Gaur, astelehena, hasiko dituzte Ariznabarrako garai bateko hondar eremua berdegune bihurtzeko lanak
- Jarduketa Auzoen Planean sartuta dago eta Gazteluen Auzoa auzo-elkartearekin adostu zuten hondatuta dagoen espazioa berreskuratu eta lehendik zegoen lorategia handitzeko
Astelehen honetan hasiko dituzte Ariznabarrako garai bateko hondar eremua berrurbanizatzeko eta hobetzeko obrak. Vitoria-Gasteizko Udalak Auzoen Planaren barruan bultzatutako proiektua da, eta Gazteluen Auzoa auzo-elkartearen adostasuna jaso du.
Lanei esker, hondatuta dagoen eta erabilerarik ez duen espazio hori berreskuratu eta ingurunean integratutako lorategi eremu bihurtuko da. Horri esker, lehendik zegoen lorategia handitu eta multzoaren irudia eta funtzionaltasuna hobetu ahal izango dira.
“Hondar eremu zaharrean esku-hartzea auzotarrek behin eta berriro egindako eskaria zen. Jarduketa horrekin eskaera horri erantzuten diogu eta Ariznabarrako espazio publikoaren kalitatea hobetzen lagunduko dugu”, adierazi du alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotzi Beatriz Artolazabalek.
Proiektuaren arabera, hondar eremu osoa berdegune bihurtuko da, aldameneko parterrearen diseinuari jarraituz, auzotarrek egunero erabili ahal izango duten ingurune koherenteagoa, irisgarriagoa eta atseginagoa sortzeko.
Lanek 39.474,37 euroko aurrekontua eta sei asteko gauzatze-epea dute, eta Campezo Obras y Servicios SA enpresari esleitu dizkiote. “Ariznabarrak hiri-kalitatea eta espazio atseginak irabazten jarraituko du. Esku-hartze hori beste adibide bat da Auzoen Planak herritarrentzako hobekuntza zehatz eta ikusgarriak nola ekartzen dituen erakusteko”, adierazi du Artolazabalek.