Gasteizek Erdi Aroko Hirigunea berdatzeko lehen proiektuari ekingo dio, Harategia – Santa Ana kantoiko ardatzean esku hartuz
- Europako LIFE Urban Klima 2050 programaren barruan, Erdi Aroko erdigunea naturalizatzeko IGIk koordinatutako planaren lehen jarduera lizitatu du Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak
Beatriz Artolazabalen adierazpenak (mp3)
Tokiko Gobernu Batzordeak, Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailaren bitartez, Harategia – Santa Ana kantoiko ardatzaren berdatze-proiektuaren kontratazio-espedientea onartu du. Erdi Aroko hirigunea birnaturalizatzeko eta natura hiriaren erdigune historikora hurbiltzeko planaren lehen jarduera izango da.
Esku-hartzea Eusko Jaurlaritzak koordinatu eta Europar Batasunak finantzatutako Europako LIFE IP Urban Klima 2050 programaren barruan kokatzen da. Proiektuak Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren (IGI), Alde Zaharreko hirigunea berdatzeko prozesu orokorraren sustatzailearen, laguntza jaso du. Plan horrek honako kantoi hauek ere jasotzen ditu: Santa Ana, Anorbin eta San Pedro. Era berean, Alde Zahar guztian erreplika daitekeen jardinera-eredu baten diseinua ere egingo du.
Erdi Aroko hirigunean egingo den mota horretako lehen jarduera da; proiektu pilotua da, eta etorkizunean erdigunean egingo diren hiri-berdatze lanetarako eredugarri bihurtuko da.
Jardueraren ardatzak Harategi kantoia, Euskal Herriaren Adiskideen Elkartearen kalea, Gasteiz kalea, Santa Ana kantoia, San Bizente Paulekoaren kalearen zati bat eta San Ildefonso kalea hartzen ditu.
Helburua da espazio horiek naturalizatzea eta edertzea, eremu atseginagoak, bizitzeko egokiagoak eta jasangarriagoak sortuz, ondare-ingurunean bizikidetza, atsedena eta eguneroko bizitza sustatzeko.
Proiektuak “kaikuak” kontzeptua sartzen du. Altzairuzko eta zurezko jardinera biribil handiak dira, eta landaredia, bankuak eta plataformak bateratuko dituzte, kantoietako maldetara egokituz. Pieza horiek mikrouharte berde gisa funtzionatuko dute, eta freskura, itzala eta biodibertsitatea eskainiko dituzte. Mantentze- eta ureztatze-behar txikiak dituzten landareak jarriko dira horietan.
“Erdi Aroko Hirigunea gune berdea, bizia eta erosoa izatea nahi dugu. Proiektu honekin, natura kaleetan txertatzeko lehen pausoa emango dugu, jasangarritasuna eta ondarea elkarrekin bizi daitezkeela erakutsiz”, adierazi du Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak.
Lanek 269.284 euroko aurrekontua eta 18 20 asteko gauzatze-epea dute.
Lanak datozen asteetan hasiko dira, eta landaketa lanak azaroa eta martxoa bitartean egingo dira, hori baita landare-espezieen sustraitzea bermatzeko garairik egokiena.
Ingurumen Gaietarako Ikastegia (IGI) Alde Zaharreko Hirigunea Berdatzeko Planaren sustatzaile eta koordinatzailea da. Plan horrek fase berriak aurreikusten ditu Anorbin eta San Pedro kantoietan, eta, gainera, ereduzko jardinera bat sortuko da, gero eredu hori Alde Zaharreko beste txoko batzuetara hedatzeko.
“Lehen esku-hartze horrek bidea markatuko du azpiegitura berdea erdigune historikorantz zabaltzen jarraitzeko, Gasteizek hiri berde eta jasangarri gisa duen izaera indartuz”, gaineratu du Artolazabalek.
 
				




