Gasteizek Lakuako agorespace izeneko gunea berrituko du aire zabaleko kirol-instalazioak modernizatzeko
Beatriz Artolazabalen adierazpenak
Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak Lakuako agorespacea berrituko du. Eremu hori auzoko gazteek asko erabiltzen duten kirolgunea da, eta Iruñea, Baiona, Wellingtongo Dukea eta Lizarra kaleen arteko parkean dago.
Proiektuaren arabera, futbol-zelaiko soropil artifiziala ordeztuko da, ate berriak jarriko dira eta egurrezko elementuak konponduko dira, hala nola barandak, oholtzak eta inguruko eserlekuak. Jarduketak, gainera, zoladurak eta hiri-altzariak hobetzea jasotzen du, aire zabaleko kirol-instalazio hori erabat eguneratzeko.
200.000 euro inguruko inbertsioarekin eta bi hilabeteko gauzatze-epearekin, lanek aukera emango dute bizilagunen eskaerari erantzuteko eta herritarrei kirola egiteko eta komunitatean elkartzeko espazio berritu, seguru eta erakargarriagoa eskaintzeko.
Beatriz Artolazabalek, Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak, azpimarratu duenez, “Lakuako agorespacea erreferentziazko lekua da auzoko familientzat eta gazteentzat. Berritze-lan horren bidez, segurtasuna, erosotasuna eta estetika hobetuko ditugu, eta aire zabaleko topagune eta kirola egiteko toki gisa betetzen duen zeregina indartuko dugu”.
Era berean, zinegotziak nabarmendu duenez, “jarduketa horiekin aurrera egiten jarraituko dugu auzoko kirol-instalazioak modernizatzen, pertsona guztiek, bereziki haurrek eta nerabeek, kalitatezko guneez gozatu ahal izan dezaten haien etxeetatik gertu”.



