Noticias del País Vasco

Gasteizko Udal Musika Bandak ‘Gau transfiguratua’: Weber, Rachmaninoff eta Tchaikovsky-ren oihartzunak eta metamorfosia’ kontzertua eskainiko du Europa Jauregian asteazkenean

  • Taldeak hiru pieza interpretatuko ditu: Paul Hindemithen bat eta Johan de Meijen bi
  • Duela gutxi Intercentros-Melómano Lehiaketarekin hasitako hitzarmenari esker, Álvaro Lozano biolontxelo solista izango da

 

Vitoria-Gasteizko Udal Musika Banda Europa Jauregira itzuliko da asteazkenean, 19:30ean, ‘Gau transfiguratua: Weber, Rachmaninoff eta Tchaikovsky-ren oihartzunak eta metamorfosia’ kontzertuarekin.

“Denboraldiko hirugarren kontzertu honek musika arte bizi gisa ikustera gonbidatzen du, etengabe eboluzionatzen ari den arte gisa, bere esentzia historikoari eusten diona eta, aldi berean, adierazpen-forma garaikide berrietara proiektatzen dena. Hau da, lengoaia musikalaren etengabeko eraldaketari buruzko hausnarketa eta oro har Kulturaren isla da, etorkizunera eta adierazpide berrietara begira aurrera eginez, baina nondik datorren ahaztu gabe”, ziurtatu du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.

Programari buruz Luis Orduña Bandako zuzendariak adierazi duenez, “Paul Hindemithen eta Johan de Meij konpositore egoiliarraren obren bidez hitz egiten dute tradizioak eta berrikuntzak. Programako hiru lanek musika-metamorfosiaren espiritu bera dute, inspirazioa hiru egile handiren obran aurkitu baitute: von Weber, Rachmaninoff eta Tchaikovsky”. Laburbilduz, “musikak bere burua berrasmatzeko duen gaitasuna ospatzen duen gaua izango da”, gaineratu du kontzertuaren zuzendariak.

Hiru pieza hauek interpretatuko dituzte:

  • ‘Symphonic Metamorphosis on Themes of Carl Maria von Weber’, Paul Hindemith (Bandak lehen aldiz eskainiko du).
  • ‘Elegy & Scherzo (Hommage à Sergei Rachmaninoff)’, Johan de Meij (Bandak lehen aldiz eskainiko du).
  • ‘Extreme Make-over’, Johan de Meij.

Bigarren melodiak, gainera, Álvaro Lozano izango du biolontxelo solista gisa. Musikari gazteak irabazi du Intercentros-Melómano Lehiaketaren azken edizioa, eta lehiaketa horren eta Gasteizko Udalaren artean duela gutxi sinatutako hitzarmenari esker joko du kontzertu honetan.

Biolontxelistaren hitzetan, asteazkeneko hitzordua “proiektu ilusionagarria da, lehen aldiz sonoritate eta testura musikal berriekin murgilduko bainaiz. Esperientzia paregabea da musikalki hazteko, Gasteizko Udal Musika Banda bezalako talde enblematiko batengandik ikasita”.

Álvaro Lozano, biolontxeloa

 Álvaro Lozano Cames (2006) bakarlari gisa aritu da, eta kritikaren eta publikoaren harrera handia izan du Málagako Orkestra Filarmonikoarekin, RTVErekin, Galiziako Real Filharmoníarekin eta Madrilgo Europako Gazte Orkestrarekin eskainitako emanaldietan (besteak beste). Era berean, Auditorio Nazionalean, Teatro Monumental antzokian, Manuel de Falla auditorioan eta abarretan jo du. Jaialdiei dagokienez, Segoviakoan, Cello Leónen eta Mantxako Nazioarteko Musika Jaialdian parte hartu du.

Egindako lanarekin lotuta, sari ugari jaso ditu lehiaketa garrantzitsuetan eta, horien artean, hauek nabarmendu behar dira: Dotzauer Competition, Popper Competition, Janigro Competition, Gustav Mahler Cello Competition eta Intercentros Melómano Grado Profesional. Nabarmentzekoa da, halaber, Enescu 2024 Lehiaketan parte hartu zuela eta lehen 12 sailkatuetako bat izan zela. Joan den abenduan, gainera, Pedro Bote eta Intercentros Melómano Superior lehiaketetan lehen saria lortu zuen.

Gaur egun, ikasketak Cuarteto Arriagako eta Trío Alma Mahlerreko kide izatearekin uztartu ditu. Gainera, Málaga Fundazioaren eta Musikakademie in Liechtensteinen bekak jaso ditu.

Informazio gehiago

Share

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies