Noticias del País Vasco

Gasteiz eremu tentsionatu izendaturik, 3.000 etxebizitza eraiki ahal izango dira

  • Neurri horren bidez, politika publikoak aplikatu ahal izango dira Arabako hiriburuko eskaintza handitzeko, datozen hiru urteetan 2.975 etxebizitza babestu inguru eraikita —horietatik 1.592 (% 53) Eusko Jaurlaritzak eraikiko ditu— eta alokairuaren prezioak kontrolatuta, besteak beste
  • Herritarrek eskatzen digute etxebizitza publiko gehiago eta hobea eraikitzeko, merkatua arautzeko eta laguntza gehiago eta hobeak emateko etxebizitza eskuratzeko aukera bermatzearren“, adierazi du Maider Etxebarriak

 

Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) gaur argitaratu da Gasteiz bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatzen duen ebazpena. Urrats honek osatu egiten du prozedura, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzearekin batera hasi zena joan den irailaren 29an, eta abian jartzen ditu, bihartik hasita, Etxebizitzaren Estatuko Legean aurreikusitako neurriak.

Maider Etxebarria Gasteizko alkateak azaldu duenez, “Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuta, datozen hiru urteetarako etxebizitza-merkatu tentsionatutako eremu gisa kalifikatzeko ezarritako baldintza guztiak betetzen ditu Gasteizek. Neurri horri esker, gaineratu duenez, posible izango da politika publiko sorta bat aplikatzea, merkatuaren disfuntzioak zuzentzeko eta etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko”.

Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak gaur Gasteizko Udaleko Prentsa Aretoan egindako ekitaldian azpimarratu du oso garrantzitsua dela egiturazko neurriak hartzea Euskadiko etxebizitza-merkatua orekatu ahal izateko. Azaldu duenez, “eskaintzaren eta eskariaren arteko desoreka hori —bai erosketan, bai alokairuan—lurzoruak mobilizatzeko eta etxebizitza gehiago eraikitzeko gai bagara baino ez da aldatuko”. Hala ere, onartu du helburu horrek denbora eta planifikazioa behar dituela, eta gaineratu du Eusko Jaurlaritzak bien bitartean alokairuaren merkatuari egonkortasuna emango dioten jarduketak bultzatzen jarraituko duela.

Vitoria-Gasteizen ekintza-plana

EAEko hiriburua tentsionatutako eremuaren izendapenak hiru urte iraungo ditu, eta bost ardatzetan egituratutako etxebizitza-arloko talka-plana aplikatzeko aukera emango du. Lehenengoa babestutako etxebizitzak eraikitzea izango da; guztira, 2.975 etxebizitza berri eraikiko dira, horietatik 1.592 (% 53) alokairu babestukoak izango dira, eta Eusko Jaurlaritzak eraikiko ditu. Horien artean, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak Zabalganan, Salburuan, Ibaiondon eta Abetxukon sustatuko dituzten ekimen publikoko 950 etxebizitza daude (hitzarmena osatze-prozesuan dago), eta gainerako 642 Arkaiaten eta Larreinen, bi erakundeek joan den urteko otsailean sinatu zuten 960 etxebizitzako hitzarmenaren ondorioz (318 amaituta daude eta maizterrei entregatu zaizkie). Horiekin batera ekimen pribatuak sustatutako etxebizitza sozial eta tasatuak sustatzeko 1.383 etxebizitza egingo dira.

Era berean, Arabako hiriburuan etxebizitza eskuratzeko gero eta zailtasun gehiago daudela eta, ausardiaz jokatu behar dela aldarrikatu du Etxebarriak. Hitzaldian, alkateak gogorarazi du gizarteak erantzun eta politika eraginkorrak eskatzen dituela. “Herritarrek eskatzen digutena da ekin dezagula: eskatzen dute etxebizitzaren merkatuak arrazoiaren legearen arabera, justizia sozialaren arabera funtziona dezala, eta ez oihanaren legearen arabera; eskatzen dute putre-funtsek beren nahierara egin eta desegin dezaten saihestea”, adierazi du. Zentzu horretan, instituzioen konpromisoak argia eta asmo handikoa izan behar duela esan du, gizartearen eskaera horri erantzuteko. “Eskatzen diguna da etxebizitza-parke publikoa blindatzea, etxebizitza publiko gehiago eta hobea eraikitzea; ekitea eta merkatua arautzea; eta sarbidea bermatzeko laguntza gehiago eta hobeak ematea”, adierazi du.

