Gasteizek bero-sareetan duen esperientzia erakutsi du Madrilen

- Arabako hiriburuak 1.100 etxebizitza baino gehiagori eta Mendizorrotzako kirolguneko 4 eraikinei zerbitzua ematen dieten hiru zentral ditu
Borja Rodríguez zinegotziak bero-sareen erabilerarekin eta kudeaketarekin lotuta Vitoria-Gasteizek dituen eredua, ibilbidea eta esperientzia azaldu ditu Madrilen.
Hiri Ereduaren, Hirigintzaren, Etxebizitzaren eta Ingurumenaren udal-arduradunak Hiri Klimatizazioko Sareen kongresuaren lehen edizioan parte hartu du. Kongresua Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren egoitzan (Madrilen) egin dute. Rodriguez mahai-inguru batean izan da, Ávilako eta Aranda de Duero (Burgos) udalerriko alkateekin batera.
“Hondakin-beroak eta energia berriztagarriak erabiltzen dituzten sare termiko deskarbonizatuak oinarrizko palanka dira neutraltasuna lortzeko eta azkartzeko”, azaldu du Rodriguezek gaian adituak diren pertsonek osatutako auditorioaren aurrean eskaini duen hitzaldian.
Gasteizek, joan den mendeko 70eko hamarkadatik, Txagorritxun dagoen sare termiko pribatua du. Gas naturalarekin funtzionatzen du eta 770 etxebizitzari ematen die zerbitzua. Sare termiko publikoei dagokienez, “Udalak bero-sistema bat ezarri du Mendizorrotzako kirolguneko lau eraikinetarako (igerilekuak, pilotalekuak, kiroldegia eta gizarte-zentroa), 3 biomasa-galdaraz elikatuta. Guztira, 1MW termikoko potentzia dute”, zehaztu du Rodriguezek.
Lankidetza publiko-pribatuko sare termikoei dagokienez, SmartEn City proiektuari esker, Koroatze auzoak zentral bat du Aldabe gizarte-etxearen ondoan. Zentrala biomasa bidez elikatzen da eta ur bero sanitarioa eta berokuntza banatzeko aukera ematen du.
Gaur egun, 450 etxebizitza eta Koroatze auzoko parrokia zentralari lotuta daude, eta, kopuru horretatik 26 komunitatetako 302 etxebizitza energetikoki birgaitu ziren eraikinetan inguratzaile berriak jarrita.
“Gasteizek konpromiso aktiboa du klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta 2030erako Hiri Adimentsuen eta Klimatikoki Neutroak diren Hirien Europako Misioan sartuta dago. Gainera, Hiriko Akordio Klimatikoaren prozesu arrakastatsua aitortzen duen Misioaren Zigilua saria jaso zuen lehen 10 hirietako bat izan da”.