, Alfaguara, Planeta eta Oxford argitaletxeentzat, eta ‘El País’, ‘Público’, ‘revistaZero’, ‘20minutos’ eta ‘Muy interesante’ komunikabideentzat, eta Carrefourrentzat, beste enpresa batzuen artean. Mazokan bere lanen eta originalen aukeraketa bat jarriko du salgai, baita berak diseinatutako eta ilustratutako liburuak ere.
Alba Tojo Murgian bizi den gasteiztarraren lan artistikoa grabatu garaikidean zentratzen da, xilografian batez ere, nahiz eta beste teknika kalkografiko batzuk ere erabiltzen dituen, ikusizko adierazpen-modu berrien etengabeko bilaketan.
Mazoka 2025 beka
Gaur goizean egindako prentsaurrekoan jakinarazi da, halaber, nork irabazi duen Bekikasle Mazoka-Laboral Kutxa V. BEKA. Irabazleak, bekari esker, laguntza ekonomikoa jasoko du: doako izen-ematea, eta ekoizpenerako eta ordainsarietarako 500 euroko ekarpena eta webgune profesional baterako harpidetza.
Sebastian Espinazo portugaletetarra (2005), Bilboko Argi Arte eskolako ilustrazio eta diseinu ikaslea, izan da irabazlea. Espinazok bere fantasiazko eta zientzia-fikziozko unibertsoa sortu du hiru pertsonaiaren inguruan. Bertan, psikodeliak, kolore fluoreszenteek, dardaratiek eta kontraste handikoak narratiba txikiak dituen eszenak sortzen dituzte.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Mazokak erakutsi du Euskadiko amateurrak eta profesionalak ezagutzeko erakusleiho bikaina dela. Orain arte, sei epai eman dituzte eta saritutako pertsona guztiak profesionalizatu dira ordutik. Gainera, guztiek ospe handiko errekonozimendua eta sariak jaso dituzte. Horien artean, Juanjo Gasull, Paula Huarte, Natalia Velarde, Carmen B. Mikelarena edo Saioa Aginako nabarmendu behar dira.