Bigarren ardatza alokairuen prezioa mugatzea izango da. Udalerriko biztanleen % 97,92ri eragingo die izendapen horrek, Abetxuko, Aretxabaleta, Armentia, Betoño, Ali eta Gardelegiko toki-erakundeak barne. Neurri horren bidez, Etxebizitzaren Legean aurreikusitako mugak aplikatu ahal izango dira. Gaur egun, alokairuaren prezioa mugatzea guztiz eraginkorra da kontratuen % 90en kasuan, eta gainerako % 10en kasuan —edukitzaile handiak, lehen aldiz alokatzen diren etxebizitzak edo azken bost urteetan alokatu ez direnak— EUSTAT garatzen ari den erreferentzia-indize espezifikoari lotuko dira.

Planaren hirugarren ardatza hiri-birgaitzean eta -berroneratzean oinarrituko da, etxebizitzen eta bizitegi-eraikinen energia-efizientzia, irisgarritasuna eta bizigarritasuna hobetzera bideratutako dirulaguntzak mantenduta eta indartuta. Adibide aipagarri bat Zaramagako hiri-berroneratzeko jarduketa da. 22 ataritan banatutako 322 etxebizitza barne hartzen ditu, eta 31,5 milioi euroko inbertsioa egin da guztira, autonomia-erkidegoetako eta udaletako funtsetatik, eta horri auzo-erkidegoaren ekarpena gehitu behar zaio, 2,9 milioi euro ingurukoa.

Laugarren ardatzak etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurri fiskalak jasoko ditu. Diagnostikoaren arabera, Gasteizen 2.262 etxebizitza daude hutsik, parke osoaren % 1,9. Horietatik, aurreikuspenen arabera, % 54,8 (1.000 eta 1.200 artean) jenderik gabeko etxebizitzak mobilizatzeko programen bidez kudea daitezke (Bizigune eta ASAP), ez baitaude alokairu- edo erosketa-merkatuan eskaintzan. Gogora ekarri behar da Udalak OHZren % 50eko errekargua ere aplikatzen diela higiezin horiei, eta neurri hori osatu ahal izango dela arrazoizko alokairuaren merkatuan sartzea sustatzeko zerga-formula berrien bidez. Era berean, Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeari, birgaitze energetikoari edo oztopo arkitektonikoak kentzeari lotutako jardueretan EIOZen indarrean dauden hobariak mantenduko dira, 2024ko otsailean sinatutako hitzarmenean jasota geratu zen bezala; kuotaren hobaria % 95ean kokatu zen.

Bosgarren eta azken ardatzak bizitegi-irtenbide berriak bultzatuko ditu, etxebizitza-premia espezifikoei erantzuteko. Esparru horretan beheko solairuan lokalak bizitegi-erabilerarako gaituko dira, eta gazteei, adinekoei eta kolektibo zaurgarriei aldi baterako ostatua emateko formulak garatuko dira, hiriko etxebizitza-eskaera errealaren aurrean erantzun publikoa handitzeko.

Hiru hiriburuek

BOEn eguneratuta, Astigarraga eta Usurbil tentsionatutako eremuen estatuko zerrendan sartu dira. Hala, EAEko hiru hiriburuek —Bilbok, Gasteizek eta Donostiak— dagozkien hiru urteko ekintza-planetan aurkeztutako neurriak aplikatzen ari dira dagoeneko, etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzeko eta etxebizitzen merkatuaren presioa geldiarazteko. Gainera, Eusko Jaurlaritzak iragarri du potentzialki tentsionatuta dauden hogeita hamar bat udalerri daudela, eta horien espedienteak ebaluazio-fasean daudela.

Lau udalerri berri horiek gehituta, Euskadiko biztanleen % 47,7 tentsionatutako eremuetan bizi da. Ehuneko hori % 50etik gorakoa izango da datozen hilabeteetan, Lezo, Zestoa, Arrasate, Tolosa eta Hernani batzen direnean (azken horien izapide administratiboak abian dira).

Erabaki horren bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du euskal herritar guztiek etxebizitza duin eta eskuragarria izateko aukera bermatzeko konpromisoa, eta, horretarako, udalekiko eta aldundiekiko lankidetza indartu eta neurri zehatzak aktibatu ditu, Euskadiko etxebizitza-merkatuaren tentsioei aurre egiteko.


 

*Gogorarazteko, Eusko Jaurlaritzak herritarren eskura jarri du Eremu Tentsionatuen webgune ofiziala (eremutentsionatua.euskadi.eus/hasiera/). Webgune horretan, alokairuen prezioen simulagailu bat kontsulta daiteke, eta, horren bidez, maizterrek egiazta dezakete ea ordaintzen dituzten errentak bat datozen Etxebizitza Legeak ezarritako mugekin. Halaber, errentatzaileek ere tresna hori erabil dezakete etxebizitzaren ezaugarrien arabera aplikatu beharreko prezio-tartearen barruan orientatzeko. Horrez gain, webguneak ohiko galderen atal bat ere badu, araudia aplikatzeari buruzko zalantza nagusiak argitzeko.

Share

Publicaciones relacionadas

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

Botón volver arriba

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies