Gobernu Irekiaren Goi Bilera Globala “bikaina” izan dela esan du Etxebarriak

- Alkateak antolaketaren arrakasta azpimarratu eta horrek Gasteizek lehen mailako ekitaldiak hartzeko duen gaitasuna “berretsi” duela adierazi du
Maider Etxebarria alkatearen hitzetan, “bikaina” izan da Gobernu Irekiaren Aliantzaren Goi Bilera Globalaren antolaketa. Vitoria-Gasteizko historiako ekitaldirik garrantzitsuena eta jende gehien bildu duena izan da, eta aste honetan ehun herrialde ingurutatik etorritako 2.000 pertsona baino gehiago bildu ditu.
Etxebarriak eskerrak eman dizkio Espainiako Gobernuari nazioarteko hitzordu hau hartzeko Arabako hiriburuan jarritako konfiantzagatik, eta nabarmendu du “goi-bileraren antolaketaren arrakastak balio izan duela erakusteko Gasteizek lehen mailako ekitaldiak bikaintasunez hartzeko duen gaitasuna”. Hori bera baieztatu dute goi-bilerara joandakoen iritziek 5etik 4,8ko nota jarri baitiote.
Astean zehar, mundu osoko gobernu, erakunde eta herritarren ordezkariek gardentasunari, parte-hartzeari eta berrikuntza demokratikoari buruzko eztabaidaren erdigune bihurtu dute Gasteiz. 382 hizlarik hartu dute parte eta bertan izan dira, besteak beste, Felipe VI.a erregea eta Pedro Sanchez Gobernuko presidentea.
Erakundeen eraginaz gain, goi-bilerak “itzulkin ekonomiko eta turistiko garrantzitsua” eragin du, alkateak azpimarratu duenez. Hainbat sektoretako (komunikazioa, ekitaldien antolaketa, sukaldaritza, segurtasuna edo garraioa, adibidez) tokiko hogei enpresa baino gehiagok egin du lan hitzordua antolatzen. Hotelen okupazioa % 100era iritsi da, eta ostatuan eta mantenuan egindako zuzeneko gastua 5 milioi euro ingurukoa izan da. Horrez gain, ez dugu ahaztu behar hiriko beste zerbitzu batzuetan ere eragin ekonomiko handia izan duela.
Gobernu Irekiaren Goi Bilera Globalak ere oihartzun handia izan du komunikabideetan, Estatu mailako eta nazioarteko prentsan eta sare sozialetan aipamen nabarmenak egin baitira. Hala, Gasteiz izena milioika aipamenetan irakurri ahal izan da.
Horrela, Gasteizko hiriburua ekitaldi hori jaso duen eta estatu bateko hiriburu ez den lehen hiri bihurtu da, eta Brasilia, Londres, Mexiko Hiria, Tbilisi, Paris, Ottawa, Seul edo Tallinn hiriek osatzen duten zerrendara gehitu da.
Goi mailako hitzordu gehiago
Lorpen horren ondoren, Gasteizek ekitaldi handiak antolatzen jarraituko du. Hala, urriaren 22an eta 23an, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren (FEMP) 2030eko Agendarako Tokiko Erakundeen Sarearen Batzarra jasoko du. Halaber, Etxebarriak iragarri du Europa Jauregiak Turismogune Adimendunen VIII. Kongresua hartuko duela 2026ko apirilean.