Gasteizek 2,6 kilometro bizikleta sare berria izango du, auzoak lotuko dituzten eta mugikortasun jasangarria indartuko duten lau jarduketekin
- Esku-hartzeak Santsomendin, Ariznabarran eta San Martin, Gatzalbide eta Txagorritxuren arteko loturan egingo dira
- Inbertsio osoa 950.000 eurotik gorakoa da, eta lehendik dauden zatiak lotzeko aukera emango du, bizikleta-sare jarraitua eta segurua finkatzeko
Beatriz Artolazabalen adierazpenak (mp3)
Vitoria-Gasteizko Udalak bere bizikleta-sarea handituko du lau jarduketa berrirekin, eta bidegorri berrien 2,6 kilometro gehiago izango ditu hiriak. Proiektuak Santsomendin eta Ariznabarran egingo dira, San Martin, Gatzalbide eta Txagorritxu Ospitalearen arteko loturan. Ipar-mendebaldean dagoen gune estrategikoa da eta oraindik ere lotu gabeko tarteak zeuden bertan.
Esku-hartze horiei esker, auzoen arteko lotura hobetuko da, eta bizikleta-sare jarraitua eta segurua finkatuko da, hiri osoan zeharreko joan-etorri jasangarriak erraztuz.
Inbertsioa, guztira, 950.000 eurotik gorakoa da: 650.000 San Martin eta Gatzalbideko proiektuetara bideratuko dira, eta gainerako 300.000 euroak Santsomendin eta Ariznabarran aurreikusitako jardueretara. Jarduketa guztietan irizpide bera aplikatuko da: konektibitatea eta bide-segurtasuna indartzea. Semafororik gabeko bidegurutzeetan ikuspena hobetuko da, seinale horizontalak eguneratuko dira eta bidegorrietako garai bateko zatiak berriz margotuko dira, txirrindularientzat, oinezkoentzat eta gidarientzat zirkulazio seguruagoa bermatzeko.
Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak nabarmendu duenez, “jarduera horiek mugikortasun jasangarriagoa, seguruagoa eta herritar guztientzat irisgarriagoa lortzeko Udalaren konpromisoa indartzen dute”.
Auzoak lotzea eta bizikleta-sarea indartzea
Jarduera garrantzitsuena San Martin eta Gatzalbide arteko lotura izango da. Horri esker, bi auzoak lotuko dira eta Txagorritxu ospitalearen ingururaino iritsi ahal izango da. Bizikletentzako tarte berriek Adriano VI.a kalea, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Argentina, Txile, San Viator eta Ekuador kaleak zeharkatuko dituzte, Wellingtongo Dukearen biribilguneraino. Horri esker, lehendik zeuden hainbat bidegorri lotuko dira ibilbide jarraitua eratzeko.
Proiektu honen alderdi nabarmenetako bat da ez duela aparkaleku-plazarik galtzea eragingo. Izan ere, gal daitezkeen aparkalekuak zonaldean bertan beste batzuekin konpentsatuko dira, bi neurri hauei esker: Txile kaleko zati batean lineako aparkalekua zeharkako aparkaleku bihurtuko da, eta San Andres elizaren ondoan aparkaleku berria egokituko da.
San Martingo proiektua idatzita dago jada, eta Gatzalbidekoa, berriz, datozen asteetan osatuko da, urtea amaitu baino lehen kontratazio-prozesuarekin hasteko.
Bide-segurtasuna hobetzea Santsomendin eta Ariznabarran
Santsomendi auzoan, Udalak bidegorri berria eraikiko du. Bidegorriak Paula Montal kalea eta Oto hiribidea lotuko ditu eta, horri esker, Santsomendi eta Lakua-Arriaga arteko bizikleta-lotura osatuta geratuko da. Proiektuak, 71.800 euroko aurrekontuarekin, norabide bakarreko erreiak sortzea aurreikusten du bi noranzkoetan, eta ikuspena hobetzea joan-etorri gehien jasotzen dituzten bidegurutzeetan (Antonio Machado, Baiona edo Rafael Alberti, esaterako), asfaltoan pintura gorria jarriz.
Gainera, bizikletentzako aparkalekuak jarriko dira ikastetxeetatik gertu, eta 30 km/h-ko abiadura-muga izango duen partekatutako errei bat jarriko da. Horri esker, zirkulazioaren abiadura gutxituko da eta bizikleten, ibilgailuen eta oinezkoen arteko bizikidetza hobetuko da.
Ariznabarran, esku-hartze horri esker (224.600 euroko aurrekontua du), bidegorria sortuko da kontrako noranzkoan, eta galtzadaren espazioa berrantolatu ahal izango da. Horri esker, gaur egungo bi erreietako bat bizikleta-bide seguru eta bereizi bihurtuko da.
Jarduera nagusia Fontetxako Gazteluaren kalean egingo da. Bertan, Etxezaharrarekiko lotura eraikiko da, Ariznabarra Zabalganarekin eta hiriaren erdigunearekin lotu ahal izateko.
Seinaleztapen horizontala ere indartuko da, eta bidegurutzeak gorriz margotuko dira segurtasuna hobetzeko, bereziki Kexaako Gazteluan, Frai Francisco Vitorian edo Ramon y Cajalen.
Lau jarduera horiek 2021 – 2025 aldirako Mugikortasun Jasangarriaren eta Espazio Publikoaren Planaren barruan kokatzen dira. Plan horrek ezartzen du hiri osoan bizikleta-sare koherente eta jarraitua osatzeko ibilbide-orria.
“Guretzat erronka da hiria barrutik jostea, auzoak elkarren artean konektatzea, eta ez bakarrik erdigunearekin, bizikletaz mugitzea aukera benetan erabilgarria eta praktikoa izan dadin egunerokoan”, ondorioztatu du Artolazabalek.