Gasteizek 112.000 euro inguru inbertituko ditu bere Adimen Turistikoko Sisteman

- Sektorearen bilakaera ezagutzea ahalbidetuko du, baliabide publikoak optimizatu ahal izateko
Tokiko Gobernu Batzordeak Adimen Turistikoko Sistema (SIT) Vitoria-Gasteizen ezartzeko lanak SERIKAT enpresari esleitzea onartu du, 111.683 euroko zenbatekoarekin. Proiektua Europar Batasunak finantzatutako eta Espainiako Gobernuak kudeatutako Susperraldi, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean sartuta dago (Next Generation).
Adimen Turistikoko Sistema tresna digitala da, eta Arabako hiriburuko turismoaren datuak biltzeko eta aztertzeko aukera emango du. “Proiektuak 6 hilabeteko epea du gauzatzeko, eta turismo jasangarri, berritzaile eta hiri osoaren zerbitzura dagoena bultzatzeko gure gain hartutako konpromisoa indartuko du”, azpimarratu du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak.
Turismoaren bilakaera ezagutzea (bidaiariak, gaualdiak, ekitaldiak, mugikortasuna, enplegua…), baliabide publikoak hobeto planifikatzea, joera eta beharrei aurrea hartzea, eta herritarrekin eta sektoreko eragileekin informazio argia eta eskuragarria partekatzea ahalbidetuko du web-atari ireki eta gardenaren bidez.
Tresna horrek aldizkako txostenak sortu eta adimen artifizialean oinarritutako iragarpenak egingo ditu.
Kongresu-turismoa
Kongresuen turismoak ere protagonismoa izango du Adimen Turistikoaren Sisteman. Sistema horrek Kongresu eta Turismo Zerbitzuak kudeatzen dituen espazioetako (Europa Jauregia eta Goiuri) kongresu-jarduerari buruzko informazio garrantzitsuena aztertuko du, hala nola ekitaldien eta bertaratuen kopurua edo antolatzaileen gogobetetze-indizea, besteak beste.
Bestalde, Adimen Turistikoko Sistemak web-atari publiko bat izango du datuak argitaratzeko eta kontsultatzeko, eta prestakuntza eskainiko die udal-langileei tresna modu eraginkorrean eta jasangarrian erabil dezaten.