Gasteizko herritarren parte-hartzea eta Kontseilu Soziala, Albaceten eredugarri
- ‘Albacete Hiriko Kontseilu Sozialaren Prestaketako eta Dinamizazioko I. Jardunaldiak’ egin dira gaur eta Miren Fernández de Landak eta José Luis Ochoak hartu dute bertan parte
Audio Miren Fernández de Landa
‘Albacete Hiriko Kontseilu Sozialaren Prestaketako eta Dinamizazioko I. Jardunaldiak’ egin dituzte gaur Albaceten eta Vitoria-Gasteiz eredugarri izan da bai herritarren parte-hartzeari dagokionez oro har, bai Kontseilu Sozialari dagokionez bereziki. Gasteizko ereduaren ezaugarriak Miren Fernández de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak eta José Luis Ochoa Kontseilu Sozialeko presidenteak azaldu dituzte.
“Gasteizko esperientziatik eta parte hartzen duten erakundeen lanetik abiatuta, proposamen baliagarriak eta Albaceten aplika daitezkeenak eraiki nahi ditugu, Kontseilu Sozialaren parte-hartzea eta eragina hobetzeko. Organo horrek bederatzi urte daramatza Gasteizen lanean, eta guretzat eredugarri da”, adierazi du Albaceteko Kontseilu Sozialeko presidente Francisco Pérez del Campok.
Jardunaldietako ‘Partaidetza eta Hiria’ izenburupean, Gasteizek urte hauetan guztietan izandako ikaskuntza eta ibilbidea azaldu ditu. Miren Fernández de Landak azpimarratu duenez, Gasteizko Udalaren ustez, herritarren parte-hartzea “gobernu ona izateko ezinbestekoa eta zeharkakoa den ardatza da”. Horregatik, “komunitateko sektore guztiak erabakiak hartzeko prozesuetan sartuta eta haien iritzia aintzat hartzen dela sentitzen direneko giroan kultura parte-hartzailea sustatzeak” duen garrantzia nabarmendu du. “Horrek esan nahi du parte-hartzea erraztuko duten prestakuntza eta baliabideak eskaini behar direla, elkarreragina eta ikaskuntza sustatuko duten jarduerak sustatu behar direla, eta isilarazita geratu izan direnak ere gehitu behar direla”. Horren adibide gisa, HEI Herritarren Eskola eta Herritarren Topaketak foroa aipatu ditu.
Gobernu Irekiaren zinegotziak nabarmendu du, halaber, Euskadiko hiriburua aitzindaria izan dela partaidetzan. Hain zuzen ere, hainbat baliabide jarri ditu partaidetzaren esku: elkarteen etxeak, auzo-elkarteentzako dirulaguntzak, partaidetza-prozesuak eta aholkularitza-zerbitzuak, besteak beste. “Herritar aktiboak eta kritikoak izateko, espazioak eta baliabideak erraztu behar dira”, adierazi du. Bestalde, azpimarratu du garrantzitsua dela parte hartzeko tresnak ematea, arautegietan ordenatuta eta jasota, une bakoitzeko udal-gobernuaren mende egon ez daitezen. “Egitura sendoak eta eskubideen bermatzaileak izan behar dute”, azpimarratu du.
Jardunaldietan azaldutako beste elementuetako bat ‘Gasteiz Hobetuz’ programa, herritarrek udal-aurrekontuaren zati bat zertarako erabiliko luketen erabakitzeko aukera ematen duen tresna, izan da. Aurrekontu horrek onarpen eta gogobetetze maila handiak ditu. Auzoguneek eta elkarguneek Kontseilu Sozialarekin lotuta betetzen duten zeregin garrantzitsuaz gain, Fernández de Landak adierazi du ez dela bakarka jarduten duen organo bat; izan ere, hori beharrean, Gasteizko herritarren partaidetzaren ereduaren barruan funtsezko elementua da. “Parte hartzeko eta erabakiak hartzeko organoa da, eta gizarte-erakundeek eta herritarrek ordezkaritza aktiboa dute bertan. Kontseilu Soziala parte-hartze antolatuaren, inklusiboaren eta udalerriaren garapenerako erabilgarriaren aldeko apustua da”.
Bestalde, Jose Luis Ochoak, Gasteizko Kontseilu Sozialeko presidenteak, bere osaera eta funtzionamendua zehaztu ditu. Gainera, azpimarratu du oso garrantzitsua dela organo horren lana udalerriaren garapenean eragina duten gai eta proiektu estrategikoei buruzko proposamenak aztertu eta formulatzeko orduan. Horietako batzuk dira udal-aurrekontuak edo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, adibidez.
Programak taldekako lan-saioak, gela tematikoak eta ondorioak partekatzeko osoko bilkura barne hartzen ditu. Gaurko topaketa Albaceteko Kontseilu Sozialeko kideei, Udaleko kontseilu sektorialei eta herritarren parte-hartzean interesa duten beste erakunde batzuei zuzenduta egon da.
