Goiuri jauregian egin dute ‘2025eko Emakume Kartagileak’ aitorpena emateko ekitaldia
- Maider Etxebarria Gasteizko alkateak Begoña Etayo ekintzaile feministari eman dio saria
Goiuri jauregian egin dute gaur arratsaldean ‘Emakume Kartagileak’ aitortzaren bigarren edizioa. Aitortza horren bidez, Vitoria-Gasteizko Udalak genero-berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloan hiriari lotutako pertsona, elkarte, kolektibo eta erakundeak nabarmendu nahi ditu.
Saria Begoña Etayok, Maria de Maeztu Forum feministako kide eta ‘La hora violeta’ Irakurketa Feministako Klubaren sustatzaileak, jaso du. Gasteizko alkateak, Maider Etxebarriak, eman dio saria.
“Plazera da gaur aitorpen hau Begoña Etayori ematea. Izan ere, Begoña tokiko feminismoaren historia da. Gure borroka eta guk baino askoz lehenago gaur egun ditugun eskubideak aldarrikatuz beren altxatu zuten emakume haien guztien konpromisoa sinbolizatzen ditu. Hausnarketa, konpromisoa eta gizartea ikuspegi feministatik eraldatzeko gaitasuna adierazten ditu, eta horrek bideak irekitzea eta komunitate gisa aurrera egitea ahalbidetzen digu”, adierazi du Etxebarriak.
“Zoritxarrez, oraindik ere emakumeen lana eta ahotsa isilarazten saiatzen ari den munduan bizi gara. Mendetan zehar gure aintzatespena ezabatzen saiatu dira, baina Begoña bezalako pertsonei esker, aitortzarako espazioak, emakume ausarten historiak, irakurketak eta itxaropena ematen diguten elkarrizketak berreskuratu ditugu”, gaineratu du alkateak.
Hitzaldi-solasaldia
“Emakume Kartagileak” sariaren izenak Arabako hiriburuko lantegietan soldatapean lan egin zuten lehen emakumeei egiten die erreferentzia, baina kontzeptu zabalagoa ere jasotzen du, emakumeek genero-berdintasunaren alde egindako borrokarekin lotutako esanahi desberdinak irudikatzen dituena.
Horregatik, sari-banaketaren ondoren, mahai-ingurua egin dute emakumeak Arabako fabrika eremuan soldatapeko langile gisa sartu zireneko garaiak gogora ekarriz, eta batez ere emakume kartagileak izan dituzte hizpide.
Beren gogoetak eskaini dituztenetako batzuk izan dira hauek: Maribel Nájera de Ituerto, Fournierreko langilea lau hamarkadatan; Aritza Sáenz del Castillo Velasco, Historian doktorea EHUn eta ‘Naiperas, una memoria viva’ azterlanaren egilea; eta Zuriñe López de Sabando Sainz, Huts Laborategiko ekoizlea eta Heraclio Fournierren lan egin zuten hiru emakumeren borrokei buruzko ‘De chica en la máquina’ dokumentalaren zuzendaria. Hain zuzen ere, ekitaldian dokumentala ikusteko aukera egon da.
Gainera, bertaratu direnek Itziar Yagüe abeslari eta konpositorearen eta Amaia Ureta piano-jotzailearen musika-emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute.
Begoña Etayo
Begoña Etayo Ereña irakasle eta aktibista feminista da, Bilbon jaio zen 1958an eta Gasteizen bizi da. Genero-berdintasunean eta garapenerako lankidetzan espezializatu da.
Etayo María de Maeztu Forum feministako kidea da, eta 2013an Irakurketa Feministako Kluba, “La hora violeta”, jarri zuen martxan, Gasteizko Udalaren Berdintasun Zerbitzuak sustatzen duen Jabetze Feministarako Eskolan hainbat talde dinamizatuz.










