Maider Etxebarria: “toki-gobernuak funtsezkoak gara etorkizun bidezkoagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko”
- Alkateak udalerriak “aldaketa globalaren eragileak” direla aldarrikatu du 2030eko Agendarako Tokiko Erakundeen Sarearen batzarrari hasiera emateko ekitaldian
Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkateak 2030 Agenda betetzeko “aldaketa globalerako motor gisa” tokiko gobernuen boterea aldarrikatu du gaur. Alkateak garapen jasangarriaren aldeko 2030eko Agendarako Tokiko Erakundeen Sarearen batzarrari hasiera emateko saioan parte hartu du. Sarea Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioak (FEMP) osatzen du, eta batzarrak Espainia osoko 200 ordezkari politiko eta teknikari bilduko ditu Gasteizen. Topaketa gaur eta bihar izango da, eta Sarea osatzen duten toki-erakundeen arteko lankidetza indartzea du helburu, dagoeneko 700 baino gehiago baitira.
Etxebarriak gogorarazi du beharrezkoa dela Garapen Jasangarriko Helburuen ezarpena optimizatzea Nazio Batuek ezarritako ibilbide-orriaren arabera, eta adierazi du “erabakigarria” dela 2030 Agendaren benetako dimentsioa ulertzea; izan ere, bere hitzetan, “ez gara ari ingurumen-jasangarritasunaz bakarrik, gizarte-aurrerapenaz eta gobernantza integralaz ere bai”. Alkateak azpimarratu duenez, “tokiko erakunde gisa, gure erronka nagusia ez da 2030 Agendari buruz eztabaidatzea, hura finkatzea baizik. Helburu orokor handi horiek ekintza zehatz bihurtu behar ditugu”. Gaineratu duenez, udalerrietan 2030 Agendak “bizitza hartzen du”, eta horietan erakutsi behar da “etorkizun bidezkoagoa eta jasangarriagoa posible dela”.
Alkateak adierazi duenez, “badakigu 2030 Agendaren erronka handiegia dela bakarka aurre egiteko”, eta, horregatik, lankidetzarako deia egin du, “horren arrakasta 17. GJHren mende dagoelako: helburuak lortzeko aliantzak eratzea”. Nabarmendu duenez, erakundeak “prest” daude “2030 Agenda tokian tokikotik abiatuta errealitate bihurtzeko konpromisoa beren gain hartzeko, jasangarritasunean, inklusioan eta herritarren parte-hartzean oinarritutako politikekin”.