Noticias del País Vasco

Gasteizen egingo dute Arabako Komunitate Energetikoen Kongresua

 

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak, Eraldaketa Komunitarioko Bulegoen (EKB) bidez, Arabako Komunitate Energetikoen Kongresua antolatu du azaroaren 10ean eta 11n, Goiuri jauregian. Topaketa aitzindaria izango da, eta herritarrak trantsizio energetikoaren erdigunean kokatuko ditu.

“Bertako eremutik eraldaketa globalera” lelopean, Kongresuak adituak, erakundeetako ordezkariak eta gizarte-eragileak bilduko ditu, esperientziak partekatzeko eta komunitate energetikoen orainari eta etorkizunari buruz eztabaidatzeko. Bi jardunaldietan zehar, hainbat gai jorratuko dira, hala nola energia-komunitateek trantsizio energetikoan duten zeregina, irtenbide berritzaileak eta lurraldean arrakasta izan duten kasuak, bai eta eskura dagoen finantzaketa eta horrek gizartean duen eragina ere. Topaketari amaiera emateko, tailer parte-hartzailea egingo da, 2030era begirako ibilbide-orri partekatua zehazteko.

Kongresua publiko ugariri zuzenduta dago: herritarrak, komunitate energetikoak, sektoreko enpresa-elkarteak eta gremioak, industria, merkataritza, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, garapen-agentziak, erakunde publikoak eta gai horretan esku hartzen duten erakundeak, besteak beste.

Hitzaldi eta eztabaida-mahaiez gain, networkingerako eta lankidetzarako guneak eskainiko ditu Kongresuak, Arabako energia-komunitateen sarea indartzeko eta jardunbide egokien trukea errazteko.

Kongresura joateko sarrera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da. Parte hartu nahi dutenek formularioaren bidez eman beharko dute izena: https://forms.gle/dD5T1WmTF4co8Rmk9

Hitzordu horrekin, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak pertsonak erdigunean jarriko dituen, jasangarritasuna bultzatuko duen eta erresilientzia komunitarioa indartuko duen energia-ereduarekiko duten konpromisoa berretsi dute.

“Gasteizko Udalak energia-komunitateen alde egindako apustua PACES 2030en eta Europako misio klimatikoaren helburuen barruan kokatzen da. Horren helburua da hamarkada amaitu aurretik hirian neutraltasun klimatikoa lortzea. Lehen urte honetan Eraldaketa Komunitarioko Bulegoak egindako lanari esker, energia-komunitateen 15 ekimen berri sendotu dira (guztira, udalerrian, 36 izan dira). Ekimen horiei esker, instalatutako potentzia 950 kWp baino gehiagokoa da dagoeneko eta, aurreikuspenen arabera, 2026an zehar 2.174 kWp-ra iritsiko da gaur egun abian dauden proposamenak gauzatuz gero”, azaldu du Gasteizko Udaleko Hiri Ereduaren, Hirigintzaren eta Ingurumenaren zinegotziak, Borja Rodríguezek.

“Arabako Foru Aldundiak energia-kontsumo arduratsuko jardunbide egokiak sustatzen jarraituko du, eta Arabako EKBk sentsibilizazio- eta informazio-ekintzak bultzatzen ditu kuadrilletan. Gaur egun, hogei bat taldek dute interesa komunitate energetiko bat sortzeko edo dagoeneko horren inguruko lehen urratsak eman dituzte, eta EKBren aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzuak baliatzen ari dira iturri berriztagarrietatik datorren energia sortzeko proiektuak bultzatzeko. Ezinbestekoa da bidezko trantsizio energetiko eta ekologikoaren erronkari lagunduko dioten jarduerak garatzea, eta horretarako oinarriak ezartzen ari gara”, azpimarratu du Saray Zarate Ekonomiaren Garapen eta Jasangarritasuneko diputatuak.

 

 

Share

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies