Noticias del País Vasco

Gasteizek 700.000 euro inbertitu ditu hilerriak modernizatzen eta beste 751.000 euroko jarduketa berriak proiektatu ditu

  • Lehen aldiz, errausketek ohiko ehorzketak gainditu dituzte, eta hileta-esparruetan hobekuntza berriak bultzatzen dituen gizarte-aldaketaren isla da hori

Audio Beatriz Artolazabal

Vitoria-Gasteizko udal-hilerriak eraldatzen eta modernizatzen ari dira. Hala nabarmendu du gaur alkateorde eta Espazio Publikoaren zinegotzi Beatriz Artolazabalek udal-hilerrien kudeaketaren balantzearen aurkezpenean. Zerbitzu horrek “askotan oharkabean igaro arren, garrantzi sozial handia du” nabarmendu du.

“Hilerriak memoriarako, errespeturako eta elkarbizitzarako espazioak dira. Gehien maite ditugunak gogoratzera, laguntzera eta zaintzera joaten garen lekuak dira. Administrazio gisa, gure betebeharra da ahalik eta baldintza onenetan egotea beti: duinak, irisgarriak, seguruak eta ondo zaindutako guneak izatea, alegia”, azpimarratu du Artolazabalek.

2025eko balantzeak joera historikoa islatzen du: lehen aldiz, errausketak ohiko ehorzketak baino gehiago izan dira. Urtea hasi zenetik, ehorzketen % 50,7 errautsenak izan dira, eta % 49,3 gorpuenak.

“Alde txikia da, baina esanahi handikoa”, azaldu du zinegotziak. “Aldaketa kultural eta sozial sakonaren aurrean gaude. Lehen gutxiengoa zena gehiengoak erabiltzen duen aukera bihurtu da. Gero eta familia gehiagok aukeratzen dute errausketa, eta joera hori sendotu egin da Gasteizen ere”.

Azken urtean, 1.114 ehorzketa egin dira, eta zifra horrek azken urteetako egonkortasunari eutsi dio, batez beste hiru ehorzketa egin baitira egunean.

Legegintzaldi honetan, Udalak ia 700.000 euro bideratu ditu Santa Isabel eta El Salvadorreko hilerriak hobetzera eta modernizatzera. Lan horiek “hobekuntza nabarmena ekarri dute”, Artolazabalek nabarmendu duenez.

Esku-hartze nagusiak izan dira hauek, besteak beste:

  • 256 kolunbario berri eraikitzea. 216.000 euroko inbertsioa egin da horretarako, errausketen gorakadari erantzuteko.
  • El Salvadorreko hilerriko 244. etxadiko nitxoen birgaitze integrala, 336.000 eurotik gorako aurrekontuarekin.
  • Musulmanentzako lurzatia handitu egin da, eta bikoiztu egin da haren edukiera. Bestalde, jaioberrientzako eremu bat gehitu da, 61.000 euroko inbertsioarekin.
  • Horma-hobien eraikinetako estalkietan segurtasun-elementuak instalatu dira, 28.000 euro inguruko kostuarekin, mantentze-lanetako langileen segurtasuna bermatzeko.

“Jarduketa horiek lan-ildo argia finkatzen dute: espazio horiek kontserbatzea, birgaitzea eta duintzea. Hilerriak leku seguruak, irisgarriak, ondo mantenduak eta merezi duten errespetuaren araberakoak izatea nahi dugu”, adierazi du Espazio Publikoaren arduradunak.

Udala hurrengo jarduketak prestatzen ari da, epe ertain eta luzera begira. 2026an, El Salvadorreko hilerriko 234. eta 254. etxadiak zaharberrituko dituzte, 751.000 euroko inbertsio globalarekin. Obra horiek aukera emango dute nitxo zaharrak dituzten eraikinak birgaitzeko, haien egitura eta irisgarritasuna hobetzeko, zoladurak eta materialak berritzeko eta inguruko berdeguneak hobeto integratzeko.

“Jarduketa horiekin legealdi honetan hasitako inbertsioari jarraipena emango diogu, eta hiriko hilerri nagusiak datozen urteetarako baldintza ezin hobeetan jarraituko duela bermatuko dugu”, gaineratu du Artolazabalek.

 

Santa Isabel hilerriak % 99ko okupazioa du gaur egun; El Salvadorrek, berriz, % 91koa; nitxoen okupazioa % 94koa da, eta hilobiena % 96koa. Datu horiek direla eta, “aurreikuspenarekin planifikatu behar da, eta, horregatik, nitxo    ak handitzeko plana prestatzen ari gara, espazio nahikoa izateko, unitate berriak izateko eta datozen urteetarako zerbitzuaren jarraitutasuna bermatzeko. Gaur egun, nahikoa marjina dago, eta lehentasuna horma-hobi berriak eraikitzea eta kolunbarioen eskariaren bilakaeraren jarraipena egitea da”.

Artolazabalek hilerrietan lan egiten duten udal-langileen lana ere nabarmendu nahi izan du: “Haien lanak ehorzketak antolatzea, instalazioak mantentzea eta familiei zuzeneko arreta ematea konbinatzen ditu eta testuinguru horrek betiere errespetua, kontu handia eta lasaitasuna eskatzen ditu. Profesionaltasunari eta konpromisoari esker, Gasteizko hilerriak egoera onean daude, arreta hurbil eta errespetuzkoarekin”.

Azkenik, zinegotziak Udalak hiletekin lotutako kudeaketa tresna digital berrien bidez modernizatzeko egin duen apustua azpimarratu nahi izan du. Horietako bat da hilobiak aurkitzeko QR aplikazioa, orain gutxi abian jarritakoa. Bestalde, Udalak gune horiek zaintzeko duen konpromisoa nabarmendu du. “Hilerriak garai berrietara egokitzen ari gara, instalazioen kontserbazioa zaintzen eta etorkizuna arduraz planifikatzen. Gune horiek zaintzea gure hiriaren historia eta afektuak zaintzea ere bada”, amaitu du Artolazabalek.

 

Share

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies