Maider Etxebarriak elkarrizketa eta balio demokratikoak aldarrikatu ditu “mundu mailako egoera astintzen duten lehien aurrean”
- Gasteizko alkateak 2.000 ordezkari baino gehiago eta gizarte zibileko liderrak elkartuko dituen Gobernu Irekiaren Aliantzaren Goi Bilera Globalari hasiera eman dio
Vitoria-Gasteizko alkate Maider Etxebarriak nazioarteko elkarrizketa eta lankidetza goraipatu ditu “indarkeriari eta diskurtso autoritarioen hazkundeari” aurre egiteko, aste honetan Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo den Gobernu Irekiaren Aliantzaren Goi Bilera Globalari hasiera emateko egindako osoko bilkuran. Topaketak mundu osoko 2.000 ordezkari baino gehiago bilduko ditu. Alkateak nabarmendu du goi-bilera Euskadiko hiriburuak bere historia osoan hartu duen nazioarteko hitzordu handiena izateaz gain, “une erabakigarri batean” iritsi dela. “Gaur gure hiria mundura zabalduko dugu, demokraziarekin, giza eskubideekin eta gobernu onarekin dugun konpromisoa indartzeko”, adierazi du.
Etxebarriak aldeaniztasuna eta adostasuna defendatu ditu “mundu mailako egoera astintzen duten lehia geopolitikoen” aurrean. Bere hitzetan, beharrezkoa da “inspiratzen gaituzten” eta Aliantzaren sorrera eragin zuten “balio unibertsalak” babestea. Ildo horretan, alkateak azpimarratu du “gardentasunak, parte-hartzeak eta kontuak emateak konfiantza sortzen dutela herritarrengan, eta koherentzia ematen diotela kudeaketa publikoari”. Ildo horretan egindako edozein aurrerapenek “lidergo eraginkorra eraikitzen laguntzen du”, gaineratu du.
Hasiera-hasieratik goi-bilerako saioak Gasteizko hainbat lekutara iritsi dira. Hala, jauregi, hotel edo egoitza instituzionaletan esperientziak eta jardunbide egokiak trukatu dituzte, eta alkateak hori guztia nabarmendu nahi izan du: “Aliantza hiri honen taupadaren parte izatea nahi dugulako. Erakundeok modu koordinatuan lan egin dugu gobernantzaren fokua zabaltzeko”.
Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidenteak, Europa Jauregian hitz egin aurretik, Salburua auzoko babes ofizialeko etxebizitza batzuk bisitatuko ditu alkatearekin eta beste agintari batzuekin batera, eta Imanol Pradales Lehendakariak ere irekiera-ekitaldian parte hartuko du gaur.
Maider Etxeberria alkatearen diskurtsoa