Gobernu Batzordeak hurrengo hamarkadarako garbiketarako eta hondakin-bilketarako zerbitzu berria kontratatzeko espedientea onartu du
Etxebarriaren gobernuak datozen 10 urteetarako hiri-hondakinen garbiketako, bilketako eta garraio publikorako zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu du. Horretarako 384,97 milioi euroko kontu-saila bideratuko da.
Zerbitzua esleitzeko pleguak lizitaziora aterako dira eskaintzarik aurkeztu ez zutelako aurreko prozesua hutsi geratu ostean.
Kontratu berriak aurreko plegua hobetzen du. Besteak beste, udako hilabeteetan espaloietan baldez egindako garbiketa mekanikoa lehenetsiko da, baldintza klimatologikoak egokiak direla aprobetxatuz. Neguan, aldiz, baldez egindako garbiketa mekanikoa zailagoa izaten da, euria edo izozteak direla eta.
Horrez gain, urte osoan zenbait lantalde operatibo martxan izatea planteatzen du. Talde horiek belar-sastrakak edo hostoak kentzeko lanak egingo dituzte, urtaro bakoitzaren arabera. Neguko hilabeteetan, espaloietan, parkeetan eta lorategietan hostoak kenduko dituzte batez ere; martxotik urrira, berriz, belar-sastrakak eta zolatutako eremuetan azaltzen diren landare arrotzak kendu beharko dituzte.
Lan horiek egiteko, makina espezializatuak izango dituzte, hala nola haize-makinak, sasi-garbitzeko makinak edo belar-kentzeko makina bat, galtzadetako eta ertzetako landaredia garbitzen duena, bai eta ibilgailu arinak ere, besteak beste.
Makinak berritzeari dagokionez, pleguan zehazten da enpresa esleipendunak zenbat makina erosi behar dituen zerbitzuak emateko. Ibilgailu astunentzako gas naturalaren aldeko apustua egin da, eta ibilgailu elektrikoak gehitzeko aukera ere kontuan hartu da.
Kontratu berriak hiri osoan metalezko edukiontziak ezartzea, auzoetan urtero garbiketa intentsiboak egitea, zoladura makina espezifikoekin garbitzea eta gaikako bilketarako 500 paperontzi jartzea ere jasotzen ditu, besteak beste.
Luzapena
Esleipendun berria zerbitzua ematen hasi arte, egungo kontratuak indarrean jarraituko du, Tokiko Gobernu Batzordeak gaur adostutako luzapenarekin.
Zerbitzuaren ezohiko luzapen hori egungo kontratua amaitzen denetik aurrera (urriaren 31n) gauzatuko da, eta, nolanahi ere, gehienez ere 9 hilabeteko eperako izango da luzapen hori. Hilean, 2.124.111,34 euroko (BEZa barne) zenbatekoa izango du.