Hogei bat argazki izango dira ikusgai Landazuri kiroldegiko aretoetan Arte eta Lanbide Eskolaren eskutik
- 20 pertsona baino gehiago inplikatu dira Eskolaren eta Gasteizko Udalaren Gizarte Etxeen Zerbitzuaren arteko lankidetza-proiektu honetan
Miren Fernández de Landaren adierazpenak (mp3)
Landazuri kiroldegiko aretoetako batzuk inoiz baino politagoak dira aste honetatik, edo, behintzat, paretetan artelan ugari ikus daitezke. Arte eta Lanbide Eskolaren eta Vitoria-Gasteizko Udalaren Gizarte Etxeen Zerbitzuaren arteko lankidetzari esker lortu da hori. Kale berean daudenez eta haien sintonia onari esker, prestakuntza-zentroa arduratu da areto horietako batzuetako hormetan ikusgai jarri diren hogei bat argazki asmatu, sortu eta ekoizteaz.
Ez da bi erakundeen arteko lehen lankidetza izan. Gizarte Etxeen Zerbitzuaren eta Arte eta Lanbide Eskolako Irudi Sailaren arteko harreman onari esker, hainbat proiektu sortu dira, hala nola Aldabe gizarte-etxeko beiratean dagoen horma-irudia edo joan den ikasturtean David Jiménez argazkilariak Eskolaren 250. urteurrena zela eta gizarte-etxe berean eskaini zituen hitzaldia eta lantegia.
Hain zuzen ere, David Jimenezen hitzaldi eta jarraian egindako tailerraren ondoren hasi zen Aldabe, Landazuri eta Landatzo gizarte-etxeko koordinatzaile Jokin García Elorza Landazuri kiroldegiko areto batzuk edertzeko, margotzeko eta dekoratzeko prozesuan Eskola barneratzeko aukerari bueltak ematen. Eskolako Irudi Sailak proposamena onartu eta tailerrean parte hartu zuten 20 pertsonek lanari ekin zioten. “Alde guztiek borondatea eta sintonia ona dutenean, proiektu hau bezalako gauza politak egin daitezke, eta, gainera, herritar guztiek goza dezakete horretaz, espazio horien erabiltzaile gisa”, ziurtatu du Uxua Garcia Antoñanak, Arte eta Lanbide Eskolako zuzendariak.
Bestalde, Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak, Miren Fernández de Landak, esperientzia oso positiboa dela adierazi du eta elkarlanean jarraitzearen alde agertu da. “Arte eta Lanbide Eskolak lan oso ona egiten du arlo artistiko askotan. Gizarte-etxeen eta hezkuntza-erakunde honen arteko lankidetza oso baliagarria da, eta horretan sakonduko dugu ahalik eta gehien. Oso balorazio positiboa egiten dugu”.
Argazki bakoitzari zentzua emateko bi bilera egin eta irudiak sortzeko hainbat hilabete eman ostean, ideia gisa sortu zen hura gaur egun errealitate bihurtu da. “Hiru jardun-ildotan lan egin zen: argazki bertikalak, koloredunak eta abstrakzio maila txika dutenak, geletako bateko armairuen ateetan jartzeko; beste irudi batzuk tematika eta teknika librez egindako formatu handian egin ziren, neurri handiko horma batean jartzeko, eta zuri-beltzeko argazki karratuak, 7x2ko mosaiko bat osatzeko, beste espazio bateko leihoen matrizearen formarekin bat eginez”, adierazi du Piko Zulueta Eskolako irakasleak eta proiektuan parte hartzen duen pertsonetako batek.
Emaitza dagoeneko ikusgai dago Landazurin, eta alboan inskripzio hau dute irudiek: Argazkiak Arte eta Lanbide Eskolako Irudi Sailaren eta Gasteizko Udalaren Gizarte Etxeen Zerbitzuaren arteko lankidetza-proiektu baten emaitza dira, Eskolaren 250. urteurrena dela eta.