Gizarte-etxeak jardunbide egokien erakusgarri Gobernu Irekiaren Goi Bilera Globala hasi aurreko ekitaldietan
- Azterlan batek haien inpaktua ikertu du kohesio sozialari, osasun komunitarioari, jasangarritasunari eta bizi-kalitateari egiten dieten ekarpena kontuan hartuta
Gobernu Irekirako 2025eko Aliantzaren Goi Bilera Globala egingo da bihartik, hilaren 7tik, aurrera, eta gaurtik hasita, ekitaldi paraleloak antolatu dituzte. Horietako bat gaur arratsaldean egin da Eusko Jaurlaritzan eta Gasteizko gizarte-etxeak nabarmendu dituzte jardunbide egokien erakusgarri gisa. Miren Fernández de Landa zinegotziak adierazi duenez, “kirol, kultura, gizarte edo herritarren arretarako zerbitzuak emateko azpiegiturez gain, herritarrek parte hartzeko guneak eta 2030 Agendarekin lerrokatutako gobernantza demokratikoko eskolak ere badira”.
Euskadiko hiriburuak 70 herrialdetatik etorritako 2.000 pertsona, nazioarteko erakundeetako ordezkariak, Estatu mailako eta tokiko gobernuak eta gizarte zibileko liderrak jaso ditu dagoeneko. Hauxe izango da, gainera, hiriak orain arte hartu duen kongresurik handiena.
Goi-bileraren egoitza nagusia Europa Jauregia izango da bihartik aurrera, baina hiriko beste leku batzuetan ere ekitaldi paralelo ugari egiten hasi dira, eta horietako bat izan da gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egin dena. “Gobernu Irekirako Tokiko Aliantza: konektatu, ikasi eta lider izan” izenburu orokorraren baitan, hainbat jardunbide egoki azaldu dira. Horietako bat izan da Gasteizko gizarte-etxeen sarea eta hurbileko ekipamenduen sare horrek herritarrengan eta udalerrian duen eragina ikertzeko egiten ari diren azterketa. Horretarako, gizarte-kohesioari, osasun komunitarioari, jasangarritasunari eta, azken finean, pertsonen bizi-kalitateari egiten dioten ekarpena hartu da oinarritzat.
Lan hori Deusto Cities Lab katedrari ( Roberto San Salvador Gizarte eta Giza Zientzien Fakultateko katedradunaren zuzendaritzapean) enkargatu zaio. “Duela 40 urte baino gehiago, eta José Ángel Cuerdaren, hiri honek hainbeste zor dion alkate ameslari haren, eskutik, gaur egun hamalau gizarte-etxek osatzen duten hurbileko ekipamenduen sarea abian jartzeko itzulerarik gabeko bideari ekin genion”, gogorarazi du Miren Fernández de Landa zinegotziak.
Zerbitzu onak eta kudeaketa ona eskaintzeaz gain, azterketa honen bidez zentzu guztietan duten balio soziala eta eskaintzen duten itzulkina ebaluatu eta ulertu nahi dira: ekonomian, gizartean, kulturan, osasunean, komunitatean… Roberto San Salvador katedradunak, bere lanarekin, gizarte-etxeak “desberdinkeriak murrizten dituzten espazioak, gobernantza demokratikoko espazioak, 2030eko paradigmaren kokalekua eta herritarren konplizitatea sustatzen duten tokiak” direla baieztatu du.