World Press Photo 2025 Montehermoson dago

- ‘On egin’ erakusketa Jovellanos aretoan dago, World Food Photography Awards lehiaketako argazkiekin
- Bi jarduera osagarri antolatu dira: argazkilari Daniel Ochoa de Olzak ‘The Gap’ proiektuari buruz emango duen hitzaldi-konferentzia bat eta mahai-inguru bat ‘Palestina eta Sudan, mundua odolusten ari diren bi krisi’
Aurten ere, bigarrenez, World Press Photo nazioarteko fotokazetaritza lehiaketa irabazi duen argazkia Gazako genozidioarekin lotuta dago. Argazkiak Israelen bonbardaketa baten ondorioz bi besoak galdu zituen 9 urteko Mahmoud Ajjour mutikoaren plano ertain bat erakusten du. Argazkia Samar Abu Elouf argazkilari palestinarrak egin zuen The New York Times egunkariarentzat eta World Press Photoren aurtengo edizioa osatzen duten 41 egileren 160 argazkietako bat da. World Press Photo munduko fotokazetaritza lehiaketa garrantzitsuena da eta hogeita hirugarren urtez iritsiko da Gasteizera, Arabako hiriburuko Udaleko Kultura Sailaren eskutik.
Erakusketarako hautatutako argazkilarien lanek berriz ere jorratu dituzte mundu mailan kezka eragiten duten gaiak, hala nola gatazka armatuak, lehorteak eta klima-aldaketaren beste ondorio batzuk, gizarte-matxinadak, emigrazioa, animalien munduarekiko harreman konplexuak, autoritarismo politikoaren goraldia eta irakurketa unibertsala duten giza inguruabarren alderdi intimoak. Azpimarratzekoa da WPPk arreta berezia eskaintzen diela eguneroko albisteen narratiban ohikoak ez diren komunitateen eta planetako eremuen istorio bisualei.
2025eko edizioan, WPPk 70 urte bete zituen sortu zenetik eta 141 herrialdetako 3.778 profesionalen ia 60.000 argazki aurkeztu ziren.
Bisita gidatuen programa bat dago talde, ikastetxe eta partikularrei zuzenduta. Informazioa Montehermoso Kulturunean eskura daiteke.
Janariaren gozamena eta edertasuna: ‘On egin’
Nazioarteko argazki lehiaketa hau oso desberdina da, janariak esan nahi duen horri egindako kantu bisual bat baita. Argazkilaritza gastronomikoaren sarien lehiaketa (World Food Photography Awards) lehen aldiz iritsiko da Espainiara eta Montehermoso Kulturuneko Jovellanos aretoan izango da ikusgai. World Press Photoren aldamenean egongo den erakusketak sentsazioen erabateko kontraste bat ekarriko du. Pastelen edertasuna, mahaiaren inguruan biltzearen alaitasuna, fantasia jangarriak eta ohiz kanpoko usadioak islatzen dira duela 15 urte Erresuma Batuan sortu zen eta hemen ‘On Egin’ izendatu dugun lehiaketara aurkeztutako milaka argazkien artean hautatuko 22 irudiotan.
Gogoetarako irudi bat: Mugako harresia Sonorako basamortuan
Aurreko urteetan bezala, argazki erakusketa dokumentalen multzo honetarako aurkezpena izenburu generiko bat duen irudia da: “Gogoetarako irudi bat” izenekoa. Tamaina handiko argazki bat da, bi metro baino gehiagokoa, eta ur biltegira sartzeko arrapalaren amaieran egiten dio harrera publikoari. Oraingo honetan basamortuaren irmotasuna estetikoki hausten duen etorkinen aurkako harresiaren aireko hartualdi bat da. Egilea Daniel Ochoa de Olza nafar argazkilari ezaguna da.
Argazkilaritzarekin lotutako jarduera hauek urriaren 16tik azaroaren 16ra bitartean egongo dira zabalik, egunero —astelehenak eta jaiegunak barne—, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 21:00etara eta sarrera doakoa izango da.
Beste jarduera batzuk
Urriaren 23a, osteguna: hitzaldia eta proiekzioa Daniel Ochoa de Olza argazkilari nafarraren eskutik, ‘The Gap / Muga’ proiektuari buruz. Iraupen luzeko lan bat da, non irudi ikusgarri batzuk giza faktorearekin eta Ameriketako Estatu Batuek immigrazioari jarritako oztopoekin konbinatzen diren. Nazioartean saritua izan den ibilbide profesional baten beste alderdi batzuk ere erakutsiko ditu. Mugak Arkitektura Bienalak babestutako jarduera.
Urriaren 30a, osteguna: mahai-ingurua: ‘Palestina eta Sudan, mundua odolusten ari diren bi krisi’. ENFOCAH eta Mugarik Gabeko Medikuakek antolatuta Garapenerako Lankidetzarako Udal Zerbitzuaren lankidetza du. Korrespontsal eta fotokazetariek hartuko dute parte, eta hizpide izango dituzte, bai eszenario horietan informazioa estaltzeko dituzten zailtasunak, bai horrek herritarren pertzepzioan duen eragina ere.
Biak Montehermoso Kulturunean, 19:00etan, izango dira.