Gasteizek bat egin du Mastozitosiaren Nazioarteko Egunarekin

- Horrekin lotuta, morez argituko dute udaletxea.
Bihar astelehena, urriak 20, Mastozitosiaren eta Patologia Mastozitarioen Nazioarteko Eguna izango da eta Gasteizko Udalak egun horrekin bat egin du eta morez argiztatuko du udaletxeko fatxada.
Mastozitosia gaixotasun arraroen multzoa da. Izandapen horren barruan sartzen dira bi mila pertsonatik batek baino gutxiagok jasaten dituen gaitzak. Kasu honetan, askotariko sintomak direla eta diagnostiko zaila dute.
Mastozitoetatik dator izena. Hezur-muinak sortzen dituen immunitate-sistemako zelulak dira eta hortik abiatuta organismoko gainerako ehunetan barreiatzen dira. Kaltegarriak izan daitezkeen eragileetatik babesten gaituzte zelula horiek, besteak beste infekzioetatik, pozoietatik edo toxinetatik. Halaber, alergietan eta hanturetan eragina duten zelula nagusiak dira eta organismoaren defentsan ere jarduten dute. Mastozitosia gorputzeko hainbat lekutan mastozitoen kopurua ohi baino gehiago handitzean sortzen da.